“Munduko plazarik ederrena izan dezakegu, baina txikienek edo helduenek plaza horretara iristeko aukerarik ez badute, norentzako da plaza hori?”
Zaintzaren gaiarekin jarraituz, Zaldibian egin zen “Ertzetik Erdira” mahai-inguruaren bueltan jardungo dugu honetan ere. Antolatzaile nagusietako bat izan zen Xotil Natke Miguez (XN) zaldibiar arkitektura irakaslearekin hitzartu gara; baita herriko alkate Eztitxu Mujika Mariezkurrenarekin (EM) ere, ekitaldiaren nondik norakoak eta testuingurua ezagutzeko.

Nondik sortu zen Udako ikastaroa Zaldibian antolatzearen ideia? zeintzuk izan ziren helburuak?
XN: “Ertzetik Erdira“ prozesuaren bigarren fase eta pausu garrantzitsu izan da udako ikastaroa. Prozesuak berak helburu ezberdinak ditu, maila akademikoan, instituzionalean, sozialean nahiz profesionalean. Zaldibiako udal eraikin zaharraren eraisteak eta plazaren egoera berriak inguru osoaren azterketa, hausnarketa eta diseinu berri bat eskatzen zuen, eta horrek lanketa sakonago bat egiteko abiapuntu aproposa eman zigun. Hartara, alde batetik, orain arte aurrera eraman diren parte hartze prozesuetan sakontzeko aukera sortzen genuen eta, bestetik, espazio publikoaren garrantziaren eztabaidari ateak ireki.
Hirigintzaz hitz egitean, plan orokor, lege, burokrazia eta beste hainbat konnotazio lehor etortzen zaizkigu burura; guk (gizarteak) ulertu eta, beraz, eztabaidatu eta erabaki ezin dugun eremu itxi bat. Izaera hau apurtzeko ideiarekin abiatu zen lanketa; eta arkitektura fakultateko doktoretza tesi bateko proiektu bezala heldu da herrira, espazioaren inguruko hausnarketa eta sorkuntza hegemonikoari buelta eman nahian. Prozesuaren lehen sei hilabeteetan luzatu zen lehen fasean, “Jakintzaren kolektibizazioa” deiturikoan, aditu ezberdinek emandako hitzaldi eta tailer sorta izan genuen, zeinetan adituen jakintza bakarrik ez, baizik eta gizarteak eta herritarren esperientzia eta jakintasuna biltzea helburu izan baitziren. Otsailetik ekainera bitartean zaintza, feminismoa, osasuna, hezkuntza eta burujabetza gaien inguruan eztabaidatu ondoren, uztailean izan ziren udako eskolak, lehen fasearen amaiera; ordura arte bildutakoa espazio bihurtu eta hau gorpuzteko helburuarekin.
Nolatan Austriako ikasleak Zaldibian astebetez? Zein izan zen beraien ekarpena? Herriak zer nolako harrera egin zien? Ikusmira sortuko zuen.
XN: Zaldibiak, eta Euskal Herriko landa eremuak oro har, betidanik izan ditu arkitektura eta gizartearen inguruko lanketa eta ikerketak egiteko eta bizitzeko oso aproposak diren hainbat elementu, bai sozialak, bai historikoak, baita espazialak ere. Kasu honetan, lehen esan bezala, plazaren egoera berriaren inguruko hausnarketa ezinbestekoa zen; izan ere, herriko plaza baten esku-hartzea etorkizuneko belaunaldi askoren egunerokotasunean islatzen baita.
Honi gehitu behar zaio ni neu Austriako Innsbruckeko arkitektura fakultatean irakasle eta ikerlari lanetan nabilela; horrek guzti hau saretzeko aukera eman du. 2016an ere, kanpotik etorritako arkitektura ikasle askorekin esperientzia ezin hobea izan genuenez, aurten ere antzeko ideiari heldu diogu. Koldo Telleria bidelagun eta UIKek antolatua, Miramar Jauregian egin zen jardunaldi teorikoaren ondoren astebetez Zaldibia arkitekturaren hiriburu bihurtzea zen helburu; baita lortu ere!
Ikasleek ez zuten lan erraza… aurretik “Jakintzaren kolektibizazio” fasean hitz egin eta eztabaidatutakoa gorpuztea zen beraien lana, interbentzio txikiez baliatuz herriko espazio publikoak izan ditzakeen aukera posible ezberdinak sortuz. Adin zein talde sozial ezberdinek erabiltzeko elementuak diseinatu eta eraiki dira, horrela ezagunak egiten zaizkigun guneei beste erabilera posible bat izan dezaketela erakutsiz.
Zaintzaz hizketan ari garen honetan, zein leku du arkitekturak?
XN: Azken urteetan zaintza toki berezia hartzen ari da gizartean, politikan eta komunikabideetan. Zaintza ereduak, zaintza politikak, zaintzaren ekonomia eta abarrez hitz egitean, guk arkitekto bezala zaintzaren espazioaz aritu behar dugu nahitaez.
“Nolakoak dira zaintzen gaituzten herriak?” galderarekin hasi ginen prozesu honetan. Nolako plazak, etxebizitzak, lantokiak, eskolak, jolastokiak… diseinatu behar dira, eta non kokatu behar dira gure herri eta auzoetan zainduak sentitu ahal izateko?
Udako ikastaroen azken egunean, Hernani, Usurbil, Segura eta Zaldibiako alkateak igo ziren ikasleek diseinatu eta eraikitako oholtzara, beraiek aurrera eramaten ari diren zaintza eredu eta lanketez hitz egiteko. Herri zaintzaile bat izan ahal izateko prozesu eta dinamika sozialak ulertzea eta indartzea ezinbestekoa da eta, honenbestez, herrigintza edo hirigintzan zaintzak lehentasuna izatea derrigorrezkoa da. Munduko plazarik ederrena izan dezakegu, baina txikienek edo helduenek plaza horretara iristeko aukerarik ez badute, norentzako da plaza hori?
Aipatu Zaldibiako topaketetako azken egunean, “Ertzertik erdira” mahai ingurua antolatu zenuten plazan Segura, Usurbil, Hernani eta Zaldibiako alkateen presentziaz. Guztiak Udalbiltza Partzuergoko kide dira. Ze paper jokatzen du Udalbiltzak guzti honetan?
EM: Udalbiltzaren ibilbidearen baitan, lan-ildokako antolakuntza berria forma hartuz doa eta ildo hauetako bat da zaintzarena. Partzuergoko kide garen udal askotan ari gara zaintzaren inguruan hausnarketa eta proiektuak bultzatu eta gauzatzeko ahaleginean eta Udalbiltzaren papera garrantzitsua da egiten ari garen saretze eta zabaltze mailan. Baita, nola ez, proiektuak Euskal Herriaren eraikuntza klabeetan kokatzeko lanean ere.
Komunitateari eta elkarlanari garrantzia handia ematen diozue...
EM: Zinez uste dugu esku artean ditugun erronka konplexuei ezin zaiela eremu bakarretik erantzun. Komunitate sentimendu eta antolaketa gaitasun indartsua badugu lurraldean, herrian edota auzoan, askoz hobeto erantzungo diegu erronka hauei. Bakoitzak bere eremutik, baina helburu eta norabide bererantz lan egiten jartzea da lortu nahi duguna, denok izanik lorpen edo batzuetan porrot horien parte.
Zeintzuk izan daitezke erronka horiek? Zein lan egin dezake udal batek?
EM: Zaintza, energia, elikadura, osasuna, hezkuntza, ekonomia, euskara, kultura, aniztasuna eta elkarbizitza, feminismoa… erronka eta lan ugari dugu egiteko. Udaletatik komunitatea indartzeko lan egin dezakegu, denon artean erronka hauei erantzuteko. Eta nola indartu komunitatea? Ari direnei lagunduz, sareak josiz eta tresnak eskainiz, ari ez direnak ahaldunduz eta bultzaz, eta udal jardunak eta espazio publikoek komunitatea eta herritarren arteko harreman eraikitzaileak sustatu ditzaten eraginez.