Skip to main content

Udalbiltzak urteroko lehen ohiko Kontseilu Nagusia egin zuen pasa den ostiralean, martxoak 28, Larraungo udaletxean. Bertan hainbat partzuergokide bildu ziren Udalbiltzaren 2024ko aurrekontuaren likidazioa onartu, 2025rako lan-ildoen jarraipena ezagutu eta partzuergokide berriak onartzeko helburuz.

Larraungo alkate Mikel Uhartek ongi etorria egin ostean, tokiko esperientzia batzuen berri emanez hasi zen Kontseilu Nagusia: Zaindu Leitzaldea eta Ixkier Energia komunitatea. Ondoren, 2024ko azken Kontseilu Nagusiko akta onartu eta eguneko gai-zerrendarekin jarri ziren. Udalbiltzako idazkari Ainhoa Intxaurrandietak 2024ko Udalbiltzaren eta Garapen eta Kohesio fondoaren aurrekontuen likidazioaren berri eman zuen, eta honen onarpena bozkatu zen.
Jarraian, Partzuergoko lehendakari Haritz Alberdik eta zuzendari Clara Rougetek Udalbiltza egun garatzen ari den lan-ildoen segipenaren berri eman zuten. Herri hezitzailea eta zaintzailearen ildotik, besteak beste, tokiko zaintza arkitektura publiko komunitario eraldatzailea sortzeko hausnarketa kolektiboa egiten ari da, Herri Zaintzailea izenpean. Memoria duen herri euskalduna eta askotarikoaren lan ildoan, esaterako, Geuretik Sortuak kultur bekaren hirugarren edizioa abiatu berri da; 46 udalerri eta sortzaile barnebildu dituena.
Herri jasangarriaren lan-ildoaren baitan, itsas hondakin plastikoak prozesatzeko mugaz gaindiko propiektu bat abiatzekotan da Udalbiltza, Plastigarbi izenpean. Ahaztu gabe, lan ildo berean azken urteotan Energia komunitateen alorrean garatzen ari den bigarren mailako sarea, zeinak hainbat bilera egin dituen dagoeneko, aurrerapauso asko emanez. Amaitzeko, eta Herri jasangarriaren lan-ildoan baita ere, Gizartearen moneta aipatu beharko litzateke; Ipar Euskal Herriko tokiko monetaren proiektua hegoaldean txertatzeko helburua duena.
Larraungo udaletxean egindako Kontseilu Nagusi honen azken txanpan, Partzuergokide berri batzuk aurkeztu eta horien sarbidea bozkatu zen. Udalerri horiek Areatza (Bizkaia), Lagran (Araba) eta Mendexa (Bizkaia) dira; bakoitzetik ordezkari batek hartu zuen hitza.