Skip to main content

Udalbiltzak urteroko lehen ohiko Kontseilu Nagusia egin zuen pasa den ostiralean, martxoak 27, oraingo honetan Asteasun. Bertan 35 partzuergokide bildu ziren Udalbiltzaren 2025ko aurrekontuaren likidazioa onartu, 2026rako lan-ildoen jarraipena ezagutu eta zenbait proiektu berriren inguruko erabakiak bozkatzeko helburuz.

Tokiko esperientzia baten berri emanez hasi zen Kontseilu Nagusia: HerriBIZIgune Kooperatiba izan da aurtengoa. Ondoren, 2025ko azken Kontseilu Nagusiko akta eta iazko aurrekontuaren likidazioaren onarpena egin zen. Udalbiltzako idazkari Ainhoa Intxaurrandietak aurkeztu zituen Udalbiltzaren eta Euskal Garapen eta Kohesio fondoaren zenbakiak, horien bozka egin aurretik.
Jarraian, Partzuergoa egun garatzen ari den lan-ildo eta proiektuen jarraipenari ekin zitzaion. 2026. urtearen hasiera oso oparoa izan da Udalbiltzan; izan ere, aurretik garatzen joandako ildoen fruituak jasotzeko urtea izaten ari da hau. Herri Zaintzaile eta Hezitzailea ildoarekin hasi ziren; bertan, iazko azaroan aurkeztutako zaintza sistemak eraldatzeko liburuxkarekin egingo den birari buruz hitz egin zen. Udalbiltzak eta Emaginek lurraldez lurralde aurkeztuko dute liburuxka, 10etik gora aurkezpen antolatuz.
Herri jasangarriaren lan-ildoaren baitan, itsas hondakin plastikoak prozesatzeko mugaz gaindiko PLASTIGARBI proiektua aurkeztu zitzaien bertaratutako paretzuergokideei. POCTEFA dirulaguntza jaso duen egitasmo hau martxoaren 10ean aurkeztu zen, eta hiru urtez luzatuko da. Halaber, martxoan argia ikusitako beste proiektu garrantzitsu baten aurkezpena egin zen Kontseilu Nagusian: Ehnergia, Energia komunitateen bigarren mailako sarea. Bazkidetza kanpaina abiatzear da, eta bertan energia komunitateak, udalak edota norbanakoak izan daitezke partehartzaile.
Memoria duen Herri Euskalduna eta Askotarikoa lan-ildoaren baitan, hirugarren edizioa duen Geuretik Sortuak-en aurrerapausoak azaldu dira. Aurten, edizioaren bigarren urtea gauzatzen ari da, hau da, zirkuitu nazionalari dagokiona. Halaber, laugarren ediziorako erronken berri eman da: udaberri amaieran hasiko dira Udalbiltzako teknikariak Euskal Herriko udal ezberdinekin biltzen, eta egitasmoak aldaketaren bat edo beste izango du.
Asteasun egindako Kontseilu Nagusi honen azken txanpan, POCTEFA proiektuaren koordinaziorako lizitazio pleguen onarpena, eta Ehnergia kooperatibaren bazkidetzaren onarpena bozkatu ziren.