Abaraska Etxebizitza Kooperatiboa

Etxebizitza eta hirigintza Gipuzkoa
Bukaera data:
Abian da
Lurraldea:
Gipuzkoa
Herria:
Donostia
Biztanle kopurua:
180.179

Herritar talde batek sortutako ekimena da Abaraska Etxebizitza Kooperatiboa taldea. Etxebizitzaren krisi globalari erantzun integral bat emateko sortu da, eta jabetza kolektiboan eta bizitza kolaboratiboan oinarritzen den etxebizitza eredu bat planteatzen du.

Argazki galeria

1.Testuingurua eta zerk eragin duen proiektua abian jartzea
Abaraska Etxebizitza Kooperatiboa proiektua Donostian jaio da, etxebizitza arazoa gehien pairatzen duen hirietako batean, hain zuzen.

"Etxebizitzak inbertsio balore gisa ulertzearen ondorio zuzena dira etxebizitzen gehiegizko prezioa, alokairuaren eskaintza urria eta egoera honek sortutako burbuila; eskubide bat izan beharrean, espekulaziorako erabili ohi den ondasun materiala. Donostiaren kasuan, gainera, bigarren etxebizitza kopuru altuak eta azken urteetan turismora zuzendutako etxebizitzak izugarri ugaritzeak nabarmen gutxitu du eskaintza, eta horrek are larriagoa bihurtu du arazoa."

Etxebizitza, ordea, bere izaera materialetik harago, gure bizitzan aurrera egiteko baliabide garrantzitsuenetako bat da, bertan gure oinarrizko harreman taldea finkatzen delako eta gure bizitzak egonkortzeko eta etorkizuna irudikatzeko baliabidea ere badelako. Alde horretatik, gaur egungo etxebizitza ereduak ageriko hutsuneak ditu, ez baititu jendearen oinarrizko beharrak kontuan hartzen.
"Testuinguru horretan eta etxebizitza ereduaren alternatiba integral bat sustatzeko asmoz sortu dugu Abaraska Etxebizitza Kooperatiboa, bi ardatetan lan egiteko; etxebizitza eskuratzeko modua, batetik, eta, elkarbizitza eredua, bestetik.


2.Helburu orokorra


Etxebizitzaren irudi tradizionalari alternatibak bilatzea: elkarbizitzan eta jabetza kolektiboan oinarritutako ereduak bultzatzea.
Etxebizitza politika publikoan eragitea.
Etxebizitza proiektu propioa garatzeko aukera guztiak esploratu, baloratu eta lantzea.

3.Proiektuaren ezaugarri nagusiak


Proiektuak bi ardatz ditu: erabilera-lagapen erregimena eta etxebizitza kolaboratiboa. Ezinbestekotzat jotzen da bi ardatz hauek elkarrekin lantzea, bata bestea gabe hankamotz geratuko bailitzateke.

"Erabilera-lagapeneko erregimena jabetza kolektiboan oinarritzen da; kooperatiba bat da eraikin osoaren jabea, bai etxebizitza eta bai gainerako espazio komunitarioena. Ohiko etxebizitza kooperatiben aldean eraiki ondoren kooperatiba ez da desegiten eta antolakuntza kooperatiboa erabilera fase osora luzatzen da. Honek etxebizitzaren demokratizazioa bultzatzen du: erabakietan, kudeaketan, ekonomian."

Bertan bizi direnak kooperatibaren bazkide dira, eta kooperatibak aukera ematen die etxebizitza unitate bat eta espazio komunak erabiltzeko, onuradun gisan.

Modu honetara, espekulatzeko aukerari bideak ixten zaizkio. Erabilera-lagapenean, jabetza beharrean etxebizitzen erabilera jartzen da balioan.

Etxebizitza kolaboratiboak edo cohousing-ak elkarbizitzan oinarritutako bizimodu bat bultzatzeko sortzen dira, beharrizanak erdigunean kokatuz eta komunitatea eraikiz.

Bertan bizi diren pertsonek, gune komunak eta zerbitzuak partekatzeaz gain, elkarlanerako eta erabakiak hartzeko antolakuntza sistema horizontalak izan ohi dituzte, eta espazio komun eta pribatuen arteko banaketa lausotzen da. Helburua da irtenbideak ematea gaur egungo bizi ereduak sortutako norbanakoen bakartze, bazterketa egoera eta zaintzen krisiari.

Gainera, baliabideen erabilera partekatua sustatuz, baliabideak modu arduratsu eta eraginkorrean kudeatzen dira.


4. Beste programa batzuekin izan dezakeen harremana


Etxebizitza soziala, gazteen emantzipazioa, integrazioa, heldu, haur zein norbanakoen zaintzak, ekonomia sozial eta eraldatzailea...

5. Faseak


La Dinamo Fundazioaren proiektu zikloan oinarrituta:
Gerturaketa: talde sustatzaile eta finkoaren osaketa.
Inpultsoa: lekuaren definizioa.
Egonkortzea: kooperatibaren sorrera, lurzoruaren/eraikinaren legeztatzea
Egikaritza: obra fasea
Bizitzera sartzea: elkarbizitza eredua praktikan jartzea
2019ko martxoan, Abaraska, lehen fasea igarota, lekuaren definizioa fasean egongo litzateke.


6. Parte-hartzaileak


"Abaraska 28 eta 60 urte bitarteko hirurogei bat laguneko herritar taldea gara; adin, genero eta kolektibo desberdinetako jendea bizi-proiektu bateratu batean elkartzeko bokazioz sortu dugu. Donostian bizi gara, baina egungo etxebizitza politikak hiritik ateratzera behartzen gaituela ikusita, bertan bizitzen jarraitu ahal izateko alternatiba erreal bat proposatzeko asmoa dugu: etxebizitza kooperatiboarena hain zuzen ere."

7. Finantzaketa


Etxebizitzaren eraikuntza eta ondorengo kudeaketa kolektiboaren finantzaketak bi iturri nagusi izango dituela iragar daiteke: kooperatibako bazkideen hasierako kapital ekarpenena eta kanpo finantzaketa.
Behin proiektua martxan dela bazkide-bizilagunen erabilera kuotak izango dira kanpo finantzatzea itzultzeko kaudimen bermea, eta eraikinaren mantenu beharretarako erabiliko dira.
Proiektuaren sustapena, bideragarritasun eta iraunkortasun ekonomikoa esfera etiko eta solidarioan kokatzen diren baliabide eta finantzabide iturriak kontuan hartuta jorratu nahi da.

8. Ebaluazioa


Ikusi eta ezagututako esperientzien arabera herritarrek sortutako ekimenak izateak berebiziko garrantzia hartzen du elkarbizitza proiektu bat garatzerako garaian. Instituzioen eginbeharra izango litzateke horrelako ekimenak indartu eta baliabideak eskaintzea.
Etxebizitza arloan aldaketak izan dira azken urteetan, batez ere krisiak eta turistifikazioak eragindako eremuetan, baina eredu berri eta kolektiboen aldeko apustua egitea ezinbestekoa da. Nahiz ekimen pribatuak izan, kooperatiboki kudeatutako proiektuak izanik, errepikagarria eta politika publikoetan txertatzeko modukoa da.