“Elikadura-sistemak iraunkortzen” topaketak antolatu zituen Udlbiltzak pasa den hilaren 28an Astran, Gernikan (Bizkaia) EHNE Bizkaiarekin elkarlanean.
Azaroaren 28an, elikadura burujabetzan diharduten eta interesa duten elkarte, kooperatiba, sindikatu, herrietako hautetsi eta herritarrek hitzordua zuten Gernikan (Bizkaia), Astra kultur espazio autogestionatuan. Euskal Herrriko hainbat txokotatik bertaratu ziren parte hartzaileak.
Goizean, antolatzaileen ongi etorriaren ondoren, EHNE Bizkaiako koodinatzaileak, Unzalu Salterain-ek gaur egungo elikadura sistema eta bere eraginak esplikatu zituen. Nabarmendu zuen elikadura dela trantsizio ekosozialerako giltzarrietako bat, eta hori denon artean, herritar eta eragile guztien artean eraman beharreko lana dela.
”Trantsizio hau herritarrekin egin behar dugu, kontsumoaren indar eraldatzailea biderkatu behar dugu. Herritarrengandik hurbilen dugun instituzioa udala denez gero, udalgintzak paper garrantzitsua jokatu behar du tokiko elikadura sistemen garapenean.
Untzalu SalterainEHNE Bizkaiako koordinatzailea
Ondoren, elikadura burujabetzari loturiko lau gai nagusien inguruan (elikadura mahaiak eta estrategiak, jantokiak, lan munduaren ekarpena eta ekoizpena eta kontsumo kooperatibak) hainbat lurraldetan matxan dauden proiektuak eta egitasmoak ezagutzeko aukera izan zuten bertaratuek. Honakoak izan ziren parte hartzaileak:
- Elikadura mahaiak eta estrategiak:
Hernaniko elikadura mahaia, Azpeitiako elikadura mahaia, Elikaguneaz arduratzen den Artxara kooperatiba eta Gasteizko Aleko nekazaritza test egitasmoaz arduratzen den Ama terra enpresa. - Jantokiak:
Gernikako Allende Salazar eskola publikoko jantokia, Baztango zahar etxea, eta Oiartzungo Urmendi haur eskolaren elikadura proiektua. - Lan munduaren ekarpena.
Bergarako Fagor Ederlan kooperatibako jantokiaren eraldaketa proiektua eta LAB eta ELA sindikatuak. - Ekoizpena eta kontsumo kooperatibak:
Lekorneko Garro etxaldea, Iparlab elkartea, Nafarroako Ekoalde elkartea eta Goierriko Bziola kooperatiba.
Ez dugu alternatiba izan nahi; sistema izan nahi dugu
Goiza bukatzeko, “elikadura eta elkartasuna” batzen dituen egitasmoa aurkeztu zen, elikadura gizarte segurantzaren adibidea, hain zuzen ere: Urruñako Elikartasuna proiektua.
Mezua argia izan zen egun osoan zehar, “amets” zehatza: alternatiba baino, sistema izatea.
Arratsaldean, “Elikadura sistemak iraunkortzeko bideak” mahai inguruan, lau eragilek parte hartu zuten: Etxalde taldeak, Mirua kooperatibak, Sakana Garapen agentziak eta Sorland komunikazio agentziak.
Denek bat egin zuten adierazteko elikadurari behar duen garrantzia eman behar zaiola, elikadura burujabetza autonomo bat eraiki behar dela eta horretarako ezinbestekoa dela saretzea, eta lurraldeetako eragileen artean koordinatzea sistemaren parte izango den Euskal Herri jasangarri bat eraikitzeko.
Horri lotuta, parte hartzaileei gonbidapena luzatu zaie datorren urtean elkarrekin lanketa bat eramateko, proposamen hoien inguruan hausnartu eta nola abiatu aztertzeko.