Euskal Herriko kohesio bideak, aztergai urriaren 8an

2020/10/02

Udalbiltza Partzuergoak, Aztiker Soziologia Ikergunearekin batera, ikerketa kualitatibo bat egin du Ikerbiltza proiektuaren baitan, XXI mendean Euskal Herria saretu eta kohesionatzeko sortu diren ekimenek egin duten ibilbidea aztertzeko. Ikerketaren emaitzak aurkezteko, datorren ostegunean, hilak 8, ikuslegoari irekitako ekitaldi bat antolatuko da Martin Ugalde Kultur Parkeko foroan, 19:00etan.

Card image cap

“Euskal Herria eta euskal herritarrak saretzeko sortu diren kohesiorako ekimenak ikertzea eta jarduera horien inguru sozialean zein ondorio dituzten ikertzea euskal herritartasunari nahiz naziotasunari begira”. Horixe izan da 2019ko urria eta 2020ko ekaina bitartean Udalbiltzak eta Aztikerrek elkarlanean egin duten ikerketaren premisa nagusia. Lanak gai horren inguruko hainbat galderari erantzuna eman nahi izan dio: azken hamarkadetan, zer nolako ibilbidea egin dute egitasmo horiek? Zein da gaur egun Euskal Herriak duen kohesio maila? Zein aukera eta mehatxu aurkezten ditu Euskal Herriaren naziotasunak gaur egun, ekimen horien bilakaerari erreparatuta?

Urriaren 8an Berriaren eta Martin Ugalde parkearen laguntzaz egingo den aurkezpenean, ikerketa horren emaitzak plazaratu eta, ostean, mahai inguru bat egingo da ikerketan parte hartu duten hiru eragilerekin, gaiaren inguruan dituzten gogoetak ezagutu ahal izateko. Udalbiltzaren Ikerbiltza proiektuko arduradun Jon Arriolak eta Aztikerreko Enara Eizagirrek izango dute ikerketaren emaitzak aurkezteko ardura. Halaber, honakoak izango dira mahai-inguruko gonbidatuak: Martxelo Otamendi, Berriaren izenean; Aritz Zerain, Bertsozale Elkartea ordezkatuz, eta Erruki Ezkurra, Errigora ekimenaren izenean. Mahai-ingurua Udalbiltzako Komunikazio arduradun Lide Hernandok gidatuko du.

Solasaldia bertatik bertara entzuteko aukera izango da. Segurtasun neurri guztiak beteta, berrogei lagunentzako lekua egongo da; beraz, etorri nahi duenak aldez aurretik izena eman beharko du, honako helbide honetara idatziz: martinugalde@kulturparkea.eus. Halaber, etxetik ikusi nahi duenak zuzenean ikusteko aukera izango du, Berriak eskainitako streaming zerbitzuaren bitartez, berria.eus webgunean.