Berrikuntzak Hartu-Eman esperientzien bankuarentzat

2020/12/11

2019. urtetik martxan dagoen Hartu-Eman esperientzia eraldatzaileen bankuak aurrerapausoak emango ditu datorren urtean. Lan-ildo berriak gehitzea eta nazioarteko esperientziak txertatzea dira Udalbiltzaren proiektu honek izango dituen berrikuntzarik nagusienak.

Card image cap

Hartu-Eman esperientzia eraldatzaileen bankua Euskal Herriko udalerri, eragile edota herritarrek martxan jarritako proiektu aitzindari eta praktikoak bilduko zituen katalogo gisa sortu zen orain urtebete pasatxo. Banku honek esperientzia horiek katalogatu, azaldu eta gainontzeko euskal herritarren mesedetan jartzea du helburu, eragile horien artean saretu eta denon artean gizarte jasangarriago eta eraldatzaileago bat eraikitzeko.

Proiektu orok bezala, aurrera egin du ere Hartu-Emanek, eta urte honetan egindako batzorde batzuen ostean, proiektuaren izaera hainbat zentzutan zabaltzea erabaki da. Batetik, orain arte katalogatutako lan-ildoei beste batzuk gehituko zaizkie. Energia burujabetza, Elikadura burujabetza, Etxebizitza eta hirigintza, Lurra lantzeko erraztasuna, Ekonomia sozial eraldatzailea, Euskara, Politika Feministak eta Parte hartzea izan dira orain arte landutako ildoak; 2021. urtean, ostera, Jatorri Aniztasuna, Teknologia Burujabetza, Hondakinen kudeaketa eta Hezkuntza barnebiltzen dituzten proiektuak ere gehituko zaizkio bankuari.

Bestetik, proiektu berrien identifikazioa nazioartera zabaltzea erabaki da, Euskal Herrira mugatu beharrean. Mundu mailan arrakasta izan duten eta Euskal Herrira transportagarriak izan daitezkeen proiektu berriak identifikatzen hasi da Udalbiltza, eta laster horiek ere webgunean ikusgarri izango dira. Aldaketa honek, halaber, proiektuaren komunikazioari laugarren hizkuntza bat gehitzeko beharra erantsi dio: aurrerantzean proiektu guztiak euskaraz, gazteleraz eta frantsesez azaltzeaz gain, ingelesez ere azalduko dira, atzerriko eragile eta herritarrek ere banku honetan biltzen diren esperientzien berri izan dezaten.

Dagoeneko Udalbiltza hasi da Etxebizitza komunitarioen, Energia burujabetzaren eta Teknologia burujabetzaren inguruko hainbat proiektu berri identifikatzen. Adi egon gure webguneko atal honi, laster emango baitira argitara!