Aritz Branton: “Gaur egun literatura sustatzeko eginkizun zailean Internetek funtsezko papera betetzen du”

2023/04/21

Udalbiltzak, Geuretik Sortuak proiektuaren bitartez, Booktegi plataformarekin egin duen lankidetza baliatuta, bertako sortzaile eta kudeatzaile Aritz Brantonekin elkartu gara plataformaz apur bat solasean aritzeko.

Card image cap

Noiz eta nola sortu zen Booktegi?

2017an sortu zen. Ikusi genuen liburu askok ez zutela merezi zuten arreta lortzen, eta ahaztuta geratzen zirela. Aldi berean, liburu elektronikoa oso gutxi aprobetxatua zegoen kontzeptua zen. Beraz, bi hutsune horiek uztartuz, gauza berri bat sortu genuen: booktegi.eus

Nola definituko zenuke, eta zein helburu du?

Booktegi argitaletxea da, astero-astero liburuak argitaratzen dituena. Bestetik, liburutegia ere bada, non erabiltzaileek dena doan eskura eta erabil dezaketen. Amaitzeko, ikus-entzunezko ekoizlea da, bideoak, telesaio bat(elkarrizKATEA) eta jendaurreko ekitaldiak eskaintzen dituena.

Funtsean, Booktegiren helburua euskaraz irakurtzeko eta idazteko zaletasuna sustatzea da.

Zeintzuk dira bere atal edota proiektuak?

Nagusia, ‘Liburuak' atala da: egun 300 liburu baino gehiago ditu 17 ataletan antolatuta. 'Elkarrizketak' eta 'Saio Bereziak' atalak ere baditu, 70 bideorekin. Horrez gain, lehen aipatutako 'elkarrizKATEA' atala ere badago, dagoeneko bost denboraldi dituena.

Udalbiltzaren Geuretik Sortuak proiektuarekin kolaborazioa abiatu duzue 2023. urtean, lehenengo edizioko literatur lanak bertan ere eskuragarri jartzeko. Nola ezagutu zenuen proiektua, eta zergatik erabaki zenuen Booktegiren plataforma eskaintzea?

Fito Rodriguezek eta Itxaro Bordak eman ziguten proiektuaren berri, bertan parte hartuko zutela esanez. Gainera, Booktegi usurbildarra denez, Itxaro bere ipuina prestatzen ari zela (Usurbil egokitu baitzitzaion idazle lapurtarrari), berarekin elkartu ginen gure egoitzan egun batean honi buruz hitz egiteko. Lagun horien lana ezagututa, baita Udalbiltza eta 'Geuretik Sortuak' proiektuaren ezaugarriak ere, ez genuen zalantzarik izan: bertatik aterako zena gure irakurleekin partekatu nahi genuen. Eta, beraz, Udalbiltzarekin bilera bat egiteko eskatu genuen, elkarlana proposatzeko.

Hamasei ipuinen sorkuntzan lagundu genuen Geuretik Sortuak-en lehen edizioaren bitartez; baita horiek bi tomotako bilduma batean argitaratu ere. Booktegin, ordea, banan-banan argitaratuko dituzue ipuin eta eleberri motz horiek; izan ere, jada batzuk webgunean daude. Zenbateko tartearekin aterako duzue ipuin berri bakoitza? Ordena zehatzik dago?

Ipuinak beste lan batzuekin tartekatu ditugu argitaratzeari dagokionez. Esan bezala, astero-astero argitaratu ohi ditugu liburuak, beraz, horien artean argitaratzen ari gara Geuyretik Sortuak-eko ipuin eta eleberrri motzak, bakoitza bere portadaren diseinu bereiarekin. Argitaratzen dugun gauza ororen berri, halaber, astero gure harpidedunei bidali ohi diegun buletinean ematen dugu. Lanen argitaratze ordenak ezta maiztasunak ez du esanahi berezirik.

Amaitzeko, gogoeta bat: zein egoeratan ikusten duzu egun euskal literatura? Internetek bere suspertzean lagundu duela uste duzu? Zein da Booktegiren eginkizuna panorama honetan?

Oso idazle onak dabiltza euskaraz, eta irakurle gutxiegi, momentu honetan. Hori dela eta, Booktegiren lan bat lanak gordetzea da, eta horri esker aurrerago etortzen diren irakurleek eskura izango dituzte. Gaur egun literatura sustatzeko eginkizun zailean Internet funtsezkoa da.