ELKARRIZKETA: Asteasu eta Sartaguda, memoriak elkarturik

2019/05/07

Pili Legarra (Asteasu) eta Paolo Albanese (Sartaguda) alkateek biziki baikorki baloratu dute Udalbiltzaren babesarekin egindako jardunaldia

Card image cap

Asteasuko Udalak, Udalbiltza Partzuergoaren etaGipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin, oroimen historikoaren inguruko jardunaldia antolatu zuen, Aranzadi Zientzia Ekartearekin elkarlanean. Bertan jaso ziren 1936ko Gerra Zibilaren garaiko hiru toki ezberdinetako, hiru testigantza: Asteasukoa, Sartagudakoa eta Donibane Garaziko haur errepublikarren koloniakoa.

Distantzia geografikoaren gainetik, memoria historikoa berreskuartzeko egindako jardunak elkartu ditu bi herriak. Orotara berrogei bat lagun hurbildu ziren Asteasura Saseta defentsa sistemako lubakiak bisitatzera, eta jardunaldian parte hartzera. Hemen bi herriotako alkateak elkarrizketatu ditugu, haien balorazioa biltze aldera.

1. Nola sortu da Asteasu eta Sartagudaren arteko lehen harremana?

Paolo Albanese: 2016 urtean Asteasura joan ginen bertan Bernardo Atxagaren obra ezagunean oinarrituriko eta audio-gida baten bidez herria korritzen duen Muskerraren Bidea ezagutzeko; izan ere, interesgarri iruditzen zitzaigun Sartagudan egin nahi genuen beste proiektu batekiko: Memoriaren ibilbidea. Asteasuarren aldetik erraztasun eta beharrezko informazio guztia atzeman genuen, bultzatu nahi genuen proiektua garatzeko. 2017an inauguratu genuen ibilbidea eta Pili Legarra gonbidatu genuen. Memoria historikoa batzen gintuen gaia zela eta gure artean konplizitateak garatzeko aukera ematen zigula iruditu zitzaigularik, bi herrien artean esperientziak partekatzeko jardunaldi hau antolatzeari ekin genion. Zentzu horretan, memoria historikoa bi errealitate ezberdin elkar topatzeko lokarria izan da.

2. Zein da honelako harreman eta hartu-emanen garrantzia?

Pili Legarra: Herrien arteko elkarlana eta elkar ezagutza oso garrantzitsuak dira, batik bat herri txikiagoen artean. Harremanak estutzearekin konturatzen zara gauza asko konpartitzen ditugula eta beti da aberatsa esperientziak trukatzea eta nor bere herrian garatzen dituen ekinbideen berri ematea.

P.A.: Gure burua ezagutzean, gure herria osatzen duten errealitate ezberdinetatik ikastean eta horiekin konplizitateak sortzean datza. Kasu honetan, oroimen historikoaren bueltan bildu gara, elkar ezagutzarako abagune andana bat eskaintzen dizkigulako. Baina gai askoren buelta garatu litezke elkarlan eta harremanak: elikadura burujabetza eta Euskal Herrian ekoizten diren elikagai aniztasuna, euskara eta eremuka bizi dituen egoera ezberdinak, gure herria koloreztatzen duten adierazpen kultural eta errealitateen aniztasuna. Anitzak bai, baina gu guztionak direnak; gure artean elkartzera eta gure herriaren mapa edukiz betetzera bultzatzen gaituena.

Gure burua ezagutzean, gure herria osatzen duten errealitate ezberdinetatik ikastean eta horiekin konplizitateak sortzean datza.

Sartagudak 36an pairaturiko errepresioa eta data berdinetan Gipuzkoa inbaditu zuten tropa frankisten aitzinatzea lotzen ditu txarrantxaz eginiko hari historiko batek. Era berean, duintasun hari batek elkartzen ditu Sartagudako laborariek uztailaren 20ean frankistak geldiarazteko egindako ahalegina, Asteasu, Zizurkil eta beste herrietan Candido Sasetaren eskutik antolaturiko defentsarako lubakiak, eta frankismoaren izuaren iheslariak aterpetzeko Ipar Euskal Herrian antolaturiko kanpalekuak. Guzti hori prozesu historiko berdinetik abiatzen da, eta interesgarria da hori komunean jartzea.

3. Udalbiltza Partzuergoak zein paper joka lezake labore horretan?

P.L.: Aurrekoaren harira Udalbiltzak herrien arteko elkar ezagutza bultzatzea garrantzitsua da. Gehienetan, bakoitzaren herrialdeko herriak ezagutzen ditugu eta gutxiegi beste lurraldeetakoak, baina asko dugu partekatzeko. Zubiak eraikitzea beti da baikorra. Orain bultzatu den Sartaguda-Asteasu ekimenak, gogoa sortu du gure artean hara bisita bat egiteko, adibidez. Hasiera bat da, eta ez dakigu zenbateraino emango digun. Udalok bultzatu behar ditugu horrelako ekinbideak herritarren artean ere gogoa pizteko. Hori sustatzeko Udalbiltzaren laguntza ezinbestekoa da.

P.A.: Udalbiltzak egiteko garrantzitsua dauka errealitate ezberdinetako udalerriak hurbiltzeko, eta ezinbesteko aktore bat da udal alorretik Ebroko hegietako Euskal Herria, Pirinioetakoekin, eta Bardeetakoa Kantaurikoarekin elkartzeko.

4. Asteasuk zer du irakasteko/erakusteko/partekatzeko garai gogor horiek pairatu zituzten Euskal Herriko gainerako udalerri horiekin? Eta Sartagudak?

P.L.: Lehenago esan bezala, Zizurkil, Aduna eta Larraulgo udalekin batera hasi ginen oroimen historikoa lantzen, Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzarekin. Ez dugu ahaztu behar gure inguruko mendietan egon zela Saseta Defentsa Sistema. Inguruak lubakiaz josita daude eta egindako indusketa arkeologikoen bidez horien zati bat berreskuratzeaz gain, gudarien tresna batzuk eta material belikoa ere jaso da. Dena jaso da “Saseta Defentsa-Sistema” izeneko liburuan. Baina oraindik ere badugu zer landua; adibidez emakumeek jasan zuten guztia.

Beraz, beste hainbat herrien antzera, hemen ere une latzak bizitu ziren, eta garrantzitsua iruditzen zait iraganarekiko lotura ez galtzea, orduan gertatutakoa biltzea, eta ondorengoei jakinaraztea.

Udalbiltzak egiteko garrantzitsua dauka errealitate ezberdinetako udalerriak hurbiltzeko, eta ezinbesteko aktore bat da udal alorretik Ebroko hegietako Euskal Herria, Pirinioetakoekin, eta Bardeetakoa Kantaurikoarekin elkartzeko.

P.A.: Sartagudako Oroimenaren Parkeak Euskal Herriko leku anitzetako bisitak jasotzen ditu, baita estatuko eta Europa osoko bisitariak ere. Sartagudak badu historia bat, baina batez ere, berreskurapenaren alorrean eginiko lan handi bat dago atzean, Euskal Herriko gainerako herrientzako inspiragarri izan daitekeena. Memoriaren Ibilbideak Sartagudako karrikak eta plazak zeharkatzen ditu, audio-gida batez, 36ean gertaturikoen berri emanez. Herrian diren oroitarri eta plakak ere interes puntu garrantzitsuak dira Sartagudan. Memoria espazio publikora zabaltzea, belaunaldiak elkartu eta historiaz ikasteko eta gertaturiko itsuskeriak inoiz eta inon ez errepikatzeko bide bat da. Ziurrenik, hauxe da Sartagudak erakusteko daukan ikasgai nagusiena.