AZTIKER Soziologia Ikerguneari esleitu zaio ikerketa deialdia

2019/10/29

Aztikerrek ikerketa kualitatibo bat garatuko du udalbiltzarentzat, lurraldearen eta euskal herritarren arteko kohesio bideak izan eta izaten ari diren ondorioak ezagutzeko.

Card image cap

Azken urte hauetan, Euskal Herriko ikuspuntu batetik abiatuta, lurraldea eta euskal herritarrak kohesionatzeko eta saretzeko hainbat proiektu sortu dira Euskal Herrian zehar. Hori dela eta, Udalbiltzak ikerketa kualitatibo bat abiatzeko beharra ikusi zuen, lurraldearen eta euskal herritarren arteko kohesio bideak izan eta izaten ari diren ondorioak ezagutzeko.

Lanketak Euskal Herrian edota euskal diasporan abian diren proiektuak ikertu nahiko lituzke; zehazki, proiektu horien inguru sozialean zein eragin izan dituzten ezagutu nahi du Partzuergoak, euskal herritartasunari nahiz naziotasunari begira. Halaber, etorkizunean herritarrak saretzeko gakoak identifikatu nahiko lituzke.

Hala, abiapuntu moduan, ikerketa honek zera ezagutu nahiko luke, besteak-beste:

  • Urte hauetan Euskal Herriko zazpi lurraldeetan sortu diren kohesio bide mota ezberdinak aztertzea (nabarmenenak, originalenak, interesgarrienak…): lurraldea kohesionatzeko eta herritarrak saretzeko.
  • Euskal Herria kohesionatzeko sorturiko bideek izan dituzten helburuak eta izan duten garapena.
  • Proiektu horiek euren inguru sozialean izan duten eragina.
  • Herritarrak kohesionatzeko sor daitezkeen bide berriak aztertzea, iradokizunak biltzea.

Horiek horrela, AZTIKER Soziologia Ikerguneak garatuko duen ikerketarekin,  Udalbiltzak bere etorkizuneko proiektuak marrazteko eta kohesio bideetan aurrera egiteko gakoak ezagutu nahi ditu. Modu horretan, herritarren, eragileen eta udalen artean zubi berriak eraikiko eta berreraikiko lituzke erakundeak.