Energiaren inguruko lanketa Udalbiltzan: orain arte, zer?

2021/10/25

Udalbiltzaren jardunean, lan ildo garrantzitsuenetarikoa izan da energia burujabetza. Gaia egun pil-pilean dagoen arren, Euskal Herriko udalerriak alor horretan ahalduntzea, energia berriztagarrien erabilera sustatzea eta pobrezia energetikoari aurre egitea beti egon dira Udalbiltzaren lehentasunen artean. Azaroaren 13an Hernaniko Orona Fundazioan antolatuko diren Energia Mintegiak aitzakiatzat hartuta, urteetan zehar energiaren alorrean egindako lanketa laburbildu nahi izan dugu hemen.

Card image cap

Ikerbiltza proiektuaren baitan, partzuergoak energia burujabetzan oinarritutako hainbat ikerketa jaso edota sustatu ditu urteetan zehar. Herri eta eskualde mailan hainbat lanketa gauzatu dira, beti ere energia berriztagarriak ardatz. Azken urteetako lanketa batzuk aipatzearren, Aiaraldeako eskualdean eta Aezkoa bailaran egindakoak ekarriko genituzke lehen lerrora, zeinetan bi eskualdeak burujabetzaren bidean jartzeko baliabide energetikoen azterketa bat egin baiten.

Hartu-Eman esperientzia eraldatzaileen bankuan ere, energia komunitateen hainbat adibide plazaratu izan ditu Udalbiltzak, Euskal Herriko beste udalerrientzako eredugarri izan daitezen. Adibide argiak dira Sugarai kooperatiba, Hernaniko Passivhaus-a, Lasierrako komunitate energetikoa, Eako arazte sistema, Lizarragako energia mikro-sarea, Ezka Ibaiaren energia-sistema edota Gares Energia egitasmoa.

Hartu-Eman bankuaren baitan oraintsu hasitako beste lan-ildo bat da Aholkularitza Zerbitzua. Bertan ere, energia burujabetzarekin zerikusia duen plangintza orokor baten inguruan aholkua eskaini dio partzuergoak, Hiritik At kooperatibako adituen bitartez, Amorotoko udalari.

Eskualdeen arteko desorekari aurre egitea eta eremu horietan Ekonomia Sozial Eraldatzailean oinarritutako egitasmoak sustatzea helburu duen Hauspotu proiektuaren baitan, halaber, eman du pausorik Udalbiltzak energia burujabetzaren bidean. Azken urteotan, bidelaguntza eskaini zaio energia komunitate bati, gerora bide propioa egin duena; baita beste energia komunitate baten inguruan lanketa bat egin ere.

Amaitzeko, energia burujabetzaren bidean pausuak emateko hainbat hitzarmen sinatu ditu Udalbiltzak alorrean adituak diren kooperatiba eta enpresekin. Aipatzekoa da, adibidez, 2014. urtean Goiener eta Som Energia kooperatibekin eta I-Ener enpresarekin sinatutako hitzarmena. Egun ere partzuergoak bere konpromisoa berretsi egin du Goiener eta I-Enerrekin, energia burujabetzaren bidean elkarrekin pausuak ematen jarraitzeko hitzarmena sinatuz.