Hauspotu proiektuak herrietako ekonomia suspertzeko ekimenak sustatu ditu 2020ean
Euskal Herriak bizi duen herrien arteko desorekari Ekonomia Sozial Eraldatzailearen (ESE) bidez aurre egiteko helburuarekin sortutako Hauspotu proiektuak aurrerapausoak eman ditu 2020an zehar, denoi ezagunak zaizkigun arazoak tarteko. Hainbat eskualdetan egindako saio eta eskolen bitartez, proiektua tokian tokiko beharrei egokitzen joan da, hainbat ekimen interesgarriren pizgarri izatea lortuz.

2019ko udan zehar proiektuaren nondik norakoak finkatu ostean, iazko irailean hasi ziren lehen sukalde lanak; hain zuen ere, identifikatutako herrietara bisitak egin ziren bertako errealitatea ezagutu ahal izateko. Bigarren zati batean, 2020ean zehar, saioak egin dira herri horietan OlatuKoop eta Koop57-en laguntzaz, bertara herrietako alkate eta hautetsiak, proiektuak abiatu nahi dituzten eragileak edota gaian interesa duten herritarrak gonbidatuz. Bi garaitan egin dira saiook: lehen txandan, pandemiaren aurretik egindakoa, Garesen, Agoitzen eta Galozen (Nafarroa) eta Argantzunen (Araba) egin ziren saioak; eta bigarrenean, irailean, Izuran (Nafarroa Beherea) eta Balmasedan (Bizkaia).
Saio horietan, batetik, Ekonomia Sozial Eraldatzailean murgiltzeko beharrezkoak diren pausuak eman ziren, eta, bestetik, ESE garatzen duten proiektu gonbidatu batzuek euren esperientzia kontatu zuten. Gonbidatu berezi horiek, besteak beste, Aiaraldea Koop, Amillena proiektua, Empenta Artieda esperientzia, Etxebizitza komunitarioak edota Azpeitiko Elikagunea izan dira.
Esan daiteke urte honetan zehar izandako bi olatuetatik proiektu asko jaso direla; orotara, 20tik gora ekimenek jarri baitute hazia saio hauetan. Halaber, proiektu kopurua eta horietako batzuen dimentsio handia ikusita, formazio eskolak egitea erabaki zen 2020ko uztailean egindako batzar batean. Saio horiek bi eremutan egin dira: batzuk Piriniotan, Eskarozen, eta besteak Nafarroa Erdigunean, Garesen eta Lizarran hain zuzen.
Orotara, eta zailtasunak zailtasun, urte eraginkorra izan du Hauspotu proiektuak. Berako alkate eta proiektuaren arduradun politiko den Aitor Elexpuruk sentsazio baikorra du urte honetan egindako guztiaren ondoren: “Tokian tokiko proiektu ekonomiko sozial eraldatzaileen sugarra hauspotu du Udalbiltzak, Euskal Herriaren kohesioaren alde. Despopulazioa, langabezia eta zerbitzuen irisgarritasun falta pairatzen dituzten herri eta jendartea lagunduz. Pertsona erdigunean jarriz beti, kapital metaketaren gainetik eta antolaketa demokratikoa bermatuz”.