Skip to main content

Herri berriak

Udalbiltzak ez ohiko Kontseilu Nagusia izan zuen pasa den ostiralean, hilak 7, Iturmendin. Bertan, aho batez onartu zen zazpi herriak Udalbiltzan sartzea, eta partzuergokideen zerrendara gehitu ziren Atxondo (Bizkaia), Azpeitia (Gipuzkoa), Bergara (Gipuzkoa), Iturmendi (Nafarroa), Lekeitio (Bizkaia) eta Lesaka (Nafarroa). Urtarrileko Kontseilu Nagusian beste 7 herri gehitu ziren Udalbiltzara, eta, beraz, 13 dira dagoeneko 2024an Partzuergora sartu diren kide berriak.

Ez ohiko Kontseilu Nagusia

Ez ohiko Kontseilu Nagusian, urteko administrazio-kontuak onartuta, beste hainbat gai ere jorratu ziren. Urtarrileko Batzar Orokorrean Udalbiltzaren norabide eta irudi berria aurkeztu ziren, eta ekaineko ez ohiko Kontseilu Nagusia baliatu zen partzuergokideei azken sei hilabeteotan egindakoa aurkezteko, urtarrilean ezarritako hiru zutabeei jarraiki: herri jasangarria lortzeko bidean, energiaren alorrean martxan dauden lanketak aurkeztu ziren, eta ekainaren 15ean Legorretan dugun hitzordua gogorarazi. Izan ere, “Energia komunitateak: harreman-sareak ehuntzen” topaketa antolatu du Udalbiltzak larunbaterako, eta gonbidapena irekia da bertaratu nahi duen ororentzat. Izena eman daiteke oraindik, hemen: https://labur.eus/energiatopaketa. Bigarren zutabea memoria duen herri euskalduna eta askotarikoa eraikitzea da, eta hor kokatzen da Geuretik Sortuak beka. Bigarren edizioaren azken txanpan izaki, edizioaren balorazio bat egiten ari da, eta hirugarren ediziora begirako prestakuntzak martxan dira dagoeneko. Hirugarren zutabeari dagokionez, herri zaintzailea eta hezitzailea eraikitzeko bidean, hezkuntzan egiten ari diren lanketak aurkeztu ziren. Gainera, Udalbiltzak antolatuko dituen bi udako ikastaroetan izena emateko gonbita ere zabaldu zen: “Retos y oportunidades de una Transición Energética Local” ikastaroa izango da ekainaren 20an eta 21ean Bilbon, Bizkaia aretoan. Bestalde, UEUko udako ikastaroen baitan, Iratzar Fundazioarekin elkarlanean, “Elkarrekin hobe? Euskal lurraldeen arteko artikulazioak hizpide” ikastaroa antolatu du Udalbiltzak Iruñean, Katakrak liburu-dendan, ekainaren 26an.