Geuretik Sortuak ekimenaren bigarren deialdiak 60 eskaera jaso ditu
Azaroaren 26an itxi zen Geuretik Sortuak ekimenaren bigarren aroaren beka deialdia. Sortzaileentzako deialdi honek lau arte alor barnebildu ditu honakoan: Literatura, Antzerkigintza, Komikigintza eta Zinegintza.

Udalbiltza buru-belarri ari da egunotan jasotako izen-emateak aztertzen. Urte honetan jasotako eskaera kopurua aurreko ediziokoa baina apur bat txikiagoa den arren, pozik dago Partzuergoa bigarren buelta honetan izandako harrerarekin: Literaturan 20 eskaera jaso dira, Komikigintzan 6, Zinegintzan 19 eta Antzerkigintzan, azkenik, 15.
Proiektuaren bigarren edizio honetan parte hartuko duten udalerrien zerrenda osatu gabe dago oraindik, baina gutxi falta da hori ere argitara emateko. Behin herrien zerrenda osatuta dagoela, balioespen batzordea bilduko da jasotako eskaerak aztertu eta, alorka eta irizpideka banatutako puntuaketa zehatz baten bidez, bekaren onuradunak zeintzuk izango diren erabakitzeko. Hau urtarrila amaieran izango da.
Balioespen batzorde honetan, Udalbiltzako Batzorde eragileko eta lan-taldeko hainbat pertsonaz gain, arte alor bakoitzeko aditu bana ere izango da epaile. Zinegintzaren alorrean Josu Martinez zuzendaria izango da laguntzaile; Komikigintzan, Joseba Larratxe Josevisky komikigilea; Literaturan Itxaro Borda idazlea, eta Antzerkigintzan Amaia Castañeda aktorea. Balioespen batzorde horren ostean, bigarren buelta batean, bekaren onuradun suertatutako sortzaile bakoitza zein udalerritara eramango den zehaztuko da.