Jabi Asurmendi: "Funtzionatzeko eskema erabat aldatu dugu Udalbiltzan"

2022/04/28

2022. urteaz geroztik ezarri diren Udalbiltzaren helburu eta lan egiteko modu berriak ezagutzeko asmoz, bertako lehendakari Jabi Asurmendirekin hitz egin dugu.

Card image cap

Apirilaren 1ean egindako urteko lehen Kontseilu Nagusian Kudeaketa Plana onartu zenuten. Kudeaketa plan hori aldaketa nabarmenekin dator aurrekoekin alderatuta; zeintzuk dira aldaketa nagusi horiek?

Funtzionatzeko eskema erabat aldatu dugu: neurri handi batean, Udalgintza Eraldatzailean eta Burujabetzetan jarriko dugu fokua. Era honetan, proiektu nazionalak garatu nahi ditugu udalekin eskuz esku lan eginez. Orain arte Udalbiltzak hainbat proiekturen bitartez garatu ditu bere helburuak. Hemendik aurrera, eskema berri baten bitartez eta jarduera lerro orokorrago batzuen bitartez funtzionatuko dugu.

Zeintzuk dira jarduera orokor horiek?

Batetik, ahal dugun neurrian, aholkularitza tekniko-politikoaren bitartez gure udalei eta hautetsiei lagundu nahi diegu euren Burujabetza eta Udalgintza Eraldatzaile proiektuak aurrera eramaten. Xede hau lortzeko, kanpoko inteligentzia ezberdinekin aditu sare bat josten ari gara, gure teknikariekin batera eskuz esku lan egingo dutenak.

Honekin lotuta, Udalgintza Eraldatzaile eta Burujabetza proiektuak ikuskatzen eta behatzen jarraituko dugu, bai Euskal Herri mailan eta bai nazioartean. Horrek ahalbidetuko digu bai Euskal Herriko esperientzia eredugarri batzuk beste udal batzuetan errepikatzen, baita nazioarteko esperientzia batzuk ere, transportagarriak izan ezkero, hona ekartzen ere. Horrez gain, nazioarteko sareetan Euskal Herriko esperientziak ere kokatzeko helburua dugu, Euskal Herria ere eredugarri bilakatuz.

Bestetik, proiektu inkubagailua ere badugu. Jarduera honen bitartez, Udalbiltzatik proiektu eraldatzaileak edota maila nazionaleko proiektuak sustatuko ditugu. Behin proiektu horiek gauzatzea lortuz gero, ez lirateke Udalbiltzaren proiektuak izango bere horretan, euren bizitza eta ibilbide propioa izango lukete.

Azkenik, Norgintza proiektuak garatzen jarraituko dugu, gure identitatea eta horren baloreak lehen lerroan jarriko dituzten ekimenak, alegia. Adibide batzuk aipatzeagatik, hor daude Lurgida edo Geuretik Sortuak bezalako proiektuak.

Lan ildo edo gai batzuk zehaztu dituzue zuen eskema berri hori inplementatzeko. Zeintzuk dira lan ildo horiek?

Bai, 14 lan ildo ezberdin zehaztu ditugu: Ekonomia lokala eta Ekonomia soziala, Energia burujabetza eta deskarbonizazioa, Teknologia burujabetza, Elikadura burujabetza eta tokiko elikadura, Artea eta kultura, Kultur eta jatorri aniztasuna, Euskara, Hezkuntza, Memoria historikoa eta bizikidetza, Zaintza, Natur baliabideak, Hiri hondakinak, Etxebizitza eta hirigintza, Aberastasunaren birbanaketa.

Hauez gain, hiru lan ildo transbertsal ere finkatu ditugu: Feminismoa, Parte hartzea eta gobernantza komunitarioa, eta Udal antolamendua.

Eguneroko funtzionamenduan zein eragin dute aldaketa hauek?

Laburbilduz, eguneroko funtzionamendua aldatuko duen elementu nagusia, proiektuen bitartez funtzionatzetik lan ildoekin funtzionatzera pasatzea izango da.

Hasteko, gure udal teknikariek harreman estuagoa edukiko dute partzuergokideak diren udalekin; horrela, gure udal bakoitzaren egitasmoak ezagutu nahi ditugu, horiek aurrera eramaten lagundu ahal izateko. Bestetik, udal teknikari bakoitzak, eremu administratibo batez arduratzeaz gain, lan ildo batzuk ere edukiko ditu bere kargu. Horren helburua ez da lan ildo horietan adituak izatea, horretarako kanpoko inteligentzien sarea josten ari baikara; baina bai menperatu behar dituzte dagozkien lan ildoen inguruko egunerokotasuna, adituak, eragileak, dauden proiektuak eta orokorrean lantzen dena. Antzeko zerbait gertatzen da maila politikoan: Batzorde Eragileko kideek ez dituzte proiektu zehatzak edukiko beren ardurapean, lan ildoak baizik. Beste era batean esanda, lan ildo bakoitzak edukiko du arduradun tekniko bat eta arduradun politiko bat.

Horrez gain, lan ildo ezberdinen batzordeak antolatuko dira urte bakoitzean, lan ildo horren inguruko lanketak edo proiektuak komentatzeko, Partzuergoari proposamenak egiteko, etab. Batzorde hauetan, jorratzen den lan ildo zehatzaren arloko adituek, eragileek eta interesa duten hautetsiek parte hartuko dute.

Norgintza proiektu batzuen kasuan, suerta liteke teknikari espezializatua behar dutela, esate baterako, Geuretik Sortuak proiektuaren kasuan, kultura teknikaria batu da talde teknikora.

Aldaketa hauek jada ezartzen hasi dira, edo noiztik aurrera egingo dira ikusgarri?

Urrats batzuk eman ditugu dagoeneko. Adibidez, adituen sarea eratzen hasiak gara, eta inkubagailutik sortutako lehen proiektua datozen asteetan aurkeztuko dugu publikoki. Halaber, udal batzuekin Burujabetza eta Udalgintza Eraldatzailearen inguruko aholkularitza ematen hasi gara dagoeneko. Dena den, urte honetan zehar jarraituko dugu plan berri hau ezartzen.