Burujabetza ezberdinak jorratuz lurralde burujabetza helburu lanean dabil azken urteetan Udalbiltza eta, iaz Hernani Burujaberekin batera egindako jardunaldien ondotik, aurten Oiartzun Burujabek hartu du erreleboa. Urriaren 17 eta 18an Burujabetzak jardunaldiak egingo dituzte elkarlanean Oiartzunen eta urriaren 19an oiartzuarrak herri itunarekin konprometitzera dei egin du Oiartzun Burujabek, egun osoko egitarau zabalarekin.
Ekimen guztiak doakoak eta irekiak izango dira baina ostegun eta ostiral goizeko ekimenetan parte hartzeko izena eman beharko da burujabetzak.jardunaldiak.eus atarian.
Herrigintza eta udalgintza eraldatzaile ikuspegitik jaiotako proiektuak ezagutzeko aukera izango da. Herri eskalako proiektuak aurkeztuko dira, burujabetza eta trantsizio ekosoziala, parte-hartzearen paradigma berriak edo udalgintzatik estatugintzarako jauzia nola egin, besteak beste.
Gaur Oiartzunen egindako aurkezpenean, parte hartu dute Haritz Alberdi Udalbiltzako lehendakariak eta Clara Rouget Udalbiltzako zuzendariak, eta Oiartzun Burujaberen ordezkari gisa, batetik, Olaia Lasa eta Agustin Lekuona Oiartzungo Udaleko zinegotziek eta, bestetik, Iker Sarriegi eta Naiara Retegi, burujabetzen alde lanean ari diren herritarrak.
“Oiartzunen badira urte batzuk burujabetza ezberdinak lantzen ari garela eta abiatu berri dugu Oiartzun Burujabe herri proiektua. Iaz Hernani Burujabek egin zituen jardunaldien ondotik, garrantzitsua ikusten genuen herrian bertan jardunaldiak antolatzea, bertan martxan dauden proiektuak ezagutarazi eta balioan jartzea eta, aldi berean, beste tokietan egiten ari direna ezagutu eta bertatik ikastea”, azaldu du Olaia Lasa zinegotziak.
Udalbiltzaren izenean, Haritz Alberdi lehendakariak adierazi du Udalbiltzaren erronketako bat dela “tokian-tokian egiten ari diren esperientzietan fokua ipintzea eta ahal dela laguntzea. Guk hor ekarpena egiteko helburua dugu: irtenbide batzuk bilatu eta eskalatu. Ikusten dugu herrietan, eskualdetan, proiektu berritzaile eta eraldatzaileak sortzen ari direla eta baliabideak jarri nahi ditugu horiek eskalatzeko”.
Jardunaldien lehenengo egunean, Oiartzun Burujabe esperientzia azalduko da hasteko eta, ondoren, Burujabetza esperientziak herri eskalan hitzaldia izango da: Olatukoopek Herri kooperatibak azalduko ditu eta Ixambre kooperatibak, Aragoiko Artiedako esperientzia kontatuko du. Jarraian, bisita gidatuak egingo dira Oiartzungo burujabetza esperientziak bertatik bertara ezagutzeko: Elika, Labore eta Arraztalo batetik, eta Uraren kudeaketa publikoa, bestetik.
Arratsaldean, burujabetzak eta trantsizio ekosoziala ardatz hartuta, Lluc Salellas Gironako alkateak bere hiriko deshazkunderako politika publikoak azalduko ditu eta Debagoiena 2030 proiektuko Elena Herrartek josten ari diren trantsizio ekosozialerako eskualde aliantzak azalduko ditu.
Ostiralean, hitzaldi batekin hasiko da goiza. Gobernu arkitektura berriak eta parte-hartzearen auzia txapelpean, Julen Mendozak gizarte berrikuntzarako politika publikoak azalduko ditu eta Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak partaidetzazko aurrekontuetatik lurralde burujabetzara izango du hizketagai. Ondoren, lan saio bat egingo da udalgintza burujabearen inguruan.
Arratsaldean, “Udalgintzatik estatugintzara” hitzaldia eskainiko dute Mireia Vehí CUPeko parlamentari ohiak eta Bertie Russel Bartzelonako unibertsitateko irakasleak.
Jardunaldiei amaiera emateko, Oiartzungo Burujabetzen Eguna ospatuko da larunbatean. Eguerdian, mahai sektorialetan egindakoaren azalpena eta aurrera begirako erronkak azaldu eta ondoren “Herri Ituna” eta argazki kolektiboa egingo dira. Ondotik, bazkari herrikoia egingo da bertako produktuekin. Arratsaldean, Yacovlev 42 eta Zurrounk herriko musika taldeen txanda izango da eta, gauean, Zea Mays taldearen kontzertuarekin emango zaio amaiera jardunaldiei.