Hobeki Elkartea; hondakinen kudeaketa hobe baten bila

2021/04/27

Orain gutxi, hondakinen kudeaketa jasangarria sustatzeko asmoa zuten hainbat euskal udalerrik bat egin eta Hobeki Elkartea sortu zuten. Bertako lehendakari eta Oiartzungo ordezkari den Eneritz Arbelaitzekin elkartu gara, elkartearen inguruko xehetasunak ezagutzeko.

Card image cap

Hasieratik hasiz: zer da Hobeki elkartea, noiz eta zein beharri erantzuteko sortu zen?

Hainbat herritako ordezkari batzuk elkarrekin hondakinen inguruko ikuspegiak partekatzen hasi ginen. Ikusi genuen Euskal Herrian oso gertu gauden herrietan bakoitza bere aldetik gauzak egiten ari zela eta interesgarria izan zitekeela elkarren arteko sarea osatzea. Helburua indarrak batzea izan zen, hondakinen kudeaketa hobetzen joateko. Elkarren arteko saretze behar hori identifikatuta, azkenean elkartea sortzea erabaki genuen 2018an. Hobeki elkartea ez da zerbitzuak emateko erakunde bat, baizik eta elkarren artean indartzeko, esperientziak konpartitzeko, besteengandik ikasteko eta beste herrialdeetako esperientziak ezagutzeko elkarte bat.

Zeintzuk dira egun Hobekiren helburu nagusiak?

Elkarte sortu berria da eta helburu asko ditugu buruan, gauza asko baitaude egiteko. Baina, hala ere, momentu honetan aipatuko nituzke hondakinen kudeaketa jasangarri eta arduratsua sustatzea dela helburu nagusia. Helburu horren baitan, kudeaketa ona egitea balioan jartzea eta praktika onak ezagutarazi eta zabaltzea ere kokatzen ditugu.

Hainbat ekintza antolatu dituzue; tartean, Udalbiltza gonbidatua izan zen hondakinen kudeaketa jasangarriaren inguruko jardunaldiak. Zein beste ekintza egin dituzue (edo egiteko asmoa duzue)?

Elkartea sortu eta lehenengo lana Euskal Herrian hiri hondakinen kudeaketaren inguruan genuen egoera ezagutzea izan zen. Horretarako lan bat enkargatu genuen, eta lurraldez lurralde gai honen inguruan zein egoera dagoen aztertu da. Dokumentu hori lanerako tresna da, hor ikusten baitugu zein gauza hobetu daitezkeen. Gu tokiko erakundeak gara eta gure eskumenetatik gauzak egin ditzakegu, baina azterlan horretan ikusi dugu, besteak beste, udalez gaindiko erakundeetan ere eragin beharra dagoela.

Halaber, aipatu duzun bezala, aurten jardunaldiak antolatu ditugu. Lehen esan bezala, hondakinen kudeaketa jasangarria bultzatzea da gure helburua, eta horretarako informazioa zabaldu behar dugu. Jardunaldian biohondakinen kudeaketa egokia egiteko esperientziak ezagutu genituen. Euskal Herrian dugun egoera ezagutu lehenik, eta Galizian eta Austrian dituzten ereduak ezagutu gero. Dudarik gabe, horrelako gauzak egiten jarraitu behar dugu.

Hondakinen kudeaketa eta bilketa jasangarria izan dadin, zein neurri gomendatzen edota erabiltzen dituzue Hobeki elkartea osatzen duzuen herriok?

Hondakinen kudeaketan oinarrizko piramidea deitzen dioguna dago: lehenik, murriztea; bigarren, berrerabiltzea; eta azkenik, birziklatzea. Piramide hori kontuan hartuta, herrietan esfortzu handia egin eta egiten ari da biohondakinaren kudeaketa tokian bertan egin dadin (konpostatuz, auzo-konposta bidez edota proiektu komunitarioak sortuz). Bestalde, gaikako bilketa efizienteak ere sortu dira, herri bakoitzera egokitutako sistemekin. Argi dago hondakinen tratamendua egokia izan dadin, hasieratik kudeaketa ongi egin behar dela, hondakinen sorrera murriztuz eta bilketa eraginkorra eginez.

Ikusi dudanez, egun 12 udalerrik osatzen duzue Hobeki elkartea. Beste udalen batek honen parte izan nahi balu, zein pausu eta baldintza jarraitu beharko lituzke?

Elkarte sortu berria da eta oraindik Hobeki gehiago ezagutarazi behar dugu. hobekielkartea.eus webgunean elkarteko printzipioak eta gure dekalogoa ditugu zintzilikatuta. Helburu horiekin bat egiten duen edozein Euskal Herriko tokiko erakundek kide egitea erabaki dezake. Ados badago, gurekin harremanetan jarri eta Hobekide izateko urratsak elkarrekin emango ditugu eta hondakinen kudeaketa hobetzeko bidelagun izango gara.

Etorkizunera begira, zein erronka aurreikusten dituzue?

Aipatu bezala, Hobeki elkarteko printzipioak ezagutarazi eta zabaltzea da lanetako bat, Euskal Herriko txoko guztietan hondakinen kudeaketa hobetzeko lanerako konpromezua bultzatuz. Helburu oso orokorra da, baina pixkanaka egin beharrekoa. Elkartearen berri emanez eta zabalduz, ziur elkarlanerako ideia eta egitasmo ederrak aterako direla.