Hauspotuk bigarren fasearen ekuatorea jo du

2020/03/06

Orotara, 70 pertsona inguru bildu ditu Udalbiltzak Araban, Nafarroa erdialdean, Pirinioan eta Aurrepirinioan, ekonomia sozial eraldatzailean oinarritzen diren proiektuak sustatzeko antolaturiko saioetan.

Card image cap

Urte hasieratik hona lau saio antolatu dira Euskal Herriko hiru eskualdetan. Oro har, 70 pertsona bildu dira Udalbiltzak, Koop 57rekin eta OlatuKoopekin batera, sustatutako Hauspotu, herriak bizitu programaren inguruan. Esperientzia, bizipen, problematika eta pertsona andana ezagutzeko parada ezin hobea izan du Partzuergoak, baita elkarren artean herrien etorkizunari buruz hausnartzeko ere.

Lehen fase batean, eskualde ezberdinetako hautetsi, eragile eta norbanakoekin biltzeko lana egin zuen Udalbiltzak, eskualdez-eskualde zegoen problematika aztertu eta etorkizuneko saioei begira, horren araberako proposamenak landu ahal izateko. Sukalde lan horren bidez, harremanak sortu eta herriek bizi duten errealitatea lehen eskutik ezagutzeko parada izan zuen. Hori eginik, saioen diseinua garatu eta bigarren faseari ateak ireki zitzaizkion.

Garesetik, Argantzunera. Argantzunetik, Agoitz eta Galozera. Aiaraldea Ekintzen Faktoria, Lakari Koop, Amillena, Aragoiko mendialdeko Empenta Artieda eta etxebizitza komunitarioen inguruko proiektuak ezagutzeko eta haien planteamenduetatik ikasteko abagunea izan dute saioetara bertaratutakoek. Era berean, Ekonomia Sozial Eraldatzailean murgiltzeko lehen pausuak ematekoa aukera izan zuten.

Azken hitzorduak, Balmasedan (Enkarterri, Bizkaia) eta Izuran (Nafarroa Beherea) izango dira, COVID-19 birusak sorrarazitako osasun krisia amaitzean.

Euskal Herrian baitezpadakoak dira horrelako ekinbideen areagotzea eta emendatzea, eta zentzu horretan, Hauspotu programaren bidez, horretan eragiteko asmoa dago. Bide beretik, argi da lurralde desorekaren errealitateari aurre egiteko mekanismo indartsuagoak garatzearen beharra dagoela, elkarlanetik eta ekonomia sozial eraldatzailetik.