“Hemendik urte gutxira, Geuretik Sortuak ezinbestekoa izango da Euskal Herriko kultur agendan”
Euskal kultura sustatzeko Geuretik Sortuak proiektuaren lehen edizioa amaitzear den honetan, balorazioa egiteko unea da. Horretarako, bertan parte hartu duten bi eremu ezberdinetako ordezkariekin hitz egin dugu: Hernaniko Koro Etxeberria (aurrerantzean, K.E.) eta Sartaguda, Lodosa, Mendabia eta Andosilla herri multzoaren ordezkari Paolo Albanesse (aurrerantzean, P.A.).

Zerk eraman zintuen, bien kasuan, proiektu honetan parte hartzera eta, Goi Erriberakoen kasuan, lau udalerriak batzera?
K.E: Egitasmo bikaina iruditu zitzaigun; polita, interesgarria aberatsa eta, batez ere, ausarta.
Gutxitan ematen zaio euskal kulturari GEURETIK SORTUAKek eman dion leku eta balioa eta, beraz, ezin genuen horrelako abentura batean parte hartzeko aukera galdu: nazio proiektua da, kultura du muina, euskara hitza, sortzaileak artistak, herritarrak bidelagun eta emaitza denon esku, beraz osagai multzo handi bat bereganatzen duen proiektua da.
Bestetik, bete-betean bat dator azken urteetan, Hernanin, kulturaren sormenaren inguruan ireki dugun lan-lerroarekin.
Ahaztu gabe Hernaniko Udala Udalbiltzako kidea dela, eta, hortaz, erakunde horrek sustatzen dituen proiektuak bultzatzea garrantzitsua ikusten dugu.
P.A: Eremu geografikoa partekatzeaz gain (Euskal Herriaren hegoaldean eta Ebroren ertzean), lau herriek 1936ko errepresioak eta garbiketa politiko frankistak markatutako historia dugu amankomunean, eta memoria historikoa oso elementu garrantzitsua da gurean. Halaber, herri horietan ere izan da euskararen berreskurapenaren eta bultzadaren aldeko lanik. Horietako bakoitzean urtean zehar euskararen aldeko ekintzak antolatzen dituen elkarte euskaltzale bat dago, eta lau herrietatik ikasleak joan ohi dira Ibaialde ikastolara. Horregatik iruditu zitzaigun interesgarria Geuretik Sortuak proiektuan parte hartzea. Batetik, kultur sortzaile baten eskutik Euskal Herriko maparen aniztasunari egiten diogun ekarpena partekatzeko aukera zen, eta, bestetik, herri horietako elkarteen artean sareak sortzen eta loturak indartzen lagun zezakeen.
Zer moduzkoa izan da zuen herrian egokitu den sortzaileak (Hernaniren kasuan, Raul Barreras zinegilea; Goi Erriberaren kasuan, Maialen Akizu idazlea) egonaldian izan duen prozesua eta sortu duen lana?
K.E: Ezezaguna zitzaigun Raul bera eta bere lana, baina, ezagutu dugunean, plazera izan da berarekin lan egitea. Karrantza eskualdetik Hernanira jauzi egin eta bi errealitate desberdinen artean ibili da.
Hernaniko proiektuari dagokionez, talka egiten duten bi munduren arteko film labur bat planteatu du zinegileak: hiritartutako gazte bat eta baserrian bizi den aitona. Hasieratik jakin izan du Hernanira egokitzen eta moldatzen.
Elkarlana polita izan da, erraza izan da Raulekin lan egitea eta ekimen interesgarriak planteatu dira herrian horrekin lotuta.
Zenbait herritar eta talde bete-betean inplikatu dira proiektuan baina egia da, sormen prozesuan, herrian ez dugula nahi genuen adinako proiekzioa eta presentzia lortu. Lehen edizio honek ikasteko balio izan du hurrengoetan gaia hobeto lantzeko.
P.A: Oso esperientzia interesgarria izan da. Maialenek gure herrietan igarotako asteei buruz dudan oroitzapena zera da, idazlea herri bakoitzaren errealitateaz eta berezitasunez blaitzeko irrikaz geundela denok. Sartagudaren kasuan, memoria historikoko gaietatik hasi eta mertxika eremu batera egindako bisita batera arte partekatu genuen harekin. Sartagudan kaleetako plakak ele bitan jartzeko aurkezpena eta euskararen inguruko beste jarduera batzuk ere antolatu genituen Maialen bertan zen bitartean. Lodosan, Andosillan edota Mendabian antzeko bizipenak izan zituen, herri bakoitzak bere berezitasunarekin, baina guztiek asmo berarekin: herrien errealitatea ezagutarazi eta bere sormen-prozesuan lagundu, alegia. Uste dut prozesua bere lanaren azken emaitzan nabaritu dela; bertan jakin du gure errealitatea jasotzen eta bere esperientzia islatzen.
Zer nolako harrera izan du kultur zikloak publiko aldetik?
K.E: Harrera ezberdina izan da diziplina artistikoaren arabera. Antzerkiak jende gehiago erakartzen du dudarik gabe literaturak baino. Ikuskizunak, interpreteak, gaiak... ere zerikusi handia dute publikoa hurbiltzerako orduan, baita emanaldiak zein urte sasoian egiten diren ere. Gurean, zikloak hasiera indartsua izan zuen eta amaiera apalagoa izan da.
Hurbildu den publikoaren harrera ona izan da, eta hurbildu edo ez egitasmoa oso ondo baloratua izan da, askok txalotu eta eskertu dute horrelako ekimen bat martxan jarri izana.
P.A: Bizi dugun errealitateaz jabetuta eta jendea kultur jardueretara joateko mugiaraztea zein zaila den jakinda, gure herrietan antzokiak jasotzen ari diren erantzuna positiboa izaten ari da hainbat zentzutan. Alde batetik, inguruko euskaltegietako ikasleak inplikatu dira. Ikasleok maila handiko antzezlanez gozatzea aparteko motibazioa da ikaskuntza-prozesuan. Bestalde, gure herrietan euskarazko kultur eskaintza zabaltzea ere garrantzitsua da, antzokien eskutik.
Koro: zu zeu, Hernaniko hautetsia izateaz gain, proiektu honen arduradun politikoa ere bazara. Zer nolako lana suposatu du proiektu hau garatzeak, eta zein balantze egiten duzu orain lehen edizioa amaitzear dagoela?
K.E: Ardura politikoa kolektiboa izan da, proiektuaren sustatzaileena, Udalbiltza osoarena eta, bereziki, batzorde eragilearena.
Lana baina gehiago, ardura sentitu dut. Ezin uka kezka ere izan dudala lehen aldia delako, tamaina handiko proiektua delako, beldurra ere bai jokoan asko dagoelako, udalek proiektua onartu izan behar zutelako, sortzaileek horretan sinetsi eta parte hartu behar zutelako, udalen inplikazioa ezinbestekoa zelako,... eta aurrekontua ere handia zen. Horrek guztiak urduritzen ninduen.
Baina, gustuko aldapan nekerik ez... ilusioak, gogoak eta proiektuan sinesteak dena gainditu du eta ederra izan da. Eta lana, benetako lana, Udalbiltzako lan-taldeak egin du eta horiei esker atera da proiektua aurrera. Beraz, eskerrik asko eta zorionak, ekipo!
Balorazio oso ona egiten dut, sortzaile, udalerri, herritar... denak pozik eta baikor ikusi ditut eta hori ederra da. Hain ona den, errepikatzera goazela.
Eta Goi Erriberaren kasuan: proiektu honen harira, Porrusalda ekimena sortu duzue, Udalbiltzari poz handia eman dion proiektua. Zergatik sortu da eta zein beharri erantzuten dio?
P.A: Porrusalda Geuretik Sortuak proiektuak eskaini duen aukeraren ondorioz sortu da, hau da, euskarazko kultur jardueren inguruan eskualdeko hainbat udalerritako elkarteak batzea. Orain arte euskarazko eta euskararen aldeko ekintzak antolatzen ziren, baina bakoitzak bere herrian egiten zuen. Geuretik Sortuak-en esperientzia oso aukera ona izan da lau herrien arteko sareak ehundu eta ekimenetik haratago eramateko, jarduerak koordinatuz eta agenda bateratu bat sortuz. Porrusaldaren aurkezpenean esan zen bezala, batzuek urteak daramatzate gure eskualdean euskarari oztopoak jartzen, baina elkarteen jarduerari esker, gure herrietako kultur eskaintza aberastu egin da, ekarpen sozial handia eginez. Porrusaldak jarduera guzti hori bateratu du eta gogora ekarri du, nahiz eta batzuek Nafarroan euskararen eremua txikitzeko asmoa izan, gure herrietan gero eta eskari sozial handiagoa dagoela, eta horrek kontrako norabidean bultza egiten duela: Euskal Herriaren hegoaldean euskararen presentzia eta erabilera normalizatzeko bidean, alegia. Gaur egun, Lodosako Lodosa Bizirik elkartea eta Ibaialde Ikastola, Mendabiako Euskara Taldea, Andosillako Herriko Gazteak eta Sartagudako Nafarroa Aurrera daude Porrusaldan, eta asmoa da etorkizunean inguruko herri gehiagotara zabaltzea.
Jada hasi gara hurrengo zikloa prestatzen. Zer esango zeniekete zuen inguruko udalerriei, Geuretik Sortuak ekimenean parte hartzera animatzeko?
K.E: Geuretik Sortuak proiektuak asko du emateko, maila artistikoan, elkartasunean, korrespontsabilitatean, konplizidadean, aniztasunean, desberdintasunean... nazio bat gara eta nazio eraikitze horretan indartsu, harro eta irmo aritzera animatuko nituzke guztiak, euskal kultur taldeak, udalak edota herriak.
Iruditzen zait, hemendik urte gutxira, Geuretik Sortuak ezinbestekoa izango dela Euskal Herriko kultur agendan, beraz, lehenbailehen parte hartzera animatzeko esango nieke. Ez dugu inor engainatuko: buruhauste txiki batzuk ematen ditu, baina, batez ere, poztasun handia.
P.A: Gure kasuan oso esperientzia aberasgarria eta polita izan da. Zentzu guztietan merezi izan du, Maialen Akizuren egonalditik hasi eta hilabete hauetan gozatu ahal izan ditugun antzerki emanaldietaraino, baina baita parte hartu dugun herri eta elkarteen artean sortu duenagatik ere. Gure kasuan, Maialenekin hasieratik izan genuen harreman ona, eta elkarteek proiektuaren garapenean funtsezko papera eduki izanak asko lagundu duela uste dut. Horregatik, inguruko udalak Geuretik Sortuak-en parte hartzera animatzeaz gain, tokiko elkarteak ere inplikatzera ere animatu nahi ditugu.