EH Kom: “Babes handia sumatu dugu kooperatibismoan eta ekonomia sozial eraldatzailean jarduten duten zenbait eragilerengandik”

2022/06/27

Hilabete eta erdi igaro da EH Kom jendaurrean aurkeztu genuenetik. Egitasmoa gertuagotik ezagutu eta etorkizunera begirako asmoak zeintzuk diren jakiteko, honen arduradun Beñat Azkargortarekin hitz egiteko aukera izan dugu.

Card image cap

Hasteko; azaldu laburki EH Kom zer den.

EH Kom Udalbiltzak eta Izarkom eta Hiritik At kooperatibek sustatutako egitasmoa da, Euskal Herrian telekomunikazio azpiegitura libreak hedatzeko asmoz sortu dena. Gure eginkizuna telekomunikazio-sare hauek sortu, kudeatu eta mantentzea izango da; ez gara ordea berauek ustiatzera sartuko, beraz erabiltzaileei zerbitzua eta harreman zuzena eskaintzeko lana gure azpiegiturak erabiltzen dituzten operadoreen esku utziko dugu.

Izan ere, gure azpiegiturak irekiak, libreak eta neutralak izango direnez, eta jabego publiko-komunitariokoak, nahi duen orok hauek erabiltzeko eskubidea izango du, eta guk bermatuko dugu azpiegitura partekatuak erabiltzen dituzten eragileen arteko elkarrekintza justua dela.

Horrez gain, gure helburuen artean daude patenteen eta baldintza baztertzaileen menpe ez dauden estandar teknologiko irekien sorkuntza eta erabilpena sustatzea, eta jasotako eta garatutako jakintza kolektiboa hedatzeko difusio-ekimenak abiaraztea.

Publikoki aurkeztu zen unetik, zer nolako harrera eduki du EH Kom egitasmoak?

Oso pozik gaude eduki dugun harrerarekin, hainbat komunikabidek eskatu digute gure egitasmoa azaltzeko elkarrizketa, erreportaje edo artikulu bidez eta, horren ondorioz, besteak beste, udal eta eragile ugari jarri dira gurekin harremanetan bakoitzaren kasuak aztertzeko.

Babes handia sumatu dugu kooperatibismoan eta ekonomia sozial eraldatzailean jarduten duten zenbait eragilerengandik, eta baita burujabetza(k) garatzeko edo bizitzako alor ezberdinetan burujabeagoak izateko pausuak ematen ari diren hainbat erakunde publikoren partetik ere.

Zein proiektu daude martxan momentu honetan? Zein herritan?

Momentu honetan Euskal Herriko hainbat udalerritan ari gara bertako erakundeekin eta bestelako eragileekin lanean. Aurreratuen doazen proiektuak edo orain arte aipagarrienak Zaratamon, Hernanin, Astigarragan, Elorrion eta Oñatin daude.

Zaratamon eta Elorrion zuntz optiko bidezko sareak hedatzeko beharrezko azterketak egiten ari gara, bertako erakunde eta bizilagunen laguntzarekin.

Astigarragan eta Hernanin, ordea, bertako landa-guneetako baserriei banda-zabaleko Interneta eskaintzeko irrati-lotura bidezko sarea garatzen ari gara, aldi berean bertako herritarrekin harreman-sareak garatuz. Esate baterako, Hernani Burujabe bezalako plataformak baliatuz, egitasmoa gizarteratzen, iritziak entzuten, formakuntza eskaintzen eta dinamizazio lana egiten aritu gara. Era berean eta paraleloki, bertako herritar eta erakundeekin udal-operadore publikoa eratzeko aukerak aztertzen ari gara, tokiko garapen burujabea sustatzeko asmoz eta telekomunikazio zerbitzuen etekinak herrian bertan gelditzeko.

Oñatin ere, jada existitzen zen proiektura atxikitu gara. Bertan, udal-operadore publikoa jada sortuta dute, Onaro, eta udalerri osotik telekomunikazio-azpiegitura herrikoiak sustatzen murgilduta gaude.

Zeintzuk dira telekomunikazio burujabetzaren alorrean egun dauden erronka nagusiak?

Egun telekomunikazioak funtsezko tresna bihurtu direnez bestelako oinarrizko eskubideak egikaritzeko, oinarrizko giza-eskubide gisa ulertzen ditugu guk, eta hala aitortzen ditu Nazio Batuen Erakundeak ere 2011. urtetik.

Hala ere, beste alor batzuetan gertatzen den bezalaxe, mundu guztiak informatzeko eta komunikatzeko aukera berak ez edukitzeak botere-desoreka nabarmena sortzen du giza-taldeen artean, “arrakala digitala” deritzoguna. Arrakala hau oro har desberdintasun sozioekonomikoek edota bizileku geografikoak baldintzatuta dator. Izan ere, egungo eredu ekonomikoa irabazietan oinarrituta egonik, errentagarritzat jotzen ez diren guneetan eta oro har landa-guneetan askotan azpiegiturak ez dira behar bezain duinak. Honek zentro-periferia desoreka are gehiago sakontzen du, despopulazio-prozesuak bultzatuz, azpiegitura egokiak ez dauden zonaldeetan nekez sortu daitezkeelako lanpostu eta bizitza duinak.

Lehenengo erronka, beraz, arrakala digital horren kontra egitea da, jende guztiari aukera parekideak emateko ahalegin bat eginez.

Bestalde, bai frantziar zein espainiar estatuetan, gaur egun telekomunikazioen sektorean oligopolio egoera argia dago, hiruzpalau enpresek kontrolatzen dutelarik ia merkatu osoa. Horrek menpekotasun handia sortzen digu herritarroi enpresa multinazional gutxi batzuekiko, eta erabakiguneak herritarrongandik oso urrun kokatzen ditu.

Horren aurrean, gure asmoa euskal herritarrok azpiegitura propioak garatzea da, izaera publiko-komunitariokoak eta erabakiak gobernantza-eredu partehartzaile eta lokalen esku utziz. Gainera, irabazi asmorik gabeko ekimena garenez, inolako etekinik balego, horiek komunitatean edo azpiegituren beraien mantenuan berrinbertituko genituzke.

Etorkizunera begira zein asmo berri dituzue EH Kom-ekin?

Aurrera begira baditugu zenbait erronka epe motz, ertain, eta luzean aurreikusten ditugunak.

Esate baterako, epe ertain-motzean kooperatiba europar gisa inskribatzeko hautua hartu dugu, eta hasiak gaude bide hori jorratzeko dokumentazioa prestatzen. Izan ere, nazio ikuspegia daukan egitasmoa izaki, muga administratiboen bi aldeetan jarduteko gaitasun legala izatea oso garrantzitsua da guretzat.

Bestetik, Euskal Herrian gure sektorean eta burujabetza logika berdinarekin dabiltzan beste eragileekin elkarlana sendotu nahi dugu, horrela urrunago iritsiko garelakoan.

Eta azkenik, gure helburua haztea ere bada, baina zenbakiei eta emaitzei bakarrik begiratu beharrean, prozesuari berari ere garrantzia eman nahi diogu. Nolabait esateko, “noraino” heldu garen hausnartzeaz gain, bertara “nola” heldu garen ere ez dugu bistatik galdu nahi.