Energiaren kudeaketa hizpide, HartuEman batzordeak Hernanira egindako bisitan

2021/02/08

Pasa den ostiral goizean, Udalbiltzako hautetsi batzuek Hernanira egin zuten bisita, HartuEman esperientzien bankuaren testuinguruan. Bertan, lehenbizi, Kulturarteko Plaza Feminista ezagutu zuten eta, ostera, Orona fundazioaren Ideo eraikina. Bisitaren helburua energia kudeaketa eredu berriak ezagutzea izan zen.

Card image cap

HartuEman bankuak esperientzia berritzaileak biltzeko helburua du, proiektu horiek beste lekuetan martxan jartzeko eredugarri izan daitezen. Kasu honetan, Hernaniko Kulturarteko Plaza Feminista eta Orona Ideo eraikinetan, energia aurrezteko erabiltzen dituzten sistema berritzaileak ezagutzea izan zen asmoa. Bertan izan ziren, batetik, Udalbiltzako zuzendari Jabi Asurmendi eta Ainara Iraeta teknikaria, Usurbilgo Beñat Larrañaga eta Lur Etxeberria zinegotziak, Hernaniko Estitxu Aldeiturriaga zinegotzia eta Pili Legarra Asteasuko alkatea; baita Hernaniko udaleko beste zenbait teknikari eta langile ere.

Kulturarteko Plaza Feministan izan ziren lehenbizi. Eraikin hau eskola zahar bat izan zen eta, berritzeko erabakia hartu zutenean, Passive House sistemak eskatzen dituen irizpide guztiak betez berritu dute. Hain zuzen ere, espazio horrek energia kontsumo oso baxua du eta autosufizientzian oinarritzen da. Edukiaren aldetik, gainera, arrazismoaren eta matxismoaren aurkako espazio bateratu bat izango da, Euskal Herrian bi lan ildo hauek batera kudeatzen dituen lehenetariko espazio komuna.

Orona Ideo eraikinean, hurrena, energia kudeaketa sistema ezberdinen adibideak ikusi zituzten, eurek gonbidatuta. Eraikinak ikerketa zentroa eta unibertsitatea ere ditu bere baitan, eta bere helburua energiaren kudeaketarako eredu ezberdinak gizarteratu eta horiek beste lekuetan martxan jartzen laguntzea da.