Energia lanketak Aezkoa eta Aiaraldea eskualdeetan

2022/02/28

Ikerbiltzaren ildotik abiatuta, Aiaraldean eta Aezkoan energia berriztagarriak jartzeko aukerak aztertu ditu Udalbiltzak. Azterketa horien emaitzak jaso dira azken asteotan.

Card image cap

Duela lau urte abiatu zuten ikerketa Aiaraldeko eta Aezkoako energia kontsumoa aztertzeko. Lanketa Eibarko Gipuzkoako Ingeniaritza eskolako (EHU) ikasleekin eta irakasleekin garatu dute. Helburua: energia berriztagarriak eta ekonomikoki zein ingurumen aldetik jasangarriak izan daitezkeenak identifikatzea. Otsailean aurkeztu dituzte lanketak; Aiaraldeako kasuan Arakaldon, eta Aezkoaren kasuan, Ariben.

Lanketan energia eolikoa, bioenergia, geotermia eta energia fotovoltaikoak aztertu dituzte. Zenbakiak zenbaki, trantsizio energetikorako konpromisoa eta laguntza udal eta erakundeen eskutik etorri behar dela esan dute ikertzaileek: “jendeak laguntzak behar ditu, eta erakundeen babesa behar da horretarako”. Hemen topa ditzakezu bi ikerketak deskargagarri (lehena eta bigarrena).

Ondorioei ere eskaini zieten tartea bi aurkezpenetan:

Aiaraldea

Otsailaren hasieran izan zen Aiaraldeako ikerketaren aurkezpena. Ikerketa honetan Ander Etxeberria Izaga ikaslea aritu da ikerketa lanetan. Aiaraldea hedabidean plazaratu dituzte ondorioak:

Kontsumo guneak 5 zatitan bereizi dituzte: bizitokiak, lehen sektorea, bigarren sektorea, hirugarrena eta garraioa. Horretarako, energia kontsumoa jaso dute lehenbizi: energia termikoa eta elektrikoa dira gehien kontsumitzen direnak (gas naturala, petroleoak, energia elektrikoa eta berriztagarriak). “Datu energetikoak proportzionalak dira herri bakoitzeko biztanleriarekin”, zehaztu du Etxebarria Izagak.

Sektoreka aletu dute kontsumoa. "Lehen sektoreko egoera kalkulatzean, balantze energetikoan petrolioa eta deribatuak nabarmentzen dira (%89), garraio eta makinarian erabiltzen direlako batez ere”. Bigarren sektorean energia elektrikoa (%35) eta gasa (%43) gailentzen dira. "Hirugarren sektorean, argia edo energia elektrikoa da nagusi, %89 inguru hain zuzen. Garraioan, petrolioa eta deribatuak gailentzen dira, %95 hain zuzen. Energia berriztagarriek badute pisua, baina gutxi da oraingoz, %3", azaldu dute.

Ikus gainontzeko ondorioak Aiaraldeak ateratako artikuluan.

Aezkoako lanketa

Otsailaren amaieran, berriz, Aezkoako lanketa aurkeztu zen Ariben. Andoni Zazpe Beaumont ikasleak egin zuen ikerketa. Bertan ere alorka banatu dituzte ikerketaren ondorioak: “Aezkoako bailarak eguzki energia potentzial nahiko altua du, nahiz eta zonalde oso eguzkitsua ez izan. Energia mota hau eraginkorra izan daiteke, gehienbat eskualdeko eraikinen estalkiak edo landa eremuak erabiltzen badira instalazio fotovoltaikoak ezartzeko”, dio energia fotovoltaikoari buruz Zazpek.

Bioenergiari dagokionez, “Aezkoako bailara aberatsa da eta baso biomasa urria du zonaldean”, dio Zazpek. “Egur industria handia da eskualdean eta pisu handia du bertako ekonomian. Beraz, egur industria horiekin elkarlanean aritu ahal da egur hondakinak probestuz edo ustiapen eremuak partekatuz”.

Potentzial geotermiko aldetik ere aberatsa da Aezkoa. “Bailarako kontsumoa asetzeko gai da nahiz eta teknologia garestia izan. Geotermiaren hasierako inbertsioa nahiko altua denez, Aerotermia moduko sistemak ezarri ahal dira inbertsioa gutxitzeko, nahiz eta instalazio honen urteko kontsumoa altuagoa izan”, gehitu du honen inguruan.

Aipatzen azkena energia eolikoa izan da, eta horretan ere Aezkoak ahalbide ugariak dituela ondorioztatu du ikerlariak. Hala ere, “azken urteetan Nafarroako bailara txikietan [parke eoliko] makro proiektuen proposamenak etengabe handitu dira, herritarren haserrea eta ezinegona handituz. Ondorioz, oso garrantzitsua da afera honen inguruan herritarrekin lanketa eta galdeketa bat egitea, eta mendietan ekologikoki kalte handia sor dezaketen proiektu eolikoetan zalantza eta kritika jartzea, gobernuaren eta herritarren arteko elkarbizitza hobetzeko”.

Laburbilduz, Aezkoa bezalako bailara menditsuetan komunitate energetikoak sustatzeak berebiziko garrantzia duela aipatu du Zazpek. “Helburu nagusi bezala tokiko ingurumena, gizartea eta ekonomia sustatu, herritarren eta administrazioaren arteko lankidetza bultzatuz”.