Enkarterrin abiatu da Hauspotu 2.0

2021/06/29

Hauspotu eraberrituta azaldu zen pasa den ekainaren 24ean Balmasedan egin zen saio berri batean. Aurtengo edizioaren helburua “Lurralde burujabe” gisa izendatutako lurralde-estrategia garatzeko prozesua abian jartzea izango da, eta udaren hastapenetan saio batzuk egingo diren arren, prozesuak irailetik abendura bitartean jarraituko du.

Card image cap

Hauspotu 2.0 abian jartzeko OlatuKoopeko lagunek bideratutako Balmasedako lehen saioan Diagnostikoa landu zen: eskualdeko beharren, proiektuen eta inguruko gaitasunen analisia, alegia. Saioa Enkarterrin egin bazen ere, Aiaraldeako lagunak ere gonbidatu ziren bertara.

Gainontzeko saioetan honakoa landuko da: Ekonomia Sozial Eraldatzailearen sustapenerako formazio politikoa eta tresnak eta Proiektu estrategiko edo sektorial baten lanketa espezifikoa, aurrera begirako bide-orri baten lanketarekin batera. Hurrengoa Lizarran egingo da uztailaren 6an, Izarbeibar, Tafallaldea eta Estellerriko lagunekin.

Hauspoturen bigarren atal honen xedea lurralde bateko beharrizanei erantzungo dien jendarte eta garapen-eredu bat sustatzea da. Kapital metaketan baino, bizitzaren sostenguan oinarrituko litzateke eredu hau, eta bitarteko (eta helburu) gisa, pertsona eta komunitateen ahalduntzea bilatuko luke, horiek eurei eragiten dieten egitasmo sozioekonomikoen benetako jabe eta protagonista bilakatuz.

Ekosistema kooperatibo edo tokiko garapen eraldatzaile honetarako bi lan-ildo finkatuko dira. Batetik, udalgintza edo instituziogintza eraldatzailea, zeinetan elkarlan publiko-kooperatibo komunitarioa izango baiten oinarria. Bestetik, burujabetza sektorialetako egitasmo erreferentzialak gauzatzea.

Aurrekariak

2019-2020. urtean 6 eskualdetan ESE eta ekintzailetza kooperatiboa zer den azaldu zen eta Pirinio eta Lizarraldean formazio-saio batzuk ere egin ziren. Esperientzia hori abiapuntutzat hartuta, aurten tokiko garapen eraldatzailea eta ekosistema komunitario-kooperatiboak sortzeko prozesua abiatzea adostu da, Olatukoopek lantzen dituen lurralde burujabe eta instituziogintza eraldatzailearen irizpideak eta oinarriak aintzat hartuta.