Geuretik Sortuak egitasmoak 72 ipuin, film labur eta antzezlan proposamen jaso ditu

2021/03/09

Otsailaren 5ean artistei zuzendutako beka deialdia itxi zenetik, Udalbiltzak lanean jarraitu du Geuretik Sortuak egitasmoaren alor ezberdinak jorratzen. Ustekabeko arrakasta izan du deialdiak: 72 proposamen jaso dira. Proiektuok aztertzen eta epaimahaia osatzen dabil orain lantaldea.

Card image cap

Egitasmo hau garatzen den lehenbiziko urtea izanik, ustekabeko arrakasta lortu zuen pasa den otsailaren 5ean itxitako deialdiak: literaturaren alorrean 21 lan jaso ziren, antzerkigintzan 24 eta zinegintzan 27. Udalbiltzako lantaldeak jasotako proposamen horiek aztertu ditu egunotan, falta den dokumentazioa zein den zehaztu eta beka eskaera egin duten artistei dokumentazio hori osatuta bidaltzeko epea jakinarazteko.

Horrez gain, kultur teknikaria proiektuan parte hartuko duten herrietako azpiegitura kulturala ezagutzeko lehen bisitak egiten hasi da dagoeneko, herriaren baliabideak artistek bidalitako proposamenetara egokitzen direla ikusteko. Jada 26 herri edota herri multzo daude baieztatuta proiektuan, baten baten baieztapenaren faltan: Oñati, Bergara-Antzuola-Elgeta, Usurbil, Villabona, Zestoa, Zumaia, Zaldibia eta Oiartzun (Gipuzkoan); Galdakao, Ondarroa-Berriatua, Arrigorriaga, Larrabetzu eta Durango (Bizkaian); Leitza, Bera-Lesaka, Lodosa-Sartaguda-Andosilla-Mendabia, Tafalla, Atarrabia-Uharte, Etxarri-Aranatz eta Araitz-Betelu-Larraun (Nafarroa Garaian); Zuia eta Artziniega (Araban); Ligi-Liginaga-Lexantzu-Etxebarre (Zuberoan); Uztaritze (Lapurdin); eta Baigorri eta Urepele (Nafarroa Beherean).

Halaber, egunotan Udalbiltza hasi da jada proiektuak hautatuko dituen balioespen batzordea osatzen. Batzorde edo epaimahai hori hamar kidez osatuko da: Udalbiltzako Lehendakaria (bozkarekin), Udalbiltzako 2 teknikari (bozkarik gabe), Udalbiltzako idazkaria (bozkarik gabe), Geuretik Sortuak proiektuko Kultur Teknikaria (bozkarekin), Udalbiltzaren Batzorde Eragileko bi kide (bozkarekin) eta proiektuak barnebiltzen dituen hiru kultur diziplinetako (literatura, antzerkia, zinema) 3 aditu (bozkarekin). Aipaturiko hiru aditu horiek eskarmentudun artistak dira: antzerkigintzan Eneko Arrate dinamizatzailea izango da, zinegintzan Telmo Esnal zuzendaria, eta literaturan Lur Gallastegi idazle eta irakaslea.