Geuretik Sortuak ekimeneko sortzaileak, saridun
Geuretik Sortuak ekimenaren bigarren edizioa haizea alde duen belaontzi baten gisan ari da aurrera egiten: sortzaile askok jada lehen bisita egin dute euren lana garatzeko egokitu zaien udalerrira, eta beste asko horretarako prestatzen ari dira jada. Testuinguru honetan, momentu batez atzera begira egiteko gogoa sartu zaigu, lehen ediziotik sortutako obrek jasotako aipamen berezien zerrendatxo bat eginez.

Ez gara bereziki sari banaketen aldekoak, uste baitugu tankerako ospakizunetan artistikoak ez diren askotariko interesak sartzen direla tartean. Baina egia da, bederen, saria jasotzen duen proiektu horri eta, ondorioz, lan hori garatzeko aukera eta espazioa eman dion ekimenari ospea eta aintzatespena ematen lagun dezaketela; eta horixe da gertatu dena, hain zuzen ere. Lehen edizioan hainbat izan ziren sari edota aipamenenak jasotako proiektuak; eta banan-banan zerrendatuko dizkizuegu jarraian.
Tanttaka Teatroa antzerki konpainiak sortutako Sexberdinak antzezlana marka asko ari da hausten. Horietatik aipamen bereziena, antzerki munduan espainiar estatu mailako sari banaketarik garrantzitsuenean, Max sarietan alegia, jasotako Ekoizpen Lanik Onenaren saria izan da. Eskertzekoak dira, gainera, sariaren onarpen-hitzaldian Fernando Bernués zuzendariak Udalbiltzari eskainitako hitzak.
Raul Barreras zinegilearen Arnasa film laburrak ere hainbat sari eta aipamen jaso ditu. Cerdanyako Certamen Internacional de Curtmetratges jaialdian zuzendari onenaren saria jaso zuen; Lekeitioko Euskal Zine Bileran gidoi onenaren saria eta ikusleen saria; eta IKUSKA Pasaiako Badiako Film Laburren Nazioarteko Erakustaldian, azkenik, Mintzagun saria.
Barreras ez zen Lekeitioko Euskal Zine Bileran saria jaso zuen zinegile bakarra izan. Eñaut Castagneten Muga film laburrak, halaber, film labur onenaren saria jaso zuen; eta Leire Egañaren Erlojupekoak, bestetik, epaimahaiaren aipamen berezia.
Zerrendarekin amaitzeko, Amancay Gaztañagak eta Erika Olaizolak zuzendutako Krak ere aipatu beharra dago. Film labur honek bi aintzatespen jaso ditu orotara: Ohorezko Aipamena AEBetako The Fear Faire Film Festival jaialdian, eta K-Saria Azpeitiko Hator Hator Horror Fest jaialdian.