Euskal Herriko hainbat eskualde eta eragile aztertu ditu Aztikerrek, euren baitako kohesioaren zergatiak ulertzeko asmoz

2021/11/29

Udalbiltzaren Ikerbiltza ildoaren baitan, Euskal Herriaren kohesioa ardatz duen bigarren ikerketa orokor baten emaitzak aurkeztu ditu Aztiker Soziologia Ikerguneak. Eredugarriak diren eremu eta eragileak aztertu dira, kohesionatzen dituzten baloreak identifikatu, bertan inplikatutako norbanakoen bizitzetan duten garrantzia ulertu eta haiekiko atxikimendua euren iruditerian nola eraikitzen den aztertzeko.

Card image cap

2019 eta 2020an egindako ikerketa batean Euskal Herriak azken hamarkadetan izan duen saretze maila aztertu zen, kohesioa helburu duten ekimenen bitartez. Ikerbiltzaren ildoko bigarren ikerketa orokor batekin dator oraingoan Udalbiltza: Aztiker Soziologia Ikergunearen laguntzaz, azterketa kualitatibo bat egin du Euskal Herrian zehar eredugarriak baloratzen diren komunitate eta eremuen inguruan.

Oraingo honetan, helburua izan da komunitate edo eremu horiek kohesionatzen dituzten balore eta ezaugarriak identifikatzea, bertan inplikatutako norbanakoen bizitzetan nolako presentzia eta garrantzia duten ulertzeko eta haiekiko atxikimendua norbanakoen iruditerian nola eraikitzen den aztertzeko. Aztertutako eskualde eta eragileek euren artean ezaugarririk partekatzen ez duten arren, denek iruditeria kolektiboa eta proiektu izaera dutela ondorioztatu da, besteak beste.

Landutako gaiak

Bi motatako elementu aztertu dira: alde batetik, eskualde geografiko batzuk hautatu eta horietan bizi diren herritarrengana gerturatze bat egin da; bestetik, proiektu sozial edo eragile batzuk ere aztergai izan dira, eta bertan aktiboki parte hartzen duten kideek ikerketan euren ekarpena egin dute. Honakoak izan dira aztertutako eskualdeak: Arratia, Goierri, Nafarroako Erribera, Sakana eta Zuberoa. Eragileak, aldiz, beste hauek: Euskal Herriko Bilgune Feministaren Durangoko taldea, Gaur Geroa pentsionisten elkartea, EHKOlektiboa, Euskal Herriko laborantza ganbara, Euskoa eta Aiaraldea Ekintzen Faktoria.

Eztabaida-taldeen bidez egin du Aztikerrek landa-lana. Hamaika kasu azterketa egin dira guztira, eta bakoitzeko eztabaida-talde baten bidez jaso da informazioa. Norbanakoek komunitate eta eremu jakinekin sortzen dituzten harremanek dimentsio bat baino gehiago izaten dituztenez, ikerketa honetan ere ikuspuntu desberdinetatik heldu zaio gaiari. Bereziki, bi norabide uztartu dira: balioekin gehiago lotutako maila diskurtsibo eta sinbolikoa, eta horiek egunerokotasunean gorpuzten dituen maila praktikoa.

Ikerketaren izaera kualitatiboari jarraituz, egindako kasu azterketa bakoitzeko, hizpide izan den taldearen barne-dinamiken logikak eta funtzionamendu-sistemak ulertzea izan da helburu, modu xehe eta sakonean.

Emaitzak: hamaika errealitate

Ikerketan zehar behatutako errealitate bakoitzaren funtzionamendu, mundu ikuskera eta dinamikak anitzak eta elkarren artean oso desberdinak direla ondorioztatu du Aztikerrek Udalbiltzak eskatutako azterketa honetan. Hala ere, ondorio orokor edo ideia nagusi batzuk azpimarratze aldera, hiru puntutan jarri da fokua: aztertutako kolektiboen arteko desberdintasunak, barne-aniztasunak eta, hala ere, kolektiboak eraikitzen dituzten faktoreak.

Desberdinak dira eskualdeak eta eragileak. Eskualdeen kasuan, bertan bizi diren herritarrek eraikitzen duten iruditeria bizigarritasunaren eta bizi-kalitatearen inguruko elementuen bueltan egituratu da. Alde batetik, tokiko bizimoduak eta bizi-kalitatea ikuspuntu material eta deskriptibo batetik aztertu dira. Beste diskurtso batzuk praktikotasunetik atera eta dimentsio immaterialean dauden argudioak ere agertu dira.

Eragileen kasuan, aldiz, pisu berezia hartu du taldekideen diskurtsoetan komunitatearen parte izateak erabaki aktibo moduan, bertara atxikitzeko motibazio, argudio, helburu eta desirek. Era berean, errealitatean eragin eta berau aldatzeko nahia proiektuaren parte izateari zentzua ematen dion aspektu garrantzitsua da.

Atera den beste ondorio bat honakoa da: ez dagoela elementu zehatz bat denak homogeneizatzen dituena. Are gehiago, aldakorra da. Komunitateetako partaideen talde-identitatea eta kohesioa eraikitzen duten elementuak izan ditugu aztergai, baina azpimarratzekoa da zentzu horretan inongo kasutan ez dela egon subjektu guztiek eta irudikatzen duten komunitate zabalak modu homogeneoan partekatzen duten ezaugarririk (esaterako, eskualdeen kasuan, produkzio-sistemakoa, linguistikoa, tradizioa, ohiturei dagokiena, eguneroko praktiken ingurukoa, edota proiektu sozialen kasuan partaideen ezaugarri soziodemografikoei edo motibazioei dagokiena).

Baina denek konpartitzen dute iruditeria kolektibo bat eta proiektu izaera. Partekatzen den “zera” hori esplizitatzea ariketa konplexua izan den arren, kasu guztietan jaso dira taldetasuna sortzen laguntzen duten eta komunitateak partekatzen dituen iruditeria kolektiboak. Hau da, kasu bakoitzean nabaritu dira narratiba konpartituak pertsona horiek batzen dituen elementuaren inguruan, izan eskualde bat edo proiektu bat. Aldi berean, subjektu horiek beraiek iruditeria horrekin identifikatzen dira eta iruditeria osatzen duten elementuez jabetzen dira, norbanakoen identitatearen parte bilakatuz.

Gaian sakondu nahi duen ororentzat, momentu honetatik aurrera Udalbiltzaren webguneko Ikerbiltza atalean eskuragarri egongo da materiala, Euskal Herriko talde eta komunitateen dinamikak ulertzen laguntzeko asmotan.