Euskal Herrian kohesiorako ekimenak ugaritu egin direla aztertu du Udalbiltzak sustatutako ikerketa batek

2020/10/14

Urriak 8ko iluntzean, Udalbiltza Partzuergoak Aztiker Soziologia Ikergunearen laguntzaz egindako ikerketa kualitatibo baten emaitzak eman zituen aditzera, Martin Ugalde Parkeko foroan Berria egunkariaren laguntzaz egindako ekitaldi batean. Ikerketak Euskal Herriak, bertan jarduten duten ekimenen bidez, azken hamarkadetan izan duen saretze maila aztertzea zuen xede eta, besteak beste, kohesioa helburu duten ekimenen kopurua igo egin dela ondorioztatu da.

Card image cap

2019ko urritik 2020ko ekainera bitartean egindako lan hau, bi ataletan banatutako ikerketa baten lehenengoa izan da, eta XXI mendean jardunean aritu diren eta euskal gizartea saretu eta kohesionatzeko asmoa adierazi duten ekimenen diagnosi batean izan du abiapuntua. Ostera, horien ibilbidea aztertu da, egun Euskal Herriaren naziotasun maila zein puntutan dagoen antzeman ahal izateko eta etorkizunerako hausnarketarako tresna gisa erabili ahal izateko. Lehenbiziko diagnosi fase horren ostean, 2000. urtetik gaur arte, Euskal Herria banantzen duten hiru eremu administratiboetatik (EAE, Nafarroa, Ipar Euskal Herria) gutxienez bitan jardun duten 293 proiektu identifikatu dituzte Aztikerreko ikerlariek, zortzi jarduera eremutan banatuta: Ekonomia, Kultura, Euskara, Hezkuntza, Komunikazioa, Jakintza, Feminismoa eta genero eta sexu aniztasuna eta Jatorri eta kultur aniztasuna.

Oro har, kohesiorako potentzialitatea egon badagoela baloratu da ikerketan, baina “ekimenen hazkundeak, eurak daukaten eraginarekin lotzearen arriskua” gogorarazi da, eta “benetan zein inpaktu edo eragin izatera iristen diren sakonago aztertzeko beharra” gehitu dute ondorioetan. Dena dela, Euskal Herriaren saretzea kaltetu dezakeen arrisku bat ere ikusi da, azken urteotako joera ikusita: “Euskal Herriak kontzeptu gisa azken urteetan indarra galdu izana eta bizimoduan izan diren aldaketak tarteko, gisa horretako egitasmoak sustatzeko joera gero eta txikiagoa da”, adierazi dute.

Halaber, jasotako erregistroen artean hainbat eremutan azken urteetan ekimen berriek pisu berezia hartu dutela ikusi da; hori gertatzen da ekonomia, komunikazioa, edota feminismoa eta genero eta sexu aniztasuna bezalako arloetan. Digitalizazioa da azken urteotan gora egin duen beste joeretako bat, hein batean eragin positiboak izan dituena proiektu horien hedapenean eta saretzean.

Aztiker Soziologia Ikergunea dagoeneko hasi da lanean ikerketaren bigarren atalarekin. Azken honek, aurrekoan identifikatutako ekimen horiek Euskal Herriaren kohesioaren inguruan landu dituzten diskurtsoak analizatuko ditu.

Euskal Herriaren kohesioa, mahaiaren bueltan

Ikerketaren emaitzak plazaratu ostean, mahai-inguru bat egin zen, Udalbiltzako komunikazio arduradunaren gidaritzapean, ikerketan parte hartu zuten zenbait eragiletako ordezkariren presentziarekin. Bertan izan ziren Berria egunkariko zuzendari Martxelo Otamendi, elikadura burujabetza eta euskara uztartzen dituen Errigora ekimeneko Erruki Ezkurra, eta Bertsozale Elkarteko Aritz Zerain.

Nazio kontzeptuaren indargabetzeaz galdetuta, Otamendik ondorio negatibo horri buelta eman nahi izan zion: “Hori erlatiboa da. Duela ehun urte zer zegoen, bada? Iparraldeko agerkariek ez zituzten Hegoaldeko kontuak aipatzen, eta alderantziz; agian, gaur egun ez dago nahiko genukeen besteko ekimenik, baina egon badaude”. Ikuspegi historiko hori ezarrita, aurrerapausoak eman direla azaldu zuen, baina zalantza ere adierazi zuen: “Galdera da ea amesten dugun Euskal Herri horretarako nahikoa lan egin dugun, edo goazen abiaduran noiz iritsiko garen inora”.

Erruki Ezkurrak Errigorak lurraldetasunaren inguruan egindako lanketa defendatu zuen: “batzuek ahulegia ikusten duten zonalde horretan guk sekulako indarra ikusten dugu”, adierazi zuen. “Gu, abertzalea izatea erreza den lekuan bizi garenok, beti zuzendu izan gara hori horren erraza ez den lekuetara paternalismo puntu batekin; eta uste dut Errigoran asmatu dugula paternalismo horretatik ihes egitea eta hangoen beharrei benetan entzutea”.

Zerainek ere Otamendiren bidetik jo zuen, azken urteetan Euskal Herria ehuntzeko egitasmo ugari garatu direla esanez. Proiektu ugari baitaude Euskal Herria saretzea helburu dutenak, eta horiek “Euskal Herri gehiago” sortzen dituztela azaldu zuen: “kulturala, feminista, ekonomikoa...”. Halaber, Euskal Herriaren nozioan hizkuntzak behar lukeen pisuaz galdetzerakoan zera argudiatu zuen Zerainek: “Zail egiten zait Euskal Herriaren kohesioa irudikatzea euskara erdigunera ekarri gabe. Hala ere, ikerketak argi erakutsi du, zoritxarrez, Euskal Herrian euskaraz ez dakien jende gehiago dagoela dakiena baino, eta horietaz ere ezin dugu ahaztu”. Euskal Herri mailako ekimen guztiek baldintza hori zeharlerro gisa eduki behar dutela gehitu zuen Bertsozale Elkarteko ordezkariak.

Ikerketa osorik irakurtzeko interesa baduzu, deskarga ezazu hemendik edo jo Ikerbiltza proiektuaren atalera.