“Pandemiak sortutako itsaso makurrean, Urmugaren belaontzi txikiak nabigazio arriskutsu bezain dotorea osatu zuen”

2021/02/24

Urmuga egitasmoak mendizalez eta musikaz bete du Euskal Herria mendebaldetik ekialdera 2020an zehar, pandemiaren mugak lausotuz. Egitasmo interesgarri eta eder honen eta aurtengo asmoen inguruan mintzatu gara sortzaileetako bat den Felipe Uriarte mendizale pasaitarrarekin.

Card image cap

Zer da Urmuga?

Ertz luze batek gurutzatzen du Euskal Herria mendebaletik ekialdera, eta urak Kantauri eta Mediterraneo itsasoetara banatzen ditu. 380 kilometrotako ertz luze horrek Urmuga du izena. Garobel Mendilerrotik Auñamendiko Hiru Errege Mahairaino, Urmuga ertzak Euskal Herria josten du, mendebala ekiarekin, iparra hegoarekin.

2020an Mendiak eta Herriak elkarteak, Et Incarnatus orkestrak eta Sorland Komunikazio agentziak Urmuga antolatu genuen. Mendizaletasuna eta musika uztartuz, mendizaleok 19 egunetako ibilbidea osatzen genuen bitartean, musikariek Urmuga musikaz busti zuten.

Hamar kontzertu gauzatu genituen mendigune ikusgarrietan zein Urmuga inguruko herri txikietan: guztiak Et Incarnatus orkestrak gidatuak, eta bakoitzean artista ezberdin baten konpainian: Mikel Urdangarin, Gari eta Josu Zabala, Txomin Artola, Maddi Oihenart, Alex Sardui, Gorka Benitez, Oreka TX, Miren Narbaitza, Xabier Leturia, eta Donostiako Orfeoia eta bere zuzendaria den Suni Alfaro, besteak beste. Bidaia eder bat, gure herrian egin dezakegun mendi ibilaldi ederrenetarikoa, paisaia ezberdinetatik zehar: basoak, mendateak, haranak, gailurrak, herriak. Arabatik Zuberoara, aukera dago gure herri izaeraren alde ezberdinak ezagutzeko.

Nondik dator ideia?

2018an espedizio berezi bat zuzendu nuen Nepaleko Himalaiara. 12 euskal mendizale gazte, bideogile bat, bi mendizale laguntzaile moduan eta bi gidari, Julen Reketa laudioarra eta biok. Bertan, adin bereko sherpa gazteekin bildu ginen, espedizioaren helburua hizkuntza gutxituak diren euskara eta sherperaren alde egitea baitzen.

Himalaiara abiatu aurretik, Oñatiko San Migel parrokian agur eta esker oneko kontzertua antolatu genuen. Migel Zeberiok zuzentzen duen Et Incarnatus orkestra izan zen kontzertuko ardatza.

Agurtzerakoan, Zeberiok gonbita luzatu zidan: itzuleran mendizaletasuna eta musika uztartuko zituen egitasmoa elkarlanean egin beharko genukeela. Handik tiraka sortu zen Urmuga.

Zein herritatik igarotzen da ibilbidea?

Zerrenda luzea da, ederra, izen koloretsuz osaturikoa:

Mendebaletik hasita ekialderantz, Añes, Lexartzu, Madaria, Lendoño, Mendeika, Urduña, Goiuri, Murgia, Andagoia, Abornikano, Beluntza, Izarra, Sarria, Maurga, Gopegi, Ipiñaburu, Otxandio, Dima, Oleta, Aramaio, Legutio, Leintz-Gatzaga, Atxondo, Abadiño, Arrasate, Landa, Barrundia, Oñati, Zegama, Segura, Ataun, Altsasu, Urdiain, Etxarri-Aranaz, Lakuntza, Araitz-Betelu, Lekunberri, Larraun, Amezketa, Abaltzisketa, Zaldibia, Leitza, Basaburua, Saldias, Beintza-Labaien, Arraitz, Almandoz, Irurita, Olaberri, Aldude, Luzaide, Zilbeti, Aurizberri, Auritz, Orreaga, Orbaitzeta, Donibane-Garazi, Ezterenzubi, Zaraitzu, Larraine, Uztarrotz, Bidarrai, Baigorri, Izaba. Zenbat izen, zenbat izaera, zer nolako aberastasuna! Eta erdia besterik ez dut aipatu, barka bezate aipatu gabe daudenek.

Horiek dira Urmugaren ertzean daudenak; baina kontuan izanda Urmuga ekimen nazional eta kulturala dela, edozein herri izan liteke Urmugakide, hau da, etorkizunean Baiona eta Iruña, Senpere eta Pasaia, Donostia eta Miarritz… Euskal Herriko udal guztiak daude deituta musika eta mendizaletasunak ehuntzen duten sarean parte hartzera.

Zer nolako harrera izan du iaz egindako egitasmoak?

Esan bezala, 2020ko uztailean ospatu genuen lehenengo Urmuga Ekimena, 2020ko martxotik hona pandemiak utzi zigun une lasai bakarrean. Eta esan dezakegu harrera oso ona izan zuela.

Musika aldetik, 2020an hamar kontzertu ospatu genituen, guztietan pandemiaren aurkako neurriak bete genituen eta zorionez ez zen kontzertuetan kutsadurarik piztu.

Kontzertuak natura-gune ikusgarrietan ospatu genituen; eta eguraldia lagun, arrakastatsuak izan ziren denak. Batzuk mendian ospatu genituen, errepidetik urrun xamar; eta beste batzuk natura-guneetan baita ere, baina kotxez irisgarriak ziren lekuetan.

200 mendizalek hartu zuten parte guztira egitasmoan. Aste batzuetan mendizale kopuru txikia izan zen; baina bukaeran, Auñamendin, kopuru koxkorra izan genuen.

COVID19-aren krisiak kaltetu al du moduren batean ala bestean ibilaldi hau?

Ez ziren xamurrak izan hasierak.

2020ko apirila erdian, pandemia gorrian, oraindik guztia airean genuen. Giro kulturala erabat geldirik zegoen eta, hura ikusita, pentsatu genuen aurrera egin behar genuela. Sinistu genuen Urmuga naziogintzarako oso tresna indartsua zela eta, orduantxe, pandemiaren ekaitzaren erdian, behar-beharrezkoa zela horrelako ekimen bat ospatzea.

Kontraesankorra bada ere, giro hura, non guztia isilduta, geldituta zegoen, lagungarria izan zen guretzat; gure jendea, kulturaz, musikaz eta naturaz gozatzeko gose baitzen. Ikuslegoaren kopurua mugatu behar izan genuen, baina horrek oso neurri gozoa eman zien kontzertuei.

Diru laguntzak, halaber, gutxi izan genituen; oso denbora gutxi izan baikenuen ate joka aritzeko eta horrek ez zigun batere lagundu. Hala ere, Irizar eta Lana bezalako enpresek Urmugari eman dioten babesa eskertzekoa izan da. Hainbat udalek ere sinistu zuten Urmugan eta lan itzela egin zuten euren kontzertua aurrera atera ahal izateko. Oro har, pandemiak sortutako itsaso makurrean, Urmugaren belaontzi txikiak nabigazio arriskutsu bezain dotorea osatu zuen.

Epe motzera lotuta dauden ibilbide eta musika ekitaldiei buruz zerbait esan zenezake?

Aurten, uztailaren 13tik 31ra arte ospatuko dugu Urmuga.

Kontzertuen aldetik, harremanetan gaude hainbat herrirekin dagoeneko. Mendi ibilaldia ere margotuta dago, iaz bezala Angulo bortutik, Hiru Erregeen Mahaiako gailurrera, eta dagoeneko ibilaldian izena emateko guztia prest dugu; apirilean hasiko gara izen-emateak hartzen.

Halaber, aurten, ibilaldiaz gain, Urmuga bi ekimen berriekin aberastuko da.

Horietatik bat, “Zaindu dezagun Urmuga” izenekoa. Urmuga ertza ederra da, baina gure natura-gune asko bezala, oso kaltetuta dago. Ekimen honekin gure natura-guneak babesteko deia zabaldu nahi dugu.

Beste ekimena Mendi Zeharkaldi Eskola da. Eskola hau 14-18 urte bitarteko neska-mutilei zuzenduta egongo da, beka moduan eskainita. 3 txanda egingo dira: 6 egunetako bi txanda, eta 7 egunetako hirugarren txanda bat. Bakoitzean 14 neska-mutilek hartuko dute parte, bi mendi-gidaren laguntzaz: euskal herrialde bakoitzeko bi gaztek, alegia, genero-parekidetasuna zorrotz errespetatuz.

Aurtengo ibilaldiaren antolakuntzari dagokionez, eskaerarik?

Aurtengo ibilaldiko kontzertu gehiagoren bila gabiltza, eta horiek herri txikietan egin nahi ditugu. Hori da Urmuga ekimenaren funtsa, musika eta kultura herri txikietara eramatea. Eginkizun honetan Udalbiltzak lan eraginkorra egin dezake herri horiei Urmugarekiko arreta erakarriz.

Ekimenari buruzko xehetasunak www.urmuga.eus webgunean aurki daitezke; baita www.mendiaketaherriak.eus zein www.etincarnatus.eus atarietan ere. Edozein herrik musika kontzertu ikusgarria antolatzeko nahia izango balu, web atari horietan aurkituko du nora zuzendu.

Kontzertuen finantzazioari buruz; 2020an bezala, kontzertuak lau iturritatik finantzatuko dira: ikusleen diru sarrerak, Udalak, Aldundiak eta enpresa pribatuak. Itxaropena dugu, iaz bezala, Euskal Sagardoa eta HAZI kontzertuetan ere bermea ematen izango direla.

Ibilbidean eta Mendi Eskolan izena emateko: furiartec@gmail.com, 685750763

Amaitzeko, aipatu nahi dut otsailaren 20an ETB 1ek lehenengo Urmuga atala eskaini zuela Oholtza saioaren barruan. Uste dugu saio horretan argi gelditu dela Urmugaren kalitatea. Mattin Zeberio eta Telmo Basterretxea bideogileek jakin dute bere nortasun artistikoa Oholtzako saio horretan erakusten. Martxoaren 20an beste atal bat eskainiko dute ETB 1-en. Ez ezazue aukera galdu ikusteko!