Iparra eta hegoa bat eginik Seguran

2019/04/02

Urtero legez, Iparra Hegoa elkarteak antolaturik lau egunez Euskal Herriaren kohesioaren aldeko besta giroan murgildu da Segura (Gipuzkoa).

Card image cap

Aurtengo Iparra-Hegoa egitasmoak euskara izan du ardatz, eta Seaska izan da gonbidatu nagusia. Harremanak euskaraz sortzea helburu, eta Euskal Herria josten euskaraz lelopean, Martxoaren 28an ekin zioten egitasmoaren aste nagusiari.

Igandean Segura eta Urruñako hautetsien arteko ekitaldi ofiziala egin zen, eta bertan Udalbiltza Partzuergoko ordezkariek, Euskal Herri mailako hautetsi eta udalen bilgune bakarra den heinean, babes osoa adierazi zioten Iparra Hegoa ekimenari, baita Segura eta Urruñako hautetsiek hartutako konpromisuei ere. Urtero Segurako Udaletxean gauzatzen zen ekitaldi instituzionala, herriari irekitzea izan da aurtengo berritasuna; eta horrez gain, adierazpenetatik harago, bi konpromezu nagusi hartu zituzten bi herrietako ordezkari instituzionalek:

  1. Une zehatzetatik harago, harremanak urtean zehar garatzeko konpromezua berretsi zuten. 
  2. Horretarako, elkarteen, eragileen eta enpresen arteko harremanak bultzatzen laguntzeko apustua egin zuten. Bereziki, lurraldearen garapen eta kohesioan laguntzen duten jarduera sozio-ekonomikoei begira.

Festa eta kultur ekimenetaz harago, senidetzeei beste dimentsio bat emateko nahia nabarmendu zen, eguneroko bizitzan modu praktikoan eragina izateko asmoarekin. Xebax Christy, Hazparneko hautetsi eta Udalbiltzako ordezkariaren hitzetan "ezinbestekoa ida senidetzeak eremu sozio-ekonomikoaren bidez lantzea, eta horrela egiten ari gara beste herri batzuen kasuan. Ikusten ari gara asko dugula ikasteko elkarrengandik, izan ekonomia eta lehen sektoreko praktikak trukatzeko edota euskara eta kultura sendotzeko."

Horrenbestez, Christyk saretzearen helburu horrekin, duela ia 20 urte Udalbiltzak Hurbiltzen senidetze programa sortu zuela gogorarazi zuen: "urteak joan ahala, harremanak garatzen joan dira herrien artean  -Euskal Herriko 30 herri inguru senidetu dira-, eta harreman horiek sendotzeko epe  luzera begirako lankidetzak bultzatzen dihardu euskal erakunde publikoak."