“Kontsumoaren bidez herri eta hiri burujabeak eraikiz, ekoizpen lana eta bizitza gure inguruan kokatzeko aukerak biderkatuko ditugu”

2021/03/15

Udalbiltzaren Hauspotu programari esker ezagutu ahal izan dugu OndalanKoop, Burlatan egoitza duen elikadura eta kontsumo mikro-kooperatiba nafarra. Euren lan-ildoak, oinarriak, kezkak eta esperientzia ezagutu nahi izan ditugu, sortzaileetako bat den JJ Osesekin hitz eginez.

Card image cap

Hainbat lan-ildo jorratzen dituzue OndalanKoop proiektuaren barnean, ez baita soilik janari zerbitzu bat. Zein helburu nagusi ditu OndalanKoop-ek?

Gure helburu nagusia da kontsumo eraldatzailearen bidez burujabetasuna era integral eta praktikoan lantzea. Guk elikadura burujabea hartu dugu abiapuntu, baina beste eragileekin lankidetzan gaudenez (Goiener, Izarkom, Ekhilur edota Udalbiltza), gure bazkideak beste eragile horien bazkide ere izatea dugu helburu. Horren adibide argia dira, COVID19a dela eta, kurtso honetarako bertan behera utzi behar izan ditugun formakuntza programa eta tailerrak (datorren kurtsoan martxan jarriko ditugunak eta web orrian zintzilik ditugunak) edota orotariko hainbat egitasmo: Ekonomia Sozial Eraldatzailea ardatz duten formakuntza programak, Burujabetasun energetiko eta teknologikoaren aldeko ekintza eta tailerrak, eskualdeko zenbait ekintza aurrera ateratzeko batzarrak...

2020. urteko pandemiak abagunea eman dizue proiektua martxan jartzeko behar ziren azken ukituak emateko, nahiz eta lehenagotik hasi ideia garatzen. Nolakoa izan da sortze-prozesua, eta behin martxan hasita, zer nolako ibilbidea eta esperientzia izaten ari zarete?

Etengabeko ikasketa-prozesu bezala bizitzen ari gara egitasmo/prozesu hau, bazkide zein bidelagunekin batera garatzen eta eraikitzen ari garena. Hamaika elkarrizketa, bilera, ekarpen eta hausnarketaren ondoren, behin lantalde bat eta bazkide taldea osatuta, 2020ko urriaren 12an martxan jarri ginen. Egitasmoa eskaini, moldatu eta osatzeaz gain, bazkidetze kanpaina iraunkorra martxan dugu, bazkideak baitira egitasmo honen oinarria. COVID19a dela eta, zaila egiten ari zaigu hainbat ekintza eta bilera izatea nahi eta zehaztuta genuen bezala, eta horrek baldintzatzen gaitu egitasmoa garatzerako orduan. Dena den, egun dugun bazkide/eskari kopurua oraindik nahikoa izan ez arren, egitasmoaren bideragarritasun ekonomiko eta soziala bermatzeko, lehen aipatutako bazkidetze kanpaina iraunkorrari esker emeki-emeki aurrera goaz. Bazkidetze kanpaina horretan tresna ezberdinak erabiltzen ari gara, honako hauek garrantzitsuenak izanik: bazkideek egiten duten ahoz ahoko lana egitasmoa ezagutarazteko, prentsako agerpenak, buzoneoa, sare sozialetan egiten dugun lana, erakunde eta eragile ezberdinekin egiten dugun lana, eta abar.

Herri txikietako despopulazioa da zuen kezka nagusienetako bat; beharrezko ikusten dituzue horrelako proiektuak arazo honi aurre egiteko?

Bai, beharrezkoa ikusten dugu halako proiektuak garatzea despopulazioari aurre egiteko. Besteak beste, argi ikusten baitugu, hiri/auzo eta herrien arteko sinergia erabiliz, burujabetasuna lantzeak gure herriak bizirik mantentzen lagunduko duela. Kontsumoaren bidez pertsona, herri, auzo eta hiri gero eta burujabeagoak eraikiz, ekoizpen lana eta bizitza gure inguruan kokatzeko aukerak biderkatuko ditugu.

Zu zeu San Martin de Unx-ekoa zara, nahiz eta proiektuaren egoitza Burlatan izan. Herri hau, hain zuzen, Udalbiltzako Hauspotu programak despopulazio egoeran identifikatutako zonaldean kokatzen da; nola ikusten duzue San Martingo egoera eta inguruko herrien geroa?

Urteen poderioz, gure herriak husten joan diren heinean, gure inguruko bizitza sozioekonomikoa gainbeheran erori da, gure herrietako biziraupena bera arriskuan jartzeraino. Biztanleria zaharkituta dugu eta gazteria gure herrietan topatzen ez dituen aukeren bila doa kanpora. Hau ez da eskualde bateko edo besteko arazoa, landa eremuko arazo orokorra baizik, indarrean dagoen eredu sozioekonomiko zein politikoari lotutakoa. Hala, uste dugu arazo horri aurre egiteko sinergia bidezkoak, iraunkorrak eta eraginkorrak sortu behar ditugula, bai landa-munduaren eta hiri-munduaren artean, bai filosofia berarekin gizarte- eta lurralde-kohesioaren, trantsizio ekologikoaren, eraldaketa digitalaren eta berdintasunaren aldeko apustua egiten duten proiektuen artean.

Gure udaletxeek gero eta erabakitzeko ahalmen praktiko murritzagoa dute, besteak beste, azken urteotako legeen aldaketen ondorioz. Horrek lan administratiboa egitera mugatzen ditu, tokian tokiko garapen iraunkorreko politika eraginkorrak gauzatzea ezinezko bilakatuz. Egungo ereduaren menpe egonik, gure instituzio politiko zein ekonomikoen egoerak ezin du ziurtatu oraintsu aipatutako garapen mota.

Beraz, gure herriak bizirik sentitu nahi baditugu, egungo eredu bera eraldatu beste biderik ez dugu. Norabide horretan, azken urteotan hamaika proiektu loratu dira Nafarroan (Euskal Herrian), Ekonomia Sozial Eraldatzailearen (ESE) eraikuntzan koka daitezkeenak. Baina ekinbide hauek guztiek ikuspegi globala zein sare eraginkor bat osatzeko ahalmena falta dute hegemonikotasunaren bidean kokatzeko, eta gure ustez Udalbiltzak lan hori egin dezake.

Sortze prozesuan zehar, zer nolako ekarpena egin dio Udalbiltzaren Hauspotu ekimenak zuen proiektuari?

Gu, Udalbiltza eta gurearen gisako beste hainbat ekimen txalupa berean gaudela, helburu berdinak ditugula eta bakarrik ez gaudela sentiarazi digu Hauspotu egitasmoak, eta hori oso garrantzitsua izan da eta da guretzat.

Zer nolako garrantzia dute bazkideek OndalanKoop-en? Zein paper betetzen dute?

Bazkideak dira proiektu honen oinarria, bazkiderik gabe egitasmo honek ez luke zentzurik. Gure barne araudian bazkideen inguruan jasotzen den laburpena jarriko dugu adibide gisa: “Kontsumo bazkideek komunitate/kontsumo talde hau osatuko dute. Talde honek arlo ekonomikoaren, merkatu askiaren kudeaketaren, hedapen politikaren, komunikazioaren eta formakuntza politikaren ardurak eta erabakitzeko ahalmena izanen dituzte. Urteroko lau batzar orokorretan bilduko dira eta kontsumo burujabea eraikitzea izanen dute helburu.”

Nola zaintzen duzue tokiko ekoizpena OndalanKoopen?

Une honetan Ekoalderekin lan egiten dugu eta bertan topatzen ez duguna, nolabait gure filosofiarekin bat egiten duten Burlatako dendetan erosten dugu. Horrez gain, Ekoaldeko produktuak saltzen ditugu zabaldu berri dugun denda birtualean. Etorkizunean gure helburua da Tafallaldeko produktuak gero eta gehiago barneratzea gure eskaintzan, geuk ekoiztuko duguna barne.