2022ko aurrekontua eta kudeaketa plana onartu ditu Udalbiltzako Kontseilu Nagusiak Oiartzunen
Udalbiltzak urteko lehen Kontseilu nagusia antolatu zuen pasa den apirilaren 1ean, Oiartzungo Kultur Etxean. Bertan, besteak beste, 2022ko aurrekontuaren onarpena, langileen soldaten igoera eta aurtengo kudeaketa plana onartu ziren aho batez.

Udalbiltza Partzuergoko lehendakari Jabi Asurmendiren eta bertako idazkari Gorka Ojangurenen gidaritzapean gauzatu zen 2022ko lehen Kontseilu Nagusia. Bertan 19 udalerritako ordezkariak izan ziren. Aurreko Kontseiluaren akta onartu ostean, eguneko gaiei heldu zitzaien. Hasteko, Idazkariak azkeneko Kontseilu Nagusiaz geroztik emandako Lehendakariaren ebazpenen laburpena egin zuen. Ostera, Espainiar Estatuko Aurrekontu Orokorren legeak proposatutakoari jarraituz, zerbitzu publikoan lan egiten duten langileen soldata %2 igotzea erabaki zen.
Bigarren zatian, 2022an Udalbiltzak bere proiektuak garatu eta egitura gastuak mantentzeko diseinatu duen 687.657,88 €ko aurrekontua bozkatu zen; aho batez onartu zena. Aurtengo lan egutegia eta kudeaketa plana ere aurkeztu, bozkatu eta aho batez onartu egin ziren.
Amaitzeko, Asurmendik Udalbiltzak 2021ean egindako aurrerapausoak eta aurrera begira egituraketan eta lan egiteko moduan egongo diren aldaketa batzuk planteatu zituen bertaratutakoen aurrean.