Euskal Hirigune Elkargoko turismo sailarekin bildu da Udalbiltza
Daniel Oltzomendi, Euskal Hirigune Elkargoko Turismo, Natura eta Ondarearen kontseilariarekin bildu dira Udalbiltza Partzuergoko ordezkariak

Bilkura maiatzaren 17an izan zen, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa biltzen dituen Euskal Hirigune Elkargoaren Baionako egoitzan. Bertan, Udalbiltza Partzuergoko ordezkariak, Elkargoko Turismo, Natura eta Ondare kontseilari eta Izura-Azmeko (Nafarroa Beherea) alkate den Daniel Oltzomendirekin bildu ziren. Udalbiltza Partzuergoak lehentasuntzat du Euskal Herriko lurralde ezberdinetako erakundeekin harremanak sendotzea, partzuergoaren proiektuen berri ematea eta horiekin elkarlanean aritzea.
Honakoan, Udalbiltzak sustaturiko bi proiektu bereziren berri emateko helburuarekin bildu ziren bi erakundeotako ordezkariak. Batetik, LURGIDA Euskal Herriko lehen APP turistikoaren berri eman zen. Ipar Euskal Herria jopuntu turistiko garrantzitsua da Euskal Herri barneko zein kanpoko bisitari askorentzat, eta ondorioz, lurraldearekiko, herritarrekiko eta gure herriko kulturaren errespetuan oinarrituko den ezagutza sustatzea xedetzat duen tresna turistiko hau interesgarria izan liteke turismo iraunkor baten bidean.
Bestetik, partzuergoaren Hurbiltzen planak bultzaturiko Nafarroako lau Uharteen arteko ibilbide turistikoa izan zen aipagai. Euskal kultura, kirola eta turismoa batuko dituen ibilbide batek Nafarroa Garaiko Uharte eta Uharte-Arakil herriak, Nafarroa Behereko Uharte-Garazi eta Uhartehirirekin elkartuko ditu. Ibilbidea aurki prest izanen da, eta xendazaletasuna gogoko duten guzti horientzako proposamen ederra izango da.