Energia komunitateen sorrera sustatzeko gakoak eta erronka nagusiak, azaroaren 13ko mintegian

2021/10/06

Euskal Herriko udalerriak burujabetzaren bidean jartzeko helburuarekin, “Udal Proiektu energetiko komunitario eta burujabeak” jardunaldia antolatuko du Udalbiltza Partzuergoak, Hernaniko Orona Fundazioan. Hitzorduan dagoeneko Euskal Herrian abian diren hainbat proiektu ezagutzeko aukera egongo da. Antzeko ekimenak abiatzeko beharrezkoak diren gako juridiko, ekonomiko eta sozialak mahaigaineratuko dira bertan. Ekitaldian energia komunitateak sustatzen aitzindariak diren Greziako hainbat proiektu aurkeztuko dituzte Electra Energy kooperatibako ordezkariek.

Card image cap

Egitaraua hemen deskargagarri.

HERNANI: Euskal Herriko udalerrietan Energia burujabetza proiektuak sustatzeko helburuarekin, Udalbiltza Partzuergoak “Udal Proiektu energetiko komunitario eta burujabeak” mintegia antolatu du azaroaren 13an, Hernaniko Orona Fundazioaren eraikinean. Hautetsiei, udal teknikariei eta norbanakoei zuzenduta dauden jardunaldietan, energia proiektuak abiatzeko beharrezkoak diren gako juridiko eta burokratikoak landuko dira.

Mintegiak dagoeneko abian diren zenbait proiekturen erakusleihoak izango dira, hala nola Hernaniko (Gipuzkoa) eta Urarteko (Araba) Energia komunitateak, Irurtzungo (Nafarroa) energia lanketa eta Hergaraiko (Nafarroa Beherea) Sugarai biomasa kooperatiba. Bi mahai inguruz eta lau hitzaldiz osatutako hitzorduan, jarduera nagusiak Greziako esperientzia aztertuko du, Electra Energy Renewables kooperatibaren eskutik. Izan ere, herrialde heleniarra aitzindaria izan da Europa mailan, energia komunitateak arautzen lehenak izan baitziren 2018an, besteak beste, autokontsumoa sustatzeko eta pobrezia energetikoari aurre egiteko.

Udalbiltzako lehendakari Jabi Asurmendik ekitaldi honen garrantzia azpimarratu du: “Hamarkada hau gakoa izango da ezinbestekoa den eraldaketa energetikorako bidean, eta beharrezkoa izango da energia iturriak ez ezik, energia kudeatzeko zein kontsumitzeko erak eta pentsaerak ere birplanteatzea”. Horrez gain, “energia jendearentzat ezinbesteko zerbitzua den heinean, herritarren erabakimena eta energia baliabideen demokratizazioa ezinbestekoa” dela adierazi du. “Esperientzia horietatik ikasi, berraldatu, sortu, jakintza partekatu, gogoetak elkartrukatu eta gure herrietan antzeko esperientzia berriak martxan jartzeko” balioko du mintegi honek, bere hitzetan.

Izen-ematea gaurtik aurrera irekia egongo da interesa duen ororentzat. Horretarako, esteka honetan topatutako inprimakia bete behar da.