“Nortasuna aldarrikatzeko ez ezik, tokiko garapen proiektuak bultzatzeko tresna garrantzitsua da Udalbiltza”

2021/06/28

Mikel Zabaleta Leitzako alkatea da 2015. urtetik. Nafarroako herri hau Udalbiltzaren sorreratik izan da partzuergokide, eta bien arteko harremana betidanik izan da dinamikoa. Azken aldian, halaber, hainbat proiektu ditu esku-artean Leitzak Udalbiltzarekin batera. Zabaletarekin hitz egin nahi izan dugu, Udalbiltzarekin elkarlan-bide horiek bilatzeko arrazoiak ezagutu eta partzuergokide izateak dituen onurak ikusarazi asmoz.

Card image cap

Zein izan zen Leitza partzuergokide izatera eraman zuen arrazoia?

Leitza Udalbiltza Partzuergoaren parte da honen sorrera urtetik, 2001. urtetik, hain zuzen ere. Udalbiltza Euskal Herriko instituzio nazional bakarra izanik, garrantzitsua iruditu zitzaigun horren parte izatea. Egunetik egun, Euskal Herria banatzen duten muga administratiboek gero eta indar handiagoa dute, eta gero eta zailagoa da inertzia horri aurre egin eta nazio ikuspegiari eustea. Zentzu horretan, Udalbiltzak funtzio garrantzitsua betetzen du.

Azken urteetan, gainera, gure nortasuna aldarrikatzeko ez ezik, tokiko garapenarekin lotutako hainbat proiektu bultzatzeko tresna garrantzitsua izaten ari da. Hau da, gure etorkizunaren jabe izateko burujabetza eskuratu artean, garrantzitsua deritzot egunerokotasunean eragin handia duten erronkei heldu, eta esparru ezberdinetan burujabetzarekin lotutako proiektuak lantzea, hala nola, elikadura burujabetzarekin edota energia burujabetzarekin lotutakoak.

Iaz Udalbiltzaren Ikerbiltza proiektuaren baitan ikerketa bat egin zen Leitzan. Zertan zetzan ikerketa horrek eta zein onura ekarri dizkio herriari gerora?

2020. urteko lehen hilabeteetan, Ikerbiltzak lagunduta, ikerketa edo lankidetza bat martxan jartzea erabaki zen, elikadura burujabetzarekin harremana zuena: gure eskualdeko baserritarrekin eta ekoizle txikiekin azken urteetan jorratu dugun bidean, asistentzia teknikoa behar genuen hainbat datu bildu, sailkatu eta antolatzeko. Mahai gainean zeuden hainbat proiektu martxan jarri aurretik, beharrezkoa genuen lanketa hori egitea eta horixe izan zen Ikerbiltzaren bitartez egin nahi izan genuena.

Zoritxarrez, koronabirusaren krisialdiak eta itxialdiak bete-betean harrapatu gintuen, eta proiektua bertan behera utzi behar izan genuen.

Horrez gain, beste bi proiektu ditu esku-artean gaur egun Leitzak Udalbiltzarekin elkarlanean: batetik, Geuretik Sortuak proiektuan herria Garazi Albizua idazlearen egoitza izaten ari da; eta, bestetik, Hartu-Eman proiektuaren baitako aholkularitza zerbitzua ere jasotzen ari zarete, Elikadura burujabetzan oinarritutako proiektu bat sustatzeko.

Geuretik Sortuak-i dagokionez: zer dela eta erabaki zuen Leitzak proiektu honetan parte hartzea, eta zer eskuratuko du proiektuarengandik?

Geuretik Sortuak proiektuaren berri eman zigutenean, ez genuen zalantzarik izan, eta bertan parte hartzeko prestutasuna agertu genuen.

Bizitzen ari garen momentu konplikatu honetan, argi gelditu da kulturak eta arteak gizartean duten garrantzia, kultur sorkuntzak eragin sozial garrantzitsua baitu. Kultura aisialdia da, baino hori baino askoz gehiago ere bada: Kultura auzolana da, sentiarazten gaitu, pentsarazten gaitu, hezi egiten gaitu, adierazten laguntzen digu eta gure nortasuna marrazten du. Azken finean, kulturak Herri egiten gaitu eta komunitatea saretzen laguntzen du.

Honenbestez, Udalbiltzak euskal sortzaileen alde horrelako apustua egin izana oso positiboa deritzogu eta, aldi berean, Leitzako Udaletik kulturaren alde egiten ari garen apustuarekin uztargarria iruditu zitzaigun hasieratik.

Aholkularitza zerbitzu bat jasotzen hasi zarete oraintsu ere. Zertarako da aholkularitza zerbitzua eta zein puntutan dago momentu honetan?

Hartu-Eman proiektuari dagokionez, eta ikusirik iaz ezin izan genuela Ikerbiltzarekin antolatutako ikerketa lana aurrera eraman, poz handiz hartu genuen aukera berri hau. Aipatu bezala, elikadura burujabetzaren arloan lan sakona egiten gabiltza gure eskualdean, eta horren baitan MIMUKAI izeneko garapen eta transformazio zentroaren proiektua dugu esku artean.

Eskualdeko ekonomia bultzatzeko eta elkarlana bultzatzeko proiektu komunitario bat da MIMUKAI. Eskualdeko tokiko entitate publikoak, enpresak, dendariak, ekoizleak, eragileak, garapen agenteak eta bertako ekonomia bultzatzeko ezinbestekoak diren agente guztiak elkartuko dituen topagune bat izango da, proiektu berriak martxan jartzen laguntzeko, elkarlana bultzatzeko eta zubiak eraikitzeko. Hartu-Eman proiektuko aholkularitza zerbitzuari esker, MIMUKAI-ren proiektuaren azken erredakzioa egin ahalko dugu.

Orokorrean, zer nolako ekarpena egin dio Udalbiltzak Leitzari urte hauetan?

Ekarpena, ikusten denez, garrantzitsua izaten ari da zenbait gai estrategikoetan. Hortaz, Udalaren asmoak aurrera eramateko lagungarri izaten ari da Udalbiltza.

Hasieran esan bezala, Euskal Herriko izaera nazionala eta burujabetza helburu nagusitzat baditu ere, egunerokotasunean eragin handia duten gaietan isla du Udalbiltzaren jardunak, eta hori oso garrantzitsua da. Beharbada, egun posible litzateke orain arte erakarri ez duen jende bat Udalbiltzara erakartzea, egungo proiektuen emaitzak ez direlako horren abstraktuak, gure herrietako bizimoduan ukigarriak diren emaitzak ematen baitituzte.

Nola baloratzen duzue Udalbiltza bezalako tresna bat edukitzea euskal udalerrientzat?

Azken aldian, koronabirusaren aurkako kudeaketa dela eta, zein euskal telebistak Nafarroari ematen dion trataera arrotzari erreparatuz, euskal instituzio nazional bat izatea ezinbestekoa iruditzen zait. Hainbat udalerri Udalbiltzaren bitartez elkartu eta naziotasun ikuspegia landuko ez bagenu, hutsunea nabarmena izango litzateke maila instituzionalean, Euskal Herria nazio gisa ulertzen eta sentitzen dugunon artean.