Skip to main content

Herri zaintzailea helburu. Eraldaketarako gakoak izeneko liburuxka sortu dute Udalbiltzak, Emaginek eta aditu mahai batek.

• Argitalpenean bildutako gakoak aurkeztu eta hausnartzeko jardunaldia antolatu dute azaroaren 7an Miramon Teknologia Parkeko eraikin nagusian.

• Liburuxka paperean nahiz online egongo da eskuragarri, jardunaldian eta Udalbiltzaren webgunean, interesa duen edozein udalerri, eragile edo norbanakorentzat.

Udalbiltzak, Emaginen eta aditu mahai baten laguntzaz, herrietan zaintza sistema eraldatzeko gakoak biltzen dituen liburuxka bat argitaratu du. Gaur bertan aurkeztu dute argitalpena Martin Ugalde Kultur Parkean, Herri zaintzailea helburu. Eraldaketarako gakoak izenpean; eta bertan bildutakoak hausnartzeko jardunaldi bat antolatuko dute azaroaren 7an, Miramon Teknologia Parkean (Donostia).
Aurkezpenean izan dira Udalbiltzako zuzendari Clara Rouget, Emagin elkarteko Ainara Santamaria eta Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta, Udalbiltzako Batzorde Eragilean Zaintza alorreko arduradun ere badena. Horiek, besteak beste, izan dira mahaia osatu eta urtebete luzez zaintza sistemaren inguruan hausnartzen ibili diren kideak; hausnarketa horien emaitza da liburuxka hau.
Udalbiltzako zuzendari Clara Rougetek ireki du prentsaurrekoa. “Egun, ez du inork zalantzan jartzen errealitate soziodemografiko berri baten aurrean gaudela; eta horrek zaintzaren krisia modu nabarmenean areagotu dezakeela”, azaldu du, Euskal Herria egoera horretatik salbu ez dagoela gehituz. Horren aurrean, Udalbiltzako Batzorde Eragilean zaintzaren kontzeptua birdefinitzeko beharra ikusi zen iaz, eta eraldatzailea izan dadin zein oinarri izan behar dituen zehaztekoa. Emaginekin elkarlanean diseinatu zuen prozesua eta, ahots anitzak behar zituztela ikusita, erronka berriei aurre egiteko aditu eta arituz osatutako mahai bat eratu zuen, honako partaideak izan dituena, besteak beste: eskuhartze komunitarioan lanean ari direnak, pertsonen zaintzaz hausnartzen dutenak, unibertsitateetako irakasleak, gizarte zerbitzuetako langileak, etxez etxeko langileak, sindikalgintzan ari direnak, edota pentsiodunak. Urtebeteko prozesuaren ostean, emaitza ukigarria da jada: zaintza sistema birdefinitzeko gakoak eskaintzen dituen liburuxka hau.
Emagin arduratu da liburuxkaren erredakzioaz. Agerraldian izandako Ainara Santamariak azaldu ditu argitalpen honen nondik norakoak. “Ezeren aurretik, argitu behar da bertan bildutakoak proiektu zaintzaile posibleak abiatzeko gako batzuk direla; ez da inolaz ere bide baten helmuga, edo prozesu itxi bat”, esan dute. Egungo zaintza erregimena bidegabea dela argudiatu dute, “batzuen esplotazioa baliatzen duelako horretarako”.
Hain zuzen, sistemaren trantsizio honetan lagungarri izan daitekeen marko bat zehazten du liburuxkak, bi ildo nagusitan bananduta: lehenak herri zaintzailearen marko orokorra definitzen du, ikuspegi teoriko bat emanez; eta bigarrenak, aldiz, eskuhartze posible baterantz joateko gidalerroak eta pausuak zehazten ditu. Azken hau lurrera ekartzeko, helburu zehatz batzuk eta horiek aurrera eramateko ekintza jakinak proposatzen dira.

Edukiak lurreratzeko jardunaldia

Liburuxkan bildutako ideiak eta edukiak behar bezala aurkeztu asmoz, jardunaldi bat antolatu dute eragileek azaroaren 7an. Solaberrietak eman ditu jardunaldi horren inguruko zertzeladak. Hitzordua Donostiako Miramon Teknologia parkeko eraikin nagusian izango da (Mikeletegi 53), eta goiz osoa hartuko du, 9:30etatik 15:00etara bitarte. Hitzaldi, mahai inguru eta lanketa kolektibo bitartez, herri zaintzailea eraikitzeko eskuhartze posibleak landuko dira egun horretan.
Jardunaldia irekia izango da gaian interesa duen ororentzat; gaurtik azaroaren 7ra bitarte, zabalik egongo da bertan parte hartzeko izen-emate inprimakia. Halaber, bertan liburuxka paperean eskuragatu ahal izango da. Ostera, 2026an zehar, Udalbiltzak zenbait ekitaldi antolatuko ditu Euskal Herriko geografian zehar, liburuxkan bildutako edukiak aurkeztu eta zabaltzeko..