“Zaintza artxipelagoetatik zaintza kontinentera igarotzeko ordua da, elkar konektatua eta sistema oso baten parte”
Uztailaren 11tik 16ra bitartean “Gizartea bere espazio publikoen antolakuntza eta eraldaketan” Udako ikastaroa burutu zen Zaldibian. Gaia ber-hartuz, ikastaroaren azken egunean antolatutako “Ertzetik Erdira” mahai inguruan moderatzaile gisa aritu zen Irati Mogollón Garcíarekin hitz egin nahi izan dugu, gehiago sakontzeko. Mogollón soziologian doktorea eta Matia Institutoko ikerlaria da.

Zaintzaz asko hitz egiten da azken aldian (are gehiago Covid pandemia agertu zenez geroztik). Zertaz ari gara zehazki? Eredua bera ere eztabaida guztien erdigunean dago. Zer da aldatu beharrekoa?
Zaintza bizitzak sostengatzeko egin beharreko egunerokotasuneko jarduerak dira. Ezinbestean, zaintzak gaixotasunarekin edo egoera oso zehatzekin lotzeko joera dugu, zaintza intentsiboak behar izaten direnetan nagusiki. Zaintzaz mintzo garenean, ordea, geure bizitzak sostengatzeko beharrezkoak diren euskarriak sortzeaz ari gara, eta euskarri horien artean harreman sistemak eratzeaz. Gakoa zaintzarekiko ikuspuntua aldatzean dagoela uste dut: adibidez, Matia Fundazioan beharrak laguntzetik bizitzak laguntzera leloa hartu dugu geure baitan. Beraz, aldaketa, lehenik eta behin, begiradan datza.
Honetarako, ezinbestekoa da sistema bera birplanteatzea. Lehenik eta behin, gure ongizate publikoaren egiturak pentsatu behar ditugu, eta egitura horien arteko konexioetan. Ikerketa zientifikoek azaleratu dute orokorrean harreman ahulak daudela administrazioko alor ezberdinen artean, gizarte zerbitzuak, eguneko zentroak, etxez etxeko zerbitzuak, Osakidetza, senideak, zaintzaileei zuzendutako euskarri psikologikoak… hamaika pertsona gaude norabide honetan lanean, baina egoera larrietarako izan ohi dugu soilik elkarren berri. Honek mapa asko zailtzen du, eta arreta zein zaintza ibilbideak edo zirkuituak zaurgarri bilakatu. Hortaz, zaintza artxipelagoetatik zaintza kontinentera igarotzeko ordua da, elkar konektatua eta sistema oso baten parte den egitura komunitarioa sortuz.
Nola baloratzen dituzu Udal batzuetan, ildo honetan diseinatzen eta martxan ipintzen ari diren politika berriak?
Oso ausartak. Egun oraindik hastapenetan gaudela jakin badakigun arren, administrazio publikoa eraldatzeko edozein prozesu ausarta bezain zaila izan daitekeela iruditzen zait. Instituzionalizazio prozesuek burokrazia eta moteltasuna ekarri dute administrazio publikoan eta hura eraldatzea erronka kulturala zein politikoa da.
Adinekoen zaintza hurrengo urteetako erronka nagusia izango dela entzuten dugu askotan. Zure ustez, zeintzuk izango dira kontuan izan beharreko klabeak?
Desinstituzionalizazioa: burokratikoak diren egitura eta prozesuetatik hurbilagoak, herritarragoak eta pertsonalizatuagoak direnak sortzea.
Pertsonalizazioa: pertsona bakoitzari bere bizitza sostengatzeko plana edo estrategia sortzea izan behar du helburu nagusia. Egitura edo sistema pertsonari egokituz, eta ez pertsona izanik egiturara egokitzen dena.
Kolektibizazioa eta normalizazioa: zaintza behar duen jendartea gara. Zaintza ospitaleetatik eta gizarte zerbitzuetatik atera eta guzti hori herrira zabaltzean datza gakoa. Horretarako, ezinbestean, normalizazio estrategiak burutu behar ditugu, eguneko zentroak herrien erdigunean ipiniaz, espazio pribilegiatuetan zaintza kokatuz eta ez etxeko espazio pribatuetan soilik gorde. Adinkeria lantzea ere ezinbestekoa izango da norabide horretan, eta zahartzearekin loturiko tabuen gainditzea.
Amaitzeko, aurrekontuen berrantolaketa soziala: eztabaida ederra dugu muturren aurrean, nola egin prozesu honetan zehar baliabide publiko gehiago ipintzeko eta dauden baliabideek ere eraginkortasun handiagoa izateko.
Zu zeu, Usurbilgo Udalarekin batera Zaintza Ekosistemaren sorreran ari zara lanean. Zertan datza horrek?
Usurbilgo Udala zaintza ekosistema hura eratzeko bidean hasia da. Eraldaketa publiko eta komunitarioan. Usurbilgo Udalak eta Matia Fundazioak zaintza ereduari buruzko parte-hartze prozesu bat abiatu dute. Prozesu horretan erakundeek, zaintzaren sektoreak eta komunitateko eragileek parte hartzea aurreikusi da, zaintzaren eredu berri hori kolektiboki eraikitzeko asmoz: horrek, ezinbestean, gizarte zerbitzuen kudeaketa ereduan, eragile sozialen boluntariotza eta zaintza konpromisoetan zein gizarte-zaintzaren kulturan eragingo du. Bost talde operatibo daude egun ekosisteman lanean, 30 herritar baino gehiago inplikatuta, eta azaroaren 19an Zaintza Azoka bat egingo da herri mailan eztabaida eta estrategia guztiaren sozializazioa burutzeko. Bertara gonbidatuta zaudete, noski!
Udal zerbitzu eta azpiegiturei dagokionez, adinekoen egoitza, eguneko zentro eta etxez-etxeko arreta zerbitzuak dira ezagunenak edo erabilienak. Udalek badute beste zerbait eskaintzeko eskumenik?
Noski baietz. Udalek, beraien gizarte zerbitzuetako lan taldeekin, izan beharko lukete koordinazio soziosanitario eta sozio-komunitario horren arduradun nagusiak. Zaintza ekosistema sortzearen lekukotza eurena da. Eta hemen oso garrantzitsua den ideia bat landu beharko genuke guztiok: urtean hiru bilera izatea ez da koordinatuta egotea. Koordinazioak programa partekatuak, tresna komunak, eta estrategia bateratuak izatean datza. Horrek, ezinbestean, zehar-lerrotasuna dakar, baita lan eskerga ere. Bulegoetatik eta administrazio publikoaren departamentalizaziotik irtetea eta elkarrekin lanean jartzea da erronka honen helburu nagusia, eta horren giltza udalek soilik dute.
Etxe partikularretako zaintzaile “internen” gaia ere hor dago. Zein da egungo egoera gai horren inguruan?
Egun errealitate bat da, eta behar bat, oso gatazkatsua dena egunerokotasunean eta isolamendu sozial zein laboral handia dakarrena. Hori gainditu nahi bada, sistema eraldatu behar da, internak beharrezkoak izan ez daitezen. Egun, zoritxarrez, internak sistemaren hutsuneak asebetetzen dituzten partxeak dira, familien kontziliazio beharrei erantzuten dietenak, etxean heldulekuekin zahartzen laguntzeko gakoa kasu askotan. Beraz, gaiari heltzeko, “internak bai ala ez” beharrean, internek zaintza ekosisteman edo zaintza sisteman betetzen duten funtzioa ulertu behar da, bertatik behar bezala erantzun eta egoera guztiz zaurgarri hori gainditu.
*Argazkia: Hala Bedi