COVID-19ak eragindako krisi ekonomikoaren aurrean, ESE sustatzeko ekinbidea garatu dute Udalbiltzak eta Koop57k

2020/06/12

Datorren krisi ekonomikoari aurre egiteko eta ekonomia sozial eraldatzaileko proiektuak laguntzeko xedearekin, Koop57 eta udal, mankomunitate zein garapen agentzien artean, funts ekonomiko komunak sortzea proposatu dute bi erakundeek.

Card image cap

2019  urtean, Udalbiltza Partzuergoak lankidetza hitzarmena sinatu zuen finantza zerbitzu etiko eta solidario Koop57 erakundearekin lurralde desoreka pairatzen duten eskualdeetan ekonomia sozial eraldatzaileko proiektuak sustatzeko. Horren harira, eta bizitzen ari garen krisi ekonomikoaren ondorioz, Udalbiltzak akordio hori Euskal Herriko udalerri guztietara zabaltzea proposatzen du, krisiaren ondorioei aurre egiteko asmoz. 

Eskaintzaren helburua hauxe da: interesa duen udalaren, garapen agentziaren edo mankomunitatearen eta Koop57 erakundearen artean funts ekonomiko komun bat sortzea, herrian edo eskualdean ekonomia sozial eraldatzailean oinarritzen diren proiektuak finantzatzeko. Bultzada forma juridiko zehatz batzuetara bideratuko litzateke:

  • Elkarteak
  • Kontsumitzaile eta erabiltzaile kooperatibak
  • Zerbitzu kooperatibak
  • Lan elkartuko kooperatibak
  • Kooperatiba mistoak
  • Gizarteratze enpresak
  • Fundazioak
  • Nekazaritza elkarteak
  • Lan sozietate anonimoak eta autonomo batzuk (ez ohiko kasuetan).

Alde batetik, Koop57k konpromisoa hartuko luke kreditu-lerro espezifiko bat irekitzeko herrian eragina duten ekonomia sozial eraldatzaileko proiektuak finantzatzeko. Bestalde, Koop57k eta Udal horrek funts komuna osatuko lukete, kreditu-lerro espezifiko horren esparruan emandako maileguak bermatzen laguntzeko.

Zehazki azaltzeko, udalak funtsaren %50 bermatuko luke, eta Koop57k, beste %50a. Adibidez, udal batek 10.000 euro jarriko balitu, Koop57k beste 10.000 euro jarriko lituzke eta kreditu-lerroaren irekiera 100.000 eurokoa izango litzateke.

Horrenbestez, interesa duten udal, garapen agentzia eta mankomunitateek udalbiltza@udalbiltza.eus helbidera idatzi edo +34 699 04 84 28 telefonora dei dezakete.