Instituzio publikoak ere, ekintza komunitarioaren hauspo
Oinherri elkarteak, Udalbiltzarekin batera, “Nola sustatu ekintza komunitarioa Udalgintzatik?” izeneko topaketa antolatuko dute azaroaren 15ean EHUren Donostiako HEFA II (Magisteritzako eraikineko) Areto Nagusian. Ekintza komunitarioa administrazioetatik sustatzeko zein pausu eman behar diren argitu eta hainbat udalerritako esperientziak biltzeko helburua izango du jardunaldi honek.

Komunitatearen eraikuntzan instituzio publikoek berebiziko garrantzia eta ardura dutela sinetsita daude Udalbiltza eta Oinherri. Izan ere, “hauek Nitasun batetik Gutasun bat eraikitzeko harremanak eta loturak josteko baliabideak eskaintzen dituzte, baita herritarrek elkar topo egiteko egitasmoak sustatu ere”, euren hitzetan. Oinherri elkarteak, herri hezitzaileak sustatzen dituen aldetik, eta Udalbiltzak, Euskal Herri osoko udal hautetsiak biltzen dituen erakundea den aldetik, gai honen inguruan dagoen jakinduria bildu eta interesa duten hautetsi eta herritarrei eskaintzeko beharra ikusi dute.
Gaia mamitsua da oso, eta zalantza ugari sortzen dizkio berau jorratzen edo praktikara eramaten hasten den edonori: Zein helbururekin sustatu ekintza komunitarioa? Nola egin daiteke hori instituzio publikoetatik? Nola txertatu begirada komunitarioa udalen eguneroko jardunean? Nolako antolaketa eredua beharko litzateke udaletan, harremanak modu komunitarioan jorratu ahal izateko?
Zalantza hauen inguruan elkarrekin hausnartzeko gonbidapena eskainiko du topaketa honek. Arratsaldeko 17:00etatik 19:30ak bitarte luzatuko da, EHUren Donostiako magisteritza eskolako Areto Nagusian. Bertan Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko soziologiako irakasle eta hiri bereko udaleko ekintza komunitarioko zerbitzuetako zuzendari ohia den Oscar Rebollo Izquierdoren hitzaldi bat izango da lehenik, 17:00etatik 18:30ak bitarte: “Ekintza komunitarioa administrazio publikoetatik. Eraldaketa sustatzeko ekintza komunitariorako agenda lokal bat eraikitzen”. (“Acción comunitaria: retos de las administraciones públicas. Hacia una agenda local de Acción Comunitaria para la transformación social”). Hitzaldi hau gazteleraz egingo da, euskaratzeko berehalako itzulpen zerbitzua eskainiko delarik.
Horren ostean, Euskal Herrian aurrera eraman diren esperientzia batzuk ezagutzeko aukera ere izango da; hala nola, Deba, Oñati eta Pasaiakoak.
Hitzaldira joateko izena eman beharra dago. Honako estekan egin daiteke.