Itziar Amezaga: “Herrigintzan egingo dogun lan guztiak merezi dauela ulertarazi behar dogu”

2020/12/15

Errigoitiko hautetsia eta Udalbiltzako Batzorde Eragileko kidea elkarrizketatu dugu oraingoan. Udalbiltzan sartzeko eta bertan lan egiteko arrazoiei, partzuergoak egun dituen erronka handienei eta Geuretik Sortuak proiektuari buruz mintzatu da Amezaga.

Card image cap

1. Zein egoera eta motibaziok bultza zintuen Udalbiltzan sartzera?

Kar, kar, kar. Ez dot egia ezkutatuko. Kide batek dei egin eustan, konpromezua beteko dauenaren perfila aurreikusi eban niregan, edo. Deia jasota, betiko zalantzak, Udalbiltza bezalako egitasmoek eskatzen daben maila emoteko gaitasuna ete daukadan, harrokeria lartsu ez ete dan izango... Gaur egun Errigoitiko EH Bilduren hautetsia naz, eta urteetan ezker abertzaleko partaidea eta hautetsia ere izan naz... Gogoan dekodaz Udalbiltzaren hastapenak. Sasoi korapilatsu bezain itxaropentsuak, sukaldeko lanak, Euskalduna aretoa, Tolosako Leidor, Ezker Abertzalearen Euskal Herriko Ganbararen egitasmoa, Lizarra-Garazi. Zurrunbilo gorabeheratsua. Oso egitasmo indartsuak eduki genduzan eskuartean, baina, horregatik, zangotraba asko eduki genduzan, eta horiek guztiak kudeatzea ez zan erreza izan. Aurreikusi gendun modura ez zan atera. Barriro beherakaldia, errepresioa. Sarritan saiatu gara berreraikitzen, orduan izan ginen kideak berreskuratzen, baina talde politikoen elkarren arteko konfidantza galdu gendun, inoiz izan bada.

Udalbiltza oso tresna eraginkorra da Euskal Herriaren eraikuntzan. Hiru administraziok ezartzen dabezen mugak gainditu egiten dauz, eta sakonean, bere helbururik handiena harreman funtzional eta eraikitzaileak sortzea da, ekonomia sozial eraldatzailea sustatzea eta kulturgintza herritarra. Hori dana, zelan ez, euskaraz, ez dago beste modurik.

2. Batzorde Eragileko kide zarenetik, zeintzuk izan dira Udalbiltzaren erronka edo gidalerro nagusiak zuretzat?

Udalbiltza berrasmatzen dabil etengabe. Egia esan, golpe handiak jaso dauz, Espainiako estatutik erakunde modura jazarpena, lapurretak, eta hautetsiek kartzela. Frantziako estatuak, gaur egun ere, ez dau bidea errazten hautetsi eta Herriko Etxeei hainbat oztopo administratibo ezarrita. Euskal Herriko herrien arteko lankidetza funtzionala eta eraikitzailea bultzatu gure dogu, egitasmoak konpartitu, elkarren barri izan eta zubiak eraiki. Horrek danak izango dira bai tresnak eta bai baliabideak gure euskal izaera eta izateko bideak eraikitzeko. Gure dogulako, holan sentitzen dogulako, komeni jakulako eta behar dogulako. Ibilbide guzti horiek barnebildu behar dauz gure ekinbideak.

3. Mundu guztiarentzat bezala, Euskal Herriko udalerrientzat ere urte zaila izan da honakoa. Uste duzu horrelako egoeretan herrien arteko lankidetza gakoa dela krisietatik irteteko? Zertan lagundu du Udalbiltza bezalako entitate batek horrelako arazoen aurrean?

Udalbiltza Euskal Herriko herrien partzuergoa da, eta elkarren lankidetza dauka oinarri. Nik neuk, Udalbiltzaz pentsatzen dodanean, gehiago irudikatzen dot zer eskeini ahal deutson Errigoitik edo nik neuk, zer hartu ahal dogun baino. Dena den, badekogu zegaz probestu. Badira zazpi egitasmo, denak oso mamitsuak eta guztietatik zer emon eta zer hartu.

4. Oraintsu kultur proiektu berria aurkeztu du Udalbiltzak, Geuretik Sortuak. Zein modutan lagun dezake kultur proiektu honek euskal kulturaren normalizazio eta garapenean?

Geuretik sortuak, zein berezi! Esan behar dot proiektuaren barri euki nebanean, oso ausarta eta barritzailea eritzi neutsola eta hein batean, horregaitik ere, uztargaitza. Baina, neure harridurarako, oso onarpen zabala eukitzen dabil, hainbat herri administrazioko kidek beso zabalik hartu dabe. Bidea polita izango da. Ernaldia, jaiotza eta erakustaldiaren parte izan, sortzaileekaz batera!

5. Etorkizunera begira, oraindik heldu ez zaizkion zein beste erronka ikusten dizkiozu Udalbiltzari? Zertarako izan daiteke gakoa Udalbiltza etorkizunean?

Aipatuko dodan erronka ez da barria, inondik inora: Euskal Herriko hautetsi guztiei Udalbiltzaren baliagarritasuna ikustaraztea. Gure herri-zulotik urten eta apustua handira jo behar dugu. Badekogu zer eraikia eta zer elkarbanatua, eta alkarregaz bidea laburragoa izango da, seguru! Euskal Herriko lurralde batzuetan berrantolatzea zaila izaten ari da. Udalbiltza aukera ona dela erakusten asmatu behar dogu eta herrigintzan egingo dogun lan guztiak merezi izango dauela ulertarazi.