• Udalbiltzak, Emaginek eta aditu mahai batek sortutako Herri zaintzailea helburu. Eraldaketarako gakoak liburuxkan bildutako ideiak aurkezteko saioak egingo dira Euskal Herrian zehar.
• Argitalpena 2025eko azaroan aurkeztu zuten Donostian, zaintza sistemaren inguruan hausnartzeko antolatutako jardunaldi batean.
• Liburuxka paperean eskuratu ahal izango da herriz herriko saioetan; halaber, online formatuan eskura daiteke Udalbiltzaren webgunean.
Udalbiltzak, Emaginen eta aditu mahai baten laguntzaz, herrietan zaintza sistema eraldatzeko gakoak biltzen dituen liburuxka bat argitaratu zuen pasa den udazkenean. Herri zaintzailea helburu. Eraldaketarako gakoak izena du liburuxkak, eta bertan bildutakoak hausnartzeko jardunaldi bat antolatu zen azaroaren 7an, Miramon Teknologia Parkean (Donostia). Orain, liburuxka hori eta bertan bildutako hausnarketak Euskal Herriko txoko ezberdinetara zabaltzeko unea iritsi da; horretarako, hainbat saio egingo dituzte datozen hilabeteetan.
Liburuxkan bildutako ideiak eta edukiak aurkeztu eta osatzeko asmoz, herrialdez herrialde antolatu dira saioak; eta Udalbiltza eta Emagineko kideak izango dira bertan. Hauek arratsaldez izango dira, 18:00etan hasita, eta gehienez ordu eta erdiko luzera izango dute. Eduki nagusiak aurkezteaz gain, herrialde horietako eragile eta herritarren hausnarketak biltzeko baliatuko dira saioak.
Udaberrian, hego Euskal Herrian zehar, herrialde bakoitzean bi saio egiteko asmoa dute; Ipar Euskal Herrian, halaber, udara aldera gauzatuko dira. Lehena Bizkaian izango da, Abadiñoko Errota kultur etxean, martxoaren 26an, arratsaldeko 18:00etan.
Leitzan izango da hurrengoa, apirilaren 22an, eta hilaren 29an, Arratsaten. Maiatzean Gasteiz, Antsoain eta Ezkerraldera joateko asmoa azaldu dute; eta ekainean, bestetik, Kanpezun eta Hondarribian izango dira.
Zaintzan bide berriak zabaltzeko gakoak
Egun, ez du inork zalantzan jartzen errealitate soziodemografiko berri baten aurrean gaudela; eta horrek zaintzaren krisia modu nabarmenean areagotu dezakeela, baita Euskal Herrian ere. Horren aurrean, Udalbiltzako Batzorde Eragilean zaintzaren kontzeptua birdefinitzeko beharra ikusi zen iaz, eta eraldatzailea izan dadin zein oinarri izan behar dituen zehaztekoa.
Emaginekin elkarlanean diseinatu zuen prozesua eta, ahots anitzak behar zituztela ikusita, erronka berriei aurre egiteko aditu eta arituz osatutako mahai bat eratu zuen, honako partaideak izan dituena, besteak beste: eskuhartze komunitarioan lanean ari direnak, pertsonen zaintzaz hausnartzen dutenak, unibertsitateetako irakasleak, gizarte zerbitzuetako langileak, etxez etxeko langileak, sindikalgintzan ari direnak, edota pentsiodunak. Urtebeteko prozesuaren ostean, zaintza sistema birdefinitzeko gakoak eskaintzen dituen liburuxka hau sortu zen. Emagin arduratu zen liburuxkaren erredakzioaz.
Sistemaren trantsizio honetan lagungarri izan daitekeen marko bat zehazten du liburuxkak, bi ildo nagusitan bananduta: lehenak herri zaintzailearen marko orokorra definitzen du, ikuspegi teoriko bat emanez; eta bigarrenak, aldiz, eskuhartze posible baterantz joateko gidalerroak eta pausuak zehazten ditu. Azken hau lurrera ekartzeko, helburu zehatz batzuk eta horiek aurrera eramateko ekintza jakinak proposatzen dira.
Liburuxkaren aurkezpenean eta azaroaren 7an Donostian egindako jardunaldian adierazi zenez, bildutakoak proiektu zaintzaile posibleak abiatzeko gako batzuk dira; ez da inolaz ere bide baten helmuga, edo prozesu itxi bat.


