Asier Garaialde (Izarkom): «Sare telematikoak herritarren eskuetara igarotzeko, herritar eta erakunde publikoen elkarlana beharrezkoa da»

2020/05/27

Asier Garaialde, telekomunikazioetan aditua eta Izarkom operadore kooperatiboko kidea da. Gizartea eraldatzeko ezinbesteko dakusa telekomunikazio burujabetza garatzea eta oinarrizko baliabide horiek herritarren eskuetara igarotzea, modu deszentralizatu, partekatu eta neutral batean kudeatuak izan daitezen.

Card image cap

Argazkia: etzi.pm

Aspalditik datorkio telekomunikazioetarako zaletasuna Asier Garaialderi, eta ibilbide horren emaitza izan da Izarkom telefono eta internet operadore kooperatiboa. Hainbat herritar eta udalekin elkarlanean, telekomunikazio sare propioak garatzen ari dira, erakunde publikoei laguntza edo aholkularitza eskainiz, arlo teknikoan zein juridikoan.

Zein izan da zure ibilbidea telekomunikazioen arloan?

Nire ingurukoek betidanik ikusi izan naute eskuartean antena, irrati-transmisore eta ordenagailuak ditudala. Gazte-gaztetatik oso interes handia izan dut telekomunikazio eta telematika arloetan. 13 urterekin irrati zale nintzen. 1996-1999 urteen artean irrati zaletasuna, elektronika eta telematika uztartuz, gaur egungo WiFi sare libreen aurrekari kontsidera daitezkeen irrati transmisore bidezko PacketRadio/BBS sistemekin eta hauek oinarrizko komunikazio digitalerako eskaintzen zituzten aukerekin esperimentatzen saiatu nintzen, eta garai haietan Euskal Herrian gorakada izan zuen irrati libreen inguruko instalaziotan ere lagundu nahian aritu nintzen.

«Ezinbestekoa da telekomunikazio burujabetza sustatu eta oinarrizko baliabide horiek herritarron esku egon daitezen eta modu deszentralizatu, partekatu eta neutral batean kudeatuak izan daitezen»

90. hamarkada bukaera aldera, Internet ezagutu nuen, eta 2000ko hamarkadaren hasieran, WiFi sarearen sorrerarekin, herritarren arteko komunikazio eta sare garapenerako izugarrizko baliabidea izan zitekeela ikusita, auzo eta herri mailako estaldurako WiFi sare libre eta herritarrak sortzen hasi ginen hainbat lagun, Pringles pataten tuboa edo kontserba latekin, eskuz egindako antenak erabilita. Hortik aurrera, erabat murgilduta nago sare libre, herritar eta partekatuen garapenean.


Gaur egun, zein da errealitatea telekomunikazioen munduan? Zertara bideratzen da zerbitzu hori eta noren interesetara?

Telekomunikazio mundua, eta batez ere telefonia eta internet zerbitzua, liberalizatuta dago, merkatu librean eskaintzen direlarik; hau da, teorian, merkatuaren eskari eta eskaintzak «auto erregulatzen» omen ditu zerbitzu horien ezarpen eta prezioak. Errealitatea, aldiz, ez da horrela. Telekomunikazio operadore transnazionalek oligopolio itxi bat gauzatzen dute, ustezko merkatu librea beraien interesetara bideratuz.

Horrela, gizarte komunikazio eta antolakuntzarako ezinbesteko baliabide bihurtu diren telefono eta internet konexioa etekin ekonomiko handiak lortzearen helburu soila duten enpresa transnazionalen esku geratzen ari da, hauek lortu nahi duten errentagarritasun maila altua edo mozkina lortzea zailagoa den esparruak alde batera utziz eta egoera sozio-ekonomiko zaila duten herritarren edo landa eremuetan bizi diren herritarren konexio aukerak erabat mugatuz.


Zergatik beharrezkoak dira telekomunikazio azpiegitura partekatu, ireki, libre eta neutralak garatzea?

Lehenik eta behin, efizientziarengatik. Ekonomikoki eta sozialki erabat ulergaitza da telekomunikazio operadore bakoitzak bere sare pribatu eta esklusiboa garatzea, telekomunikazio azpiegiturak bikoiztuz, hirukoiztuz eta laukoiztuz. Hiri handietan bizi diren herritarrek normaltzat dituzte jada beraien etxeetako hormak betetzen dituzten operatzaile desberdinen zuntz sareak, leku berdinean operatzaile bakoitzak bere azpiegitura esklusiboa ezarrita.

Zabalpen eredu burugabe hori erabili ordez, operatzaile guztiek erabiltzeko aukera izango luketen sare neutro eta partekatuak jarriko balira, hauen kostea izugarri jaitsiko litzateke eta gaur egun, beraiek nahi duten errentagarritasun faltagatik sare hedapenak egiten ez dituzten esparruetan ere estaldura bermatu ahal izango litzateke.

«Gizarte komunikazio eta antolakuntzarako ezinbesteko baliabide bihurtu diren telefono eta internet konexioa etekin ekonomiko handiak lortzearen helburu soila duten enpresa transnazionalen esku geratzen ari da»

Adibide txiki batez azaldu daiteke. Inork ezagutzen al du errepide sare publiko eta orokorra erabili ordez, bere kamioiek soilik erabili ahal izango luketen errepideak egiten dituen garraio enpresarik? Garraio enpresa bakoitzak bere kamioiek esklusiboki erabili ahal izango luketen errepideak sortzen ahal ditu, puntu batetik bestera garraioak egiteko errepideak bikoiztu eta hirukoiztuaz? Errepideen kasua izugarrizko zentzugabekeriatzat hartuko genukeen bezala, telekomunikazioen kasuan egoera berdina normala izango balitz bezala bizitzera bideratu gaituzte.

Bestalde, telefono eta internet konexioak herri eta gizarte antolamendurako ezinbesteko baliabide bihurtu diren garai hauetan, ez da zentzuzkoa hauek ahalbidetzen dituzten zuntz optiko, antena eta beste oinarrizko sare azpiegiturak, operadore transnazional horien jabetzakoak izatea. Operatzaileek gobernu eta goi mailako politikariekin daukaten harremana oso estua izanik, hauen aurkako jarduera edo eskakizunak oztopatu eta indargabetzeko ahalbidea osoa baitute.

Nahiz eta azaldutakoa demostratzeko kasu argienetakoen artean, 2017ko urriaren 1ean Kataluniako independentziarako erreferenduma eragozteko hainbat operadorek (Movistar operadoreak, besteak-beste) eragin zituzten konexio mozketak eta zentsura saiakerak aipa genezake. Hala ere, ez dira gutxi izan Euskal Herrian ere horrelako praktikak operadore transnazionalen aldetik.

Honenbestez, herritarrok internet eta telekomunikazioak herrigintza eta gizarte antolakuntzarako baliabide bezala erabili nahi baditugu, ezinbestekoa da telekomunikazio burujabetza sustatu eta oinarrizko baliabide horiek herritarron esku egon daitezen eta modu deszentralizatu, partekatu eta neutral batean kudeatuak izan daitezen.

Horrenbestez, Euskal Herrian alternatiba telekomunikatibo propioak garatzeko aukerarik legoke?

Euskal Herrian telekomunikazio alternatiba propioak garatzeko aukera, eskubide eta obligazio osoa daukagu telekomunikazio burujabetza lortu eta gizarte eraldaketa bat sustatu nahi badugu. Tradizio handia dugu Euskal Herrian ondasun zein baliabide komunen kudeaketan, eta auzolanean jarduten. Eredu horiek telekomunikazio esparrura bideratzea da gakoa, eta duela hainbat urtetatik Euskal Herrian zenbait eragile gabiltza sare aske, partekatu, neutral eta komunen garapenean murgildurik, IZARKOMen adibidez.

Hala ere, ekimen hauek indar handiagoa hartu dezaten eta eraginkorragoak izan daitezen, ezinbestekoa da administrazio publikoen inplikazio eta parte hartzea; batez ere, herritarrongandik gertuen dauden erakundeena: udalak, partzuergoak, etab.

Nola bermatu daiteke sare telematikoak herritarren eskuetara pasatzea?

Sare telematikoak herritarren eskuetara pasatzeko modurik eraginkorrenak, sare hauek herritar eta gertutasuneko erakunde publikoen elkarlan eta parte hartzearekin garatzea da. Udal askok badaukate sare hauen garapenerako egokiak izan daitezkeen azpiegitura eta kokapenak: erabili gabeko zuntza edo zuntz ilun sareak, udal irratien transmisio guneak, mendi gainetan dauden ur-biltegiak, herriko telebista errepikagailu edo Nafarroan ETB ikusi ahal izateko duela hainbat urte eraiki ziren azpiegitura, txabola, dorre, eta abarrak.

Udalek eta gainerako gertutasuneko erakunde publikoek, azpiegitura horiek, telekomunikazio sare propioak garapenerako ahalbidetuko balituzte, urrats handiak eman litezke oso denbora motzean. IZARKOMetik, adibidez, zenbait udalekin elkarlanean ari gara, aipatutako azpiegitura horien erabilera eta kudeaketa modu egokian ahalbidetzeko hitzarmenak prestatzen eta gauzatzen. Horretarako laguntza edo aholkularitza eskaintzen diegu udal eta erakunde publikoei, arlo tekniko eta juridikoan, erabilpen horiek nola arautu eta egikaritu daitezkeen azaldu eta bideratzeko.

Esan bezala, udalek zeresan handia izan dezakete aurrerantzean telekomunikazio burujabetza sustatu eta telekomunikazio sare propio eta herritarrak garatzeko.