Despopulazio arriskuan daude Pirinioak eta Pirinioaurrea

2020/01/15

Nafarroako lurralde ezberdintasunen diagnostikoaren arabera, Ega-Montejurran, Zangozaldean, Erdialdean, Pirinioetan eta Pirinioaurrean biztanleria murrizten doa.

Card image cap

Iturria: BERRIA.EUS

Emandako datuen arabera, 2008 eta 2018 bitartean, Nafarroako biztanleria %0,4 handitu bada ere, Pirinio eta Ameskoa ibarretan biztanleria gutxitzen ari da. Biztanleriaren galeraz harago, bertzelako datu batzuek ere erakusten dute zer alde dauden lurraldeko eskualdeen artean. Nafarroa osoko datuak hartuta, kilometro koadro bakoitzeko 67,4 pertsona bizi dira egun. Ibarrez ibar aztertuta, ordea, agerikoak dira haranen arteko ezberdintasunak. Europako Batasunak kilometro koadroko 12,5 biztanle baino gutxiago duen eremua hartzen du despopulatze arriskuko gunetzat. Nafarroan, Pirinioetan eta Pirinioaurrean dute arrisku hori. Pirinioetan, 4,1 biztanle daude kilometro koadroko; Pirinioaurrean, berriz, 7,7.

Despopulatze arriskurik gabe ere, bertze lau eskualdek biztanle dentsitate txikia dute: Zangozaldeak (14,3), Larraunek (18,8) eta Arga ibarrak (19,9); Ega-Montejurra eskualdeak ere biztanle dentsitate txikia du —16,1 biztanle kilometro karratuko— kanpoan utziz gero bertako herririk handiena (Lizarra). Iruñerrian, berriz, 1050,3 pertsona bizi dira kilometro koadroko: Nafarroako biztanleen erdiak hor daude.

Despopulatzeko arriskurik handiena duten eskualdeek dute, halaber, biztanleriarik zaharrena: Pirinioek, Zangozaldeak eta Ega-Montejurra eskualdeak. Gainera, eskualde horietan dago gizartearen euskarri den biztanleriaren gutxitzea. Hain zuzen, lanerako adinean egon, gizarteari ekonomikoki eutsi, kontsumitu eta zaintzen duen biztanleria da gizartearen euskarria. Txostenean jaso dutenez, despopulatutako guneetan bereziki emakumeek alde egiten dute bertze eskualde batzuetara, trebakuntza handiagoa jasotzeko eta beren eskualdeetan ez dituzten lan aukeren bila. Horrek areagotu egin du lurralde horietako gizartearen maskulinizazioa.

Aurreko guztiaz gain, bertze faktore batek ere badu eragina Nafarroako eskualde batzuen despopulazioan: migrazioak. Nekazaritza eta nekazaritza industria errotuta dauden eskualdeetan bizi da proportzioan migratzaile gehien —Espainiakoak ez dituzte horrelakoetan aintzat hartzen— Erriberan, biztanleen %17,1 migratzaileak dira; Erribera Garaian, %20 dira. Txostenak dio migratzaileen kopuru horrek ezabatzen duela despopulatze arriskua. Txostenean, dena dela, nabarmendu dute neurriak hartu beharra dagoela biztanleria hori gizarteratzeko. Despopulatze arriskuan diren eskualdeetan dago atzerriko biztanle gutxien: Pirinioetan eta Pirinioaurrean.