Errenteriako gazte etxebizitza komunitarioko logelen zozketa egin dute

2019/03/28

Eraikina Udalak jarri du eta elkarbizitzarako engaiamenduak eta antolaketa gazteek beraiek finkatu dituzte prozesu parte hartzaile baten bidez.

Card image cap

Abiatzeko gutxi falta zaio Errenteriako (Gipuzkoa) gazteentzako lehendabiziko etxebizitza komunitarioari. Martxoaren 28an zozketatu dituzte logelak, ekitaldi publikoan. Eraikina Udalak jarri du eta elkarbizitzarako konpromisoak eta antolaketa gazteek eurek finkatu dituzte prozesu parte hartzaile baten bidez.

18-30 urte bitarteko gazteei zuzenduriko proposamena da, adin horretan baita larriago emantzipatzeko zailtasuna. Holanda, Dinamarka eta Kataluniako hainbat esperientzia arrakastatsu eredu hartuta definitu dute proiektua eta prozesu parte-hartzaile baten bidez adostu dituzte irizpide nagusiak. Bost bilera egin dituzte eta saio horietan 68 gaztek hartu dute parte.

Errenterian erroldatutako eta zozketan hautaturiko 18-30 urte arteko gazteek, hiru urtez edukiko dute bertan bizitzeko eskubidea, eta baldintza gisara, konpromiso soziala erakutsi beharko dute jardueren antolaketan eta auzolanean (hilean gutxienez 9 ordu). Errentaren araberako alokairua ezarri da, soldataren %15 hain zuzen. Etxebizitzan berean, denek partekaturiko espazioak izango dira eta horien kudeaketa elkarlanean egin beharko dute bizilagunek.