Astebururako planik gabe? Lurgidaren Agendak lagunduko dizu!

2022/09/22

Ikasturte berriari hasiera emanez, Euskal Herriko barne-turismo jasangarria sustatzea helburu duen Lurgida egitasmoak tresna berri bat du gaurtik eskuragarri: Agenda. Atal honetan, astero-astero, Euskal Herriko bazter guztietan egongo diren hamaika kultur, aisialdi edota kirol gertakari argitaratuko dira, EH Furgo blogaren laguntzaz.

Card image cap

EH Furgo proiektuak 2015. urtetik darama bere blogean Euskal Herrian zehar (baita kanpoan ere) egin daitezkeen bidaia edota planak gomendatzen. Horrez gain, hainbat euskal hedabidetan ere parte hartu izan dute, bidaia-proposamenak eginez; eta euren sare sozialetan astero-astero argitaratu ohi dituzte asteburuan gure geografia osoan izango diren egitasmoen afixa eta jakinarazpenak. Oraingoan, euren baliabideak eta eskarmentua Udalbiltzaren plataformarekin batu eta, elkarlanean, Lurgidaren Agenda hau osatu dugu.

Tresna honen asmoa, Lurgida webgunea edota mugikorreko aplikazioan nabigatzen duten erabiltzaileei Euskal Herri barnean bidaiatzeko ideiak eskaintzea da. Webgunean ageri diren ‘Herriak’ edota ‘Ibilaldiak’ izeneko atal finkoen aldean, tresna jariokor honen bitartez astero 30-40 inguru ekimen gomendatuko dira. Webgunean jada erabilgarri dago, eta mugikorretako aplikazioetan aurki egongo da, Android zein IOS formatuetan.