Bai Euskarari ziurtagiria: Euskal Herri burujabe bat eraikitzeko bidean, administrazioek zerbitzuak eta lana euskaraz

2023/04/24

Udalbiltza Partzuergoak “Zerbitzua eta lana euskaraz” eskaini eta egiten dituela egiaztatzen duen agiria jaso berri du: Bai Euskarari Ziurtagiria, alegia. Egoera baliatuta, elkarrizketa egin diogu Leire Luengo Bai Euskarari elkarteko aholkulariari, ziurtagiri honen testuingurua, inplikazioak eta alde praktikoa hobeto ezagutzeko; baita Euskal Herriko udalerriak agiri hau eskatzera gonbidatzeko ere, Euskal Herriaren eta euskararen burujabetasun sendoago baten bidean.

Card image cap

Udalbiltzak Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu berri du. Hasteko eta behin, zein gogoeta egiten duzue Bai Euskarari Elkartetik honen inguruan?

Euskal Herria burujabe bat eraikitzeko bidean, Udalbiltza Partzuergoak Euskal Herriko garapen eta barne kohesioa sustatzea du helburu nagusi. Helburu hori lortzeko ezinbesteko jotzen dugu euskara erdigunean kokatzea eta mugaz gaindiko harreman zein proiektuetan euskararen erabilera areagotzeko eragitea.

Udalbiltzak zerbitzua euskaraz ematen duela ziurtatzen du lortu berri duen Bai Euskarari Ziurtagiriak. Baina, ziurtagiriaz gain, sinistuta gaude keinu hau euskara eremu berrietara eramateko elkarlanaren lehen pausoa besterik ez dela izango. Horregatik, Bai Euskarari Elkartearentzat pozgarria da Udalbiltza bezalako erakunde batek ziurtagiridunen komunitatearekin bat egin izana.

Noiztik ematen dituzue ziurtagiri hauek, eta zein beharri erantzunez sortu zenituzten?

Bai Euskarari ziurtagiria 2000 urtean jarri zuen martxan Euskalgintzaren Kontseiluak, eta bere ekimenez, Bai Euskarari Elkartea sortu zen 2007an, proiektuaren kudeaketa lan munduko eragileekin partekatzeko.

Gaur egun, euskara erabiltzeko eta sustatzeko lanean ari diren enpresak, saltokiak eta era guztietako entitateak identifikatu, aitortu eta pausoak ematen laguntzen dituen tresna eraginkorra da.

Ziurtagiriaren irudiaren bitartez, produktuen edota zerbitzuen erabiltzaileek jakin dezakete enpresa horretan euskaraz hartuko dituzten, euskarazko zerbitzua eskainiko dieten, euskaraz lan egiteko gaitasuna dagoen edo zerbitzuak euskaraz emateko bidean ari diren. Ziurtagiriaren hiru mailetako bakoitzak adierazten du zein den enpresa baten hizkuntza-egoera: “Zerbitzua eta Lana Euskaraz”, maila gorena, zerbitzua euskaraz eskaini eta euskara lan hizkuntzatzat duten enpresei, saltokiei eta era guztietako entitateei zuzenduta dago; “Zerbitzua Euskaraz”, zerbitzua euskaraz eskaintzen duten enpresei, saltokiei eta era guztietako entitateei zuzendua; eta “Bidean”, aurretik aipatutako bi mailetara iristeko neurriak hartzen eta garatzen ari direnei zuzendua.

Udalbiltzaz aparte ze beste administrazio publikok lortu du honezkero ziurtagiria? Eta orotara, zenbat ziurtagiri banatu dituzue honezkero?

Egia esan, gutxi dira ziurtagiria duten administrazioak, batez ere, alor sozioekonomikoari begirako tresna bat baita. Hala ere, gaur egun badira ziurtagiri hau eskuratu duten hainbat administrazio: Arakaldoko Udala, Arruazuko Udala, Busturiko Udala, Etxalarko Kultur Etxea, Lakuntzako Udala, Sarako Herriko Etxea eta Uztaritzeko Herriko Etxea.

Gaur egun Euskal Herri osoko 1.284 entitatek dute Bai Euskarari Ziurtagiria: ‘Zerbitzua eta lana euskaraz’ eskaintzen dute 317k; ‘Zerbitzua euskaraz’ 461ek; eta zerbitzua euskaraz eskaintzeko ‘Bidean’ dira 506.

Zer egin beharko luke Euskal Herriko udal batek halako ziurtagiri bat lortzeko? Zein pausu jarraitu behar ditu?

Bai Euskarari Elkartearekin harremanetan jarri eta aholkulari baten laguntza izango dute prozesuaren hasieratik.

“Zerbitzua euskaraz” eta “lana euskaraz” izan dira, historikoki, ziurtagiriaren mailak bereizteko garaian aintzat hartu diren bi ardatz nagusiak. Maila bat edo bestea lortzeko kontuan hartzen diren irizpideak bost ataletan banatzen dira: pertsonen hizkuntza gaitasuna, erakundearen irudia, kanpo komunikazioa, barne komunikazioa eta lan-tresnak eta, azkenik, pertsonen kudeaketa.

Irudiaren eta kanpo komunikazioaren elementuak euskaraz dituztenek "Zerbitzua euskaraz" ziurtagiria eskuratuko dute; bost atalak euskaraz dituztenek "Zerbitzua eta lana euskaraz" ziurtagiria eskuratuko dute. Irizpideak betetzera iristen ez diren gainerako entitateek "Bidean" maila izango dute.

Bai Euskarari komunitatearen parte den entitateak euskara maila hobetzeko behar duen aholkularitza eta baliabideak jasotzen ditu, Bai Euskarari Elkartearen jarraipen, ebaluazio eta sustapen lanarekin.

Ziurtagiriaz gain, beste zenbait proiektu ere baditu Bai Euskarari Elkarteak, ezta?

Bai, hala da. Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta lan munduan euskaraz eroso aritzeko proiektu ezberdinak ari gara eskura jartzen. Proiektu propioak sortu ditugu (Ziurtagiria, Enpresarean, Lansarean lan-ataria, Euskaragileak, ‘Elkarrengandik Ikasiz’ solasaldiak...), elkarlanean aritzen gara beste zenbaitetan (Lazarraga Sariak, Euspot Lehiaketa, Beterri-Saretuz, etab.) eta erakunde ezberdinei zerbitzua eskaintzen hasiak gara. Ziurtagiri bat baino askoz gehiago izatera iritsi gara, eta aurrera begira ere eremu ezberdinetan eragiten jarraitzeko konpromisoa dugu eta, gainera, hori dena guretzat garrantzi handikoak diren balioak aintzat hartuta: gertutasuna, elkarlana, ausardia eta eraginkortasuna.

Amaitzeko, udalerriak pausu hau ematera gonbidatzeko hitz batzuk esaterik?

Euskara erakundean txertatzen laguntzen duen metodologia erraza darabil Bai Euskarari Ziurtagiriak, bidean aholkularien laguntza jasotzen da eta urtero egiten dira segimendua eta ebaluazioa. Tresna baliagarria da urratsak emateko eta herritarrei zerbitzuak euskaraz eskainiko zaizkiela bermatzeko.