#Hartueman | Txirikorda, Usurbilgo belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioa

2019/06/11

Herriko gazte eta adinekoei zuzendutako bizigunea izango den etxebizitza publiko-komunitarioa sustatuko du Usurbilgo Udalak.

Card image cap

Ugartondoko urbanizazio berrian eskuratuko duen ekipamendu publikoan, belaunaldi arteko etxebizitza publiko-komunitarioa sustatuko du Usurbilgo Udalak. Herriko gazte eta adinekoei zuzendutako bizigunea izango da: emantzipatu nahi duten gazteak eta konpainian beren neurriko apartamentua nahi duten edadekoak izango dira erabiltzaileak. Proiektuaren nondik norako guztiak zehazteko, azken hilabeteotan parte-hartze prozesu bat burutu da bizikide izango diren gazte eta adinekoekin. Modu horretan, hilabeteotan proiektuaren izaera definitu da, bertan sartzeko baldintzak adostu, eraikinaren diseinua gauzatu eta funtzio eta elkarbizitza-gakoak zehaztu dira.

Guztira, 16 etxebizitza eraikiko dira eta 2021ean egongo da martxan. Ezbairik gabe, esperientzia berritzailea eta ausarta da; izan ere, Txirikorda Euskal Herriko lehenengo belaunaldi arteko etxebizitza publiko-komunitarioa izango da.

Belaunaldi arteko txirikorda

Gaur egungo etxebizitza-ereduak eta bere prezioek ez diete erantzuten jendartearen beharrei, eta horren aurrean eredu berriak diseinatu eta inplementatzeko beharra dago, izaera publiko-komunitarioa izango duten etxebizitza-ereduak sustatuz adibidez.

Udalak berriki egin duen behar sozialen gaineko azterketan, elkarren osagarri izan daitezkeen bi behar zeudela ondorioztatu da. Batetik, gazteek haien beren gurasoen etxeetatik emantzipatzeko beharra dute euren bizi-proiektu propioa abiarazteko; eta bestetik, edadekoen artean nabarmen ikusi da bizitoki egokiaren premia dagoela. Izan ere, ez dira gutxi beren gaur egungo etxean bakarrik sentitzen diren adinekoak, etxera eroso iristeko edo etxean eroso mugitzeko arazoak dituztenak, edota etxea handiegi geratzen zaienak. Usurbilen, %19 inguru dira 65 urtetik gorako herritarrak, eta menpekotasun arazorik ez duten adinekoentzat zuzenduta dago proiektu hau.

Horrenbestez, udalak erabaki zuen Ugartondoko urbanizazio berrian aurki eskuratuko duen ekipamendu publikoak, bi beharroi erantzun beharko diela, bai emantzipatu nahi duten gazteenari, bai konpainian beren neurriko apartamentua nahi duten edadekoenari.

 

Prozesu parte hartzailean zehazturiko baldintzak

 Baldintza orokorrak

  • Errolda: gutxienez hiru urtez Usurbilen erroldatuta izatea.
  • Belaunaldien arteko oreka
  • Generoa: Neurri zuzentzaileak aztertuko dira, beharrezkoa izanez gero.
  • Formazioa: Txirikordan etxebizitzarako aukera izateko, udaletik eskainiko den formazioa egitea ezinbestekoa izango da

 Gazteentzako sarrera-baldintzak 

  • Adina: 18-30 urte bitartean.
  • Egonaldia: mugatua.
  • Errenta: Diru-sarreren araberakoa, hots, sarreren % 15a. Diru-sarrera finkorik ez dutenek kaudimen ekonomikoa justifikatu beharko dute, eta gutxieneko errenta minimo bat ezarriko da gastuak estaltzeko.
  • Jabetza: Ezingo dute etxebizitzarik izan jabetzan une berean.

 Adinekoentzako sarrera-baldintzak

  • Adina: 60 urte eta hortik gorakoak.
  • Egonaldia:  mugagabea, mendekotasunik ez duten bitartean.
  • Errenta: Pentsioaren araberakoa izango da.
  • Jabetza: Jabegoa izatekotan, beharrezko izango da konpromiso bat sinatzea eta, urtebeteko epean, haien etxebizitzak erabilera duela, hau da, hutsik ez dagoela justifikatzea

Komunitatean bizitzeko engaiamenduak

  • Barne jarduerak: Afari tertuliak, barne zaintzarako ikastaroak, bizilagunen gaitasunak partekatzea...
  • Antolaketa guneak:Gune autogestionatua izan behar da, gune nagusia batzarra izango delarik. Aurrez formazioa jaso behar dute erabiltzaile berriek.
  • Elkarbizitzarako arauak: garbitasuna mantendu, balorazio-saioetan parte hartu,...
  • Kontsumo kolektiboak: KM0 eta ekonomia zirkularra, energia jasangarria, ...
  • Kanpo jarduerak: tailerrak, tertuliak edota zine-forum irekiak egin, jangela ireki kanpokoentzat...

 Espazioa:

  • Pribatua: Norberak bere espazio pribatua izango du, norberaren beharrak asetzeko moduan. Apartamentu pribatuak honela osatuko dira: sukaldea, bainugela, egongela eta logela.
  • Komunitarioa: Behar kolektibo eta belaunaldi arteko elkarbizitza bultzatzeko helburuz diseinatu da. Honako espazioak izango dira komunitarioak: egongela, sukaldea, jangela, garbiketa-gela, erabilera anitzeko-gela eta terraza.

Informazio gehiagorako: Usurbilgo Udala