Aberri Eguna 2019
Udalbiltza Partzuergoak euskal herritarrak “Aberri Eguna bakoitza bere erara ospatzera” gonbidatu nahi ditu.

Aurtengo Aberri Eguna Hego Euskal Herriko hauteskunde prozesuek markaturik heldu zaigu, horrelako garaietan ohiko diren norgehiagoka elektoralen kontestu bete-betean. Ondorioz, aurten deialdi bateraturik loratu ez bada ere, Udalbiltza Partzuergoak euskal herritarrak Aberri Eguna bakoitza bere erara ospatzera gonbidatu nahiko lituzke.
Aberri Eguna, Euskal Herria gure etxetzat dugun guztion eguna da. Gure gari soroak horizten dituzten eguzki errainuen beroan, edo baso berdeen gerizpean, aterpetzen garen guztiona. Guztiok badugu zer ospatu apirilak 21 honetan. Aniztasunak ezaugarritu du gure Euskal Herria betidanik, eta horren isla behar du izan ere Aberri Eguna. Zentzu horretan, Udalbiltza Partzuergoak euskal herritar guztiak batuko gaituen Aberri Egun biziberritu eta gaurkotu baten alde lan egiteko nahi eta engaiamendu osoa helarazi nahiko luke.
Egungo testuinguru sozio-politikoari so eginez gero, beti bezain garrantzitsu zaigu estaturik gabeko herrioi gure izena eta izana aldarrikatzea. Harrotasunez, bai, baina batez ere, beste herri zapalduekiko elkartasunez ere. Izan ere, argi gelditu da herri guztiok osatzen dugula menpekotasunaren eta inposaketaren hesola eraisteko sarea. Euskal herritarrok Euskal Herritik, korsikarrek Corsicatik, katalanek Països Catalansetatik… denek elkarrekin arituz gero, norbera bere herritik, bere errealitatetik eta bere baldintza objektiboetatik abiaturik, ziur botatzea lortuko dugula.
Aberri Eguna, dena dela, nazio aldarrikapenetik haratago doan hitzordua dela deritzo Udalbiltza Partzuergoak. Gure bizia ehuntzen duten egitasmo guztien bat egiteak egiten du Aberri Egunetik, amesten dugun herriaren irudikapena: borroka feminista, euskararen aldeko dinamika nazionalak, neoliberalismo bortitzaren aurkako langile borrokak, gure amalurraren defentsa… Esperientziak elkartzeko eta herrigintzan urratsak emateko eguna dugu.