2023ko aurrekontua eta kudeaketa plana onartu ditu Udalbiltzako Kontseilu Nagusiak Oiartzunen
Udalbiltzak urteko lehen Kontseilu Nagusia antolatu zuen pasa den martxoaren 17an Antzuolako kultur etxean. Bertan, besteak beste, 2023ko aurrekontuaren onarpena, langileen soldaten igoera eta aurtengo kudeaketa plana onartu ziren aho batez.

Udalbiltza Partzuergoko lehendakari Jabi Asurmendiren eta bertako idazkari Joseba Agudoren gidaritzapean gauzatu zen 2023ko lehen Kontseilu Nagusia. Bertan 21 udalerritako ordezkari izan ziren, batzuk aurrez aurre eta beste batzuk online plataforma baten bidez konektatu zirenak. Aurreko Kontseiluaren akta onartu ostean, eguneko gaiei heldu zitzaien. Hasteko, Idazkariak azkeneko Kontseilu Nagusiaz geroztik emandako Lehendakariaren ebazpenen laburpena egin zuen. Ostera, Espainiar Estatuko Aurrekontu Orokorren legeak proposatutakoari jarraituz, Partzuergoko langileen soldata %2,5 igotzea erabaki zen.
Kontseiluaren bigarren zatian, 2023an Udalbiltzak bere proiektuak garatu eta egitura gastuak mantentzeko diseinatu duen 687.657,88 €ko aurrekontua bozkatu zen; aho batez onartu zena. Aurtengo lan egutegia eta kudeaketa plana ere aurkeztu, bozkatu eta aho batez onartu egin ziren.
Amaitzeko, Udalbiltzako lehendakari Asurmendik Udalbiltzak 2022an egindako ekintzen memoria eta, aurrera begira, lan-ildoz lan-ildo aurrera aterako diren egitasmoen berri eman zuen bertaratutakoen aurrean.