Skip to main content

‘Herri zaintzailea helburu. Eraldaketarako gakoak’ izeneko liburuxka aitzakiatzat hartuz, zaintzaren burujabetzaz hausnartzea helburu zuen jardunaldi bat eskaini zuen Udalbiltzak pasa den ostiralean, Emaginekin eta beste hainbat ordezkarirekin batera, UEU Ikastaroen aterkipean.

Baionako Bernat Etxepare Lizeoan antolatutako jardunaldiak 25 partehartzaile jaso zituen, eta lau orduz luzatu zen egitaraua eskaini zuen. Ane Sarasuak, UEUren partetik, ikastaroari hasiera eman ostean, bi bloke nagusitan banandu zen jardunaldia: oinarri teorikoak eztabaidatu ziren lehenengoan; bigarrenak, bestalde, liburuxkak berak emandako adibide praktiko batzuk ezagutzeko aukera eskaini zuen, zenbait ordezkariren eskutik.

Udalbiltzako zuzendari Clara Rougetek eman zion hasiera oinarri teorikoen zatiari, liburuxkan bildutako ideia nagusiak azalduz. Ostean, gobernantza publiko-komunitarioan zentratutako elkarrizketa izan zuten Hernaniko alkate Xabier Lertxundik eta EHU Parte Hartuz ikertaldeko Andere Ormazabalek, Emagineko Miren Arangurenek gidatuta.

Jarrera totalitario eta indibidualistek indarra hartu duten testuinguru honetan, gobernantza publiko-komunitarioa ezinbestekoa dela ondorioztatu zen elkarrizketan, merkatuaren logikari izkin egiteko komunitatearekin eta komunitatearentzat lan egin behar dela azpimarratuz. Era berean, gobernantzak irekia eta erraztailea izan behar duela adostu zen, baita bi norabidetara egin beharko litzatekeela ere: erakunde publikoen logika burokratiko eta segmentatuei erreparatuz, eta komunitateari begira jarriz, honek ere rol aktiboa izan dezan.

Adibide arrakastatsuak, bertatik bertara

Atsedenaldi baten ondoren, liburuxkak bildutako adibide praktikoei eskaini zitzaien tartea. EVAH Adimen Urriko Helduendako Bizilekua elkarteko Ladix Arrosagaraik hartu zuen lehenbizi hitza, Ziburuko BAITA etxebizitza kolektiboaz hitz egfiteko. Ahalmen urriko 5 gazte bizi dira bertako apartamentuetan.

Euskal Herriko Laborantza Ganbarako ordezkari Patxi Iriartek, ondoren, aipatu erakundearen, Lurzaindiaren eta Lurramaren inguruan hitz egin zuen; lurraren, elikagaien eta horiek lantzen dituzten laborarien defentsan garatzen dituzten proiektuak azaltzeko. Pasaiako Udaletik etorritako Naiara Lasa Aranburu gizarte langilea eta Aintzane Taberna zinegotzia udalerriko gizarte zerbitzuetan egin duten eraldaketaz mintzatu ziren ostean. Azken urteetan, baliabide pertsonalak bikoiztu eta, zerbitzuen kudeaketa soila egitetik, pertsonan oinarritutako arretara aldatu dute euren jarduna.

Halaber, Aitor Lukas Hernaniko zinegotziak herrian martxan jarri zen auzozaintza zerbitzua aurkeztu zuen. Bakardade egoera ez hautatuan dauden adinekoentzako akonpainamendu zerbitzua eskaintzen dute, berriro ere komunitatearekin loturak egin ditzaten. Azkenik, LAGA mankomunitateko Junkal Otxotorenak eta Zaindu Leitzaldea elkarteko Xabier Barinagarrementeriak bi egitura horiek duten hitzarmenaren inguruan hitz egin zuten. Besteak beste, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua arratsalde eta asteburuetara zabaltzea lortu dute.

Jardunaldian eta Herri zaintzailea helburu. Eraldaketarako gakoak liburuxkan bildutako ideiak garatu asmoz, prozesuan buru-belarri aritu den Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkatea elkarrizketatu zuen UEUk. Hemen duzue irakugai.