Jabi Asurmendi: "Ekipo teknikoa motorra bada, partzuergokideak dira gure erregaia"

2023/05/29

Aro aldaketak datozenean, atzera begiratu eta egindako lorpen guztien laburbilketa egiteko unea ere iritsi ohi da. Hauxe dugu unea Udalbiltzan: hauteskundeen ostetik, zuzendaritza aldaketa etorriko da. Egoera baliatuz, lau urtez Partzuergoko Zuzendari eta Lehendakari lanetan aritu den Jabi Asurmendirekin egon gara solasean, aro honetan egindakoaren ikuspegi zabala izateko.

Card image cap

Lau urte pasa dira kargua hartu zenuenetik. Zer nolako Udalbiltza topatu zenuen sartu zinenean, eta nolako Udalbiltza utziko duzu?

Udalbiltzan lehendakari bezala 2019an izendatua izan nintzen arren, 2017an sartu nintzen Batzorde Eragilean, beraz, banuen lotura eta ezagutza bat aurretik egindako proiektu eta lanarekiko. Urte horietan jada aktibo zeuden Ikerbiltza edota Eh Marka bezalako hainbat proiektu. Honez gain, Herrialde Katalanetako AMI udal elkartearekin harremana genuen eta, horren ondorioz, nazioarteko ikuskari bezala izan ginen Udalbiltzako hamarnaka hautetsi 2017ko urriaren 1ean egindako erreferendumean. Garai horretan, gainera, azken urteotan gauzatu diren beste hainbat proiektu abiatu ziren.

Hala ere, denboraldi horretatik zerbait nabarmendu behar bada da, “Udalbiltzan Bagabiltza” gogoeta prozesua izango litzateke. Honen bitartez, etorkizuneko Udalbiltzaren ezaugarriak eta funtzioak zehazteko, Euskal Herriko eskualde bakoitzeko hautetsiekin zein herritarrekin lanketa mardula eta aparteko lan saioak gauzatu ziren. 2017ko amaieran amaitu zen prozesu hartatik hainbat gogoeta eta ondorio atera ziren. Hala, 2019ko azaroan izendatutako zuzendaritza berriaren ardura garbia zen: ondorio eta gogoeta horietan oinarrituta, Udalbiltzaren ibilbidea birdefinitzea eta erakundea berrantolatzea, “Udalbiltzan Bagabiltza”-k marraztutako ortzi-muga berriari begira.

Horrenbestez, horretan jardun dugu lau urte hauetan: Udalbiltzaren barne funtzionamendu zein prozedura berriak definitzen, lan ildo argiak zehazten eta paraleloki eraldaketa eta proiektu berriak garatzen.

Horren emaitza gisa, 17 lan ildo zehaztu ditugu. Era berean, gure funtzionamenduaren eskema berritu dugu eta bi zango nagusi zehaztu dira: Norgintza eta Burujabetzak. Norgintzaren barruan, maila nazionalean garatzen diren proiektu estrategikoak daude, Geuretik Sortuak edota Lurgida kasu. Burujabetzak zangoaren barruan, ordea, udalentzako aholkularitza tekniko-politikoa, esperientzia behategia eta proiektu eraldatzaile eta estrategikoen inkubagailua daude.

Eskema hori ezartzeko, lan egiteko era ere erabat aldatu behar izan dugu. Hasteko, lan ildo bakoitzeko arduradun tekniko bat eta arduradun politiko bat zehaztu genituen eta, ondoren, Udalbiltzatik kanpoko inteligentziekin sare bat eta lankidetza hitzarmenak josten hasi ginen. Era honetan, eraldatzaileak eta espezifikoak diren proiektuak garatu ahal izango genituzke lan ildo zehatzetan adituak diren eragile edota pertsonekin. Horretaz gainera, lan ildoka antolatutako lantalde espezifikoak sortu ziren, lehen zeuden proiektu transbertsaletako lantaldeen ordez.

Zu sartu eta berehala egindako lehen gauzetako bat, Udalbiltzaren irudia berritzea izan zen. Zerk eraman zintuzten horretara eta zer moduz joan zen berrikuntza prozesua?

Irudia 2019an aldatu zen, izan ere, aurreko Batzorde Eragilearekin hasi zen irudi aldaketaren lanketa, nahiz eta 2019an aurkeztu. 2019. urtea irudia aldatzeko hautatu izanak badu bere arrazoia: izan ere, urte horretan 20 urte beteko zituen Udalbiltzak, eta hori ospatzeko eta ibilbide berri bat hasiko zela irudikatzeko bitartekoa izan zen irudi berritze hori.

Jo dezagun lau urte hauetan garatutako proiektu eta eginkizunetara. Aro honen amaieraren talaiatik, lortu al da ekimen horietan markatutako helburuak betetzea?

Ni oso pozik noa lan taldean urte hauetan egindako lanarekin; arestian esan bezala, eskema eta funtzionamendu berrira egokitzeaz gain, hainbat proiektu eta eginkizun joan baikara garatzen.

Lehenengo urteetan, Hauspotu programaren bitartez, desorekari aurre egiteko Euskal Herriko hainbat eskualdetan ekonomia sozial eta eraldatzailearen bitartez tokiko egitasmoak sortzen ahalegindu ginen, eta emaitza politak lortu ziren. Ikerbiltzan, Unibertsitateko hainbat irakasleren eta ikasleen laguntzarekin, udal ezberdinetarako baliagarriak izan daitezkeen lanketa eta ikerketak gauzatu ziren, baita Aztikerrek garatutako bi ikerketa orokor ere. Lurgidak ere lehenengo urte hauetan ikusi zuen argia eta Euskal Herriko zein kanpoko bisitariei Euskal Herriko gida turistiko bat eskaini genien, euskaraz, frantsesez, gazteleraz eta ingelesez, webgune formatuan zein app moduan eta turismo eredu jasangarri batean oinarrituta, ekoizleekin lotuta eta EH Furgo blogaren laguntzarekin kudeatzen den Agenda bat ere daukana.

Azkenengo urteetan, ordea, jada eskema berriarekin aritu gara lanean eta hor jaio zen EH Kom gure Inkubagailutik, udalerrietan sare ireki, neutro, libre eta publiko-komunitarioak hedatzeko eta garatzeko. Halaber, une honetan proiektu berriak ere badaude inkubagailuan. Aurretik zetorren esperientzien bankua, Hartu-Eman, zehaztutako lan ildoetara egokitu da eta esperientzia berriekin elikatzen jarraitu da. Honez gain, atzerriko sare eta esperientziekin ere saretu gara. Bestetik, abian jarri dugu burujabetza eta udalgintza egitasmo eraldatzaileen kasuan gure udalei eta hautetsiei aholkularitza tekniko-politikoa eskaintzeko bulegoa. Energiaren arloan, energia mintegi bat antolatu eta energia gida bat ere argitaratu dugu.

Eta urte hauetan Geuretik Sortuak kultura proiektua ere sortu dugu, lehenengo edizioa gauzatzea lortu da eta bigarren edizioa martxan dago jada. Euskarazko kultura, sormena, hedapena eta kohesioa sustatzen duen proiektu honek Udalbiltzaren ohiko aurrekontua bikoiztu du azken urteetan; ahalegin handia egin da, beraz, finantzazioa lortu ahal izateko. Ez naiz inoiz nekatuko ideia zoro honetan sinistu zuten eta parte hartu zuten herriei eskerrak emateaz, baita, nola ez, parte hartu duten sortzaile guztiei ere.

Esan dezaket oso harro nagoela egindako guztiaz eta urte hauetan lortu dugunaz, eta maila pertsonalean ere irakaspen handiak eman dizkit lan honek.

Laur urte hauetan ezinbestekoa izan da hilero bildu den Batzorde Eragilearen lana. Nola deskribatuko zenuke Batzorde honen bilakaera?

Bai, urte hauetan Kontseilu Nagusia, Batzorde Eragilea eta talde teknikoa, Udalbiltzako langileak alegia, ondoan edukitzea ezinbestekoa izan da. Erabaki zailak hartu edo ibilbide aldaketak egin behar direnean, funtsezkoa da Kontseilu Nagusiaren eta Batzorde Eragilearen zein Udalbiltzako langileen babesa. Horretaz aparte, lau urte hauetan lan ederra egin du Batzorde Eragileak eta zer esanik ez talde teknikoak, haiei esker ateratzen da arestian aipatutako lan guztia, haiek dira Udalbiltzaren motorra.

Partzuergokide diren 77 udalerrien eta Udalbiltzara atxikita dauden 1000tik gora hautetsien konpromezua ere aipatzekoa da, ezta?

Jakina. Partzuegokideak diren udal horien eta Udalbiltzarekin hitzarmenak dituzten horien konpromisoari esker ere ateratzen da Udalbiltza aurrera. Ekipo teknikoa motorra bada, partzuergokideak dira gure erregaia eta izateko arrazoia. Era berean, aukera hau baliatu nahi dut babesa eman diguten eta atxikitu diren 1000tik gorako hautetsiei ere eskerrak emateko. Atxikimendu horiek ezinbestekoak dira saretzeko, lan taldeak osatzeko eta Udalbiltzan egiten dugun guztia zabaltzeko.